Olentzero bera pertsonaia mitologikotzat dute Komisiñukoek eta opariak banatzen dituen ikazkina baino gehiago dela uste dute. Horregatik azken urteetan euskal mitologiako hainbat pertsonaia ezagunen laguntza jaso du Euskal Herriko ikazkin maitatuenak.
Euskal sinismenekin lotura
Txoronpia eta Txoronpio urtero jaisten dira abenduaren 24ko goizean haurren gutunak jasotzera. Aurten laguntzaile berri bat egongo da, Hartza: "Euskaldunek Hartzaren inguruan sinesmen ugari zituzten. Esaterako, hura hiltzeak zorte txarra zekarrela; horregatik ehizatu behar zutenean hil aurretik otoitz moduko bat egiten zioten. Beharbada, sinismen garrantzitsuena zen uste izatea Hartza gizakiaren beraren arbasoa zela. Kondairetako baten emakume batek bularra ematen dio Hartz-kume bati, bere tartekoa balitz bezala. Beste elezahar baten arabera neska gazte bat Hartz batez haurdun geratzen da, eta umeak giza itxura hartu arren ikaragarrizko indarra dauka", jakinarazi du Komisiñuak. Halako istorioak Pirinio guztian zehar daudela diote: "Seguruenik, Hartza izango da animalia mitologiko inportanteenetako bat da euskal-akitaniar-pirinioar gizakiarendako".
Ume arrasatearrek abenduaren 24ko goizean ezagutuko dute pertsonaia berria. Gero, arratsaldean, helduko da Olentzero. Aurten, gainera, inoiz baino solidarioago dator, banatuko dituen gozokien erdiak bidezko merkataritzakoak izango dira-eta.
Ikuskizuna izan dute asteon
Bestalde, martitzenean Galtzagorriei to, Inaxito ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute Amaia antzokian Haur Hezkuntzako azken mailako zein Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek. Antzezlana ikusi zuten haurrek euskal mitologiaren "mundu magikoarekin" gozatzeko aukera izan zuten.