Yolanda Iglesias: "Geratu egin behar dugu eta pentsatzen jarri zergatik pasatzen ari zaizkigun gauzok"

Julen Iriondo 2014ko abe. 16a, 12:00
Yolanda Iglesias.

Buru gaixotasunen bat duten pertsonen eta horien senideen Gipuzkoako elkartea da Agifes, eta bertako psikologoa Yolanda Iglesias. Antsietatea "beldurraren adierazpen emozionala" dela azaldu zuen Arrasaten.

Antsietateari buruz ari garenean antsietate patologikoari buruz jardun ohi dugu, ezta? Ze, normala denok dugu eta gainera ona da; baina patologikoa ere esan dezakegu, kakotx artean, mesedegarri dela, gure barruan zerbait ondo ez doala adierazten digulako?

Kontua da sufrimendu maila. Ez da ona sufritzea, antsietate hori kontrolatzeko gai ez garenean gertatzen dena, nolabait. Antsietatea ona da adierazten digulako mehatxu bat dugula, eta neurriren bat hartu behar dugula. Mehatxu horri duena baino kategoria handiagoa ematen diogunean, edo ez dakigunean zergatik gauden tentsioan edo beldurrez, irits daiteke arazo bilakatzera. Eta, kasu batzuetan, antsietate hori duena nahikotxo desgaitzea eragin dezake. Antsietateak, batez ere, eragiten duena da kontrol-galtze sentsazioa, gertatzen zaizkizun gauzen kontra ezin duzula egin sentitzea. Beraz, eraginkortasun ezaren sentsazioa sortarazi dezake. Antsietate patologikoa dela esaten dugu maila jakin batzuk gainditzen dituenean eta pertsonaren eguneroko funtzionamenduari eragiten dionean. Pertsona batzuen kasuan, antsietatearen ondorio fisikoak handiak izaten dira, eta izan ditzakete kolitis ultzerosoak, dermatitisa... Eta horiek eragin diezaiekete euren arlo pertsonalari eta lan arloari. Kasu hauetan hitz egiten dugu antsietate patologikoari buruz, eta gainera, normalean, egoten dira lotuta beste antsietate patologia batzuekin edo beste era bateko trastornoekin, adibidez depresioarekin.

Esan duzun gauzetako batera itzuliz, beti ez dago, beraz, uneko gauza konkretu bat antsietatea eragiten duena; antsietatea agertzea lotuta egongo da pertsonaren izaerarekin, arazoei aurre egiteko duen moduarekin, ezta? 

Antsietatea da beldurraren adierazpen emozionala, nolabait. Eta, bai, agian egoera batek ez dizu une jakin batean antsietaterik eragiten, baina agertzen zaizu aurrerago. Batzuetan izan dezakezu antsietatea, eta ez dakizu zergatik, ez zara arrazoiak identifikatzeko gai. Agorafobia izan dezakegu, egoera berriei beldurra; edo paniko atakeak, pilatutako antsietatearen ondorioz. Baina bai, batzuetan oso argia da zerk eragiten duen antsietatea, eta beste batzuetan ez. Minaren adibidea jarri ohi dut: minak adierazten digu zerbait gertatzen ari zaigula; eta min dugunean ez gara hainbeste min horretan zentratzen, baizik eta gure kezka izaten da ze gaixotasun izan daitekeen min hori eragiten diguna. Antsietatea ere horrela ikusi behar dugu. Antsietatearen sintometan bakarrik jartzen badugu fokua, ez dugu ikusten antsietatea esaten ari zaigula zerbait ari zaigula gertatzen; geratu egin behar dugu eta pentsatzen jarri zergatik pasatzen ari zaizkigun gauzok, zergatik orain eta zergatik ezin dugun kontrolatu.

Gaindi daiteke antsietatea arazoaren muinera jo gabe? 

Tratatu gaitezke; une batean medikazio beharra izan dezakegu, antsiolitikoen beharra. Eta psikoterapia bat ere has daiteke; saiatu ikasten zergatik ari zaigun gertatzen, eta nola bizi gaitezkeen antsietatearekin, aipatutako desgaitze maila horretara iritsi gabe. Aukeraketa pertsonala da; nik uste, bien arteko konbinazioa dela egokiena, kasu batzuetan behintzat. Baina beti da ona jakitea zergatik ari zaizkizun gauzak gertatzen, bati zergatik eragiten dioten ohikoak izan daitezkeen gauzek, edo zergatik orain bai eta lehen ez. Sarri egoten da lotuta bakoitzaren pentsamenduarekin eta norberari buruzko ideiarekin. 

Sintomei aurre egiteko aipatzen zenituen yoga, erlaxazioa...  

Adierazpen fisikoak dituenez, tentsioa kanporatzeko modu onak dira erlaxazio ariketak, yoga, kirola egitea... Kontua da norbere burua zaintzen hastea; pentsatu beharrean ezin dugula kontrolatu, neurriak hartzea. Aipatutakoekin tentsioa kanporatzen duzu, adrenalina kanporatzen duzu, oso ondo dator. Honek guztiak, gainera, serotonina sortzea dakar; zoriontasunaren hormona deitzen zaio, eta, beraz, ez dugu bakarrik tentsioa kanporatzen, baizik eta hobeto sentiarazten gaitu. Elikadura ona ere garrantzitsua da: "Zerbait gertatzen ari zait, zaindu egingo naiz". Elikadura ona, lo erritmo ona; eta, horrekin batera, zalantzan jartzen hasi datozkizun pentsamenduak, mehatxuaren esajerazio batean oinarrituta egon daitezkeelako. Baina antsietatetik irten egiten da; bakarrik ezin bada, laguntzarekin.

Aipatzen zenuen papera eta arkatza erabili beharra. 

Bai, ze hasten bagara jasotzen ze unetan jartzen garen urduri, ze pentsamendu izan ditugun une horietan, zer gertatu zaigun aurretik eta ondoren, has gaitezke informazioa lortzen. Antsietatearen kontrako gauza onena da informazio ona. Eta agian hasiko gara gauzak elkarri lotzen: testuinguru jakinetan gertatzen zaigula, gauza jakinetan pentsatzen dugunean... Berreskuratu behar da kontrol sentsazioa, zugatik zerbait egiteko aukera duzun sentsazioa. Agian ez zara ohartu urduri jarri aurretik pentsamendu bat izan duzula, egoera berrien aurrean gertatzen zaizula, edo urduri jartzean dituzun ondorio aurreikuspen txarrak ez direla gero betetzen. Arkatza eta papera, beraz, baliagarriak dira.

Horrelako prozesu batetik pasatzeak norbere burua hobeto ezagutzen lagunduko du, ezta? 

Bizitzan ez dago eskola hoberik esperientziak, norbere akatsak, arazoak baino. Esaten den bezala, hiltzen ez zaituenak indartsuago egiten zaitu. Ez dut esan nahi positiboa denik antsietate prozesu batetik pasatzea, baina da bizitzako beste esperientzia bat, eta onartu behar da bizitzan dena ez dela zoriontasuna. Bizitzaren parte da egoera zail batzuk izatea; onena ez da halakorik gerta ez dakigula, baizik eta jakitea halakorik gertatzen bazaigu gai izango garela aurre egiteko. Hori da, benetan, buru osasun on bat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak