Zientzia Geologikoetan doktore Xabier Orue-Etxebarria izan da hizlaria. Azaldu du euskal labea duela 10 urte inguru aurkitu zutela eta ordutik horiek ikertzen dabiltzala. Bizkaia eta Gipuzkoa ia guztia aztertzen ibili da Orue-Etxebarria, eta Arrasate Zientzia Elkartekoekin harremanetan jarrita, Arrasaten ere aurkitu dituzte horrelako labeak.
Obiagan hiru euskal labe batera
Udalatx azpian, Obiagan, aurkitu dituzte hiru euskal labe. "300 labe baino gehiago ikusi ditut eta aurretik inoiz ikusi gabekoa ikusi dut Arrasaten; hiru labe batera aurkitu ditugu", azaldu du Orue-Etxebarriak.
Labe horiek noiz hasi ziren erabiltzen jakitea zaila dela esan du hizlariak: "Zaila da jakitea labe horiek noiz hasi ziren funtzionatzen. Dakiguna da hamargarren mendean dagoeneko bazeudela. Eta, hamargarren mendetik hamalau edo hamabosgarren mendera arte horrelako asko zeuden. Hala ere, hamahirugarren mendean gutxi gorabehera burdinola hidraulikak agertu ziren. Horiek gehiago ekoizten zuten, azkarragoak ziren eta ahalegin gutxiago behar zutenez, euskal labeak albo batera uzten hasi ziren".
Labeen erabilera
Labe horiek burdin minerala murrizteko erabiltzen zirela gaineratu du hizlariak: "Labera burdin minerala eta ikatza sartzen zituzten eta sua eman eta ordu batzuetara bi produktu ateratzen ziren: burdin oretsua, batetik, nekazaritzako piezak, eraikuntzakoak edo armak egiteko; eta bestetik, produktu likidoagoa ateratzen zen, zepa, eta hori zepategietara botatzen zen".