Santamasak 2014

Iñaki Perurena omenduko dute astelehenean, santamasetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 19a, 00:00

35 urtez jarraian jaietara etorri den Iñaki Perurena omenduko dute hilaren 22an, herri kiroletako proberan. Ez da hori aurtengo santamasei dagokienez, berritasun bakarra. Besteak beste, hilaren 27an, XVI. mendeko 'San Juan' itsasontzia izango da protagonista.

"Urteroko ezinbestekuei eutsi eta berritasunen bat eskaintzeko gogoz gatoz. Izengo da omenaldi umilen bat, kuadrillen arteko lehia sanoren bat, jarriko dotzau gure alie euskaldunon historia ezagutzeko balioko dauen itsasontzin baten eraikuntzai... Aitzaki gutxi etxerako...". Hitz horiekin definitu dituzte aurtengo berritasunak Santamas Komisiñuko kideek. Lehen aldiz antolatu dute kuadrillen arteko herri proba abenduaren 20rako; Biteri plazan izango da, 19:00etan.


Perurenari "omenaldi umila"

Bigarren nobedadea izango da 35 urtez santamas egunean Arrasatera etorri den Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohiari "omenaldi umila" egingo diotela, urteroko herri kirolen erakustaldiaren barruan. 13:00etan izango da, Zaldibarko frontoian. "Modu berezian" gogoratzen du Perurenak Arrasateko plaza: "22 urterekin badakit egon nintzela eta 56 urterekin ere bai, urte mordo bat pasa dira tartean. Oroitzen dut nola hasierako urteetan antolatzaileak Leitzara etortzen ziren nirekin eta Mikel Saralegirekin egotera jaialdia antolatzeko. Harreman berezia daukat antolatzaileekin, Arrasateko herriarekin eta santamasekin. Orain frontoian egiten da, baina lehen Herriko Plazan egiten zen", gogoratzen du leitzarrak. Abenduaren 22koa ez du uste omenaldi bat izango denik, 35 urteotako ibilbidea gogoratzeko "detailetxo" bat baizik: "Asko pozten nau, eskertzekoa da".


Aurten Perurenak ez du erakustaldirik egingo, behartuta utzi behar izan dio-eta harriak jasotzeari: "Artrosia dela-eta, mokorreko kartilagoa janda daukat, eta, seguruenik, protesi bat jarri beharko didate aurki. Pena handiarekin, baina utzi egin behar izan dut". Aurten beste modu batera biziko du santamas eguna: "Seguruenik, lehentxeago joango naiz eta emango dut buelta bat herritik. Aspaldiko garaiak gogoratzeko eguna izango da, nostalgiaz gogoratuko dudana".  


XVI. mendeko itsas industria

Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juan baleontzia eraikitzen ari dira, XVI. mendeko galeoi baten erreplika historikoa. Hango arotzak Arrasatera etorriko dira arrasatearren aurrean pieza bat eskuz lantzera, XVI. mendean egiten zen moduan, opaitzur eta esku-zerraz. Abenduaren 27an izango da, 10:00etatik 14:00etara, Seber Altube plazan: "Pieza bakarra landuko dugu, lau ordu direlako eta ez duelako gehiagorako denborarik ematen. Bi arotz arituko dira lau ordu horietan eta herritarren aurrean bere garaian egiten zen moduan egurra eskuz lantzen", adierazi du Albaolako Enara Novillok.
Ikuskizun horrek erakusketa bat izango du osagarri, eta, hain justu ere, ontzigintzaren, balea-ehizaren eta XVI. mendeko historiaren gaineko informazioa eskainiko dute: "Gure lana zertan datzan azalduko diegu edozein zalantza duten herritarrei, eta dendatxo bat ere jarriko dugu Albaolako askotariko produktuekin". Gonbidatu berezi bat ere ekarriko dute, gainera: Beothuk txalupa: "Ikusgai egongo da, baina jendea ezingo da igo. Hori bai, argazkiak ateratzeko aukera egongo da". Albaolak 2006an burututako Apaizac obeto espedizioaren protagonista izan zen Beothuk, San Laurendi ibaia eta Ternuako kostaldeak zeharkatu ziren txaluparekin. 1565ean, Red Bay-n, Kanadan, San Juan baleontziaren ondoan hondoratu zenaren erreplika da, ezagutzen den zaharrena. Jatorrizkoa Red Bay herrixkako Euskal Museoan dago egun. Hilaren 27ko goiza betea dator, beraz: "Beste herri batzuetan egon gara eta jende asko gerturatu ohi da; jendeak galdetzen du proiektuaren gainean".
Horrenbestez, Seber Altube plazan ikusiko dena San Juan baleontziaren eraikitze lanen zati bat izango da, Pasaian egiten duten "lan handiaren" zati txiki bat: "Baleontziaren historia nabarmenduko nuke, bereziki. San Juan baleontzia berreskuratzearekin, XVI. mendeko gure itsasoko industria berreskuratzen dugu. Hori ezagutaraztera gatoz, jende askok ez daki-eta esparru horretan euskaldunok aitzindari izan ginela", ekarri du gogora Enara Novillok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak