Iaz bizitako poza errepikatzeko gogoz

Irati Goitia 2014ko abe. 13a, 00:00

Jose Mari Garai, San Andres auzoko 2. administrazioan.

62.246. Horixe izan zen iaz hainbatengan poza, negarra, ilusioa... eragin zituen zenbakia. San Andres auzoko Araba etorbideko 2. administrazioan saldu zuten Gabonetako loteriaren sari nagusia, eta ia 180 milioi euro utzi zituen Arrasaten. Dezimo bakoitzeko 400.000 euro –zerga ezarrita 320.000 inguru–. Hala, Gabonetako Loteriak 2013a irauli du Arrasaten titularra eraman zuen abenduaren 23an kaleratu zen asteleheneko Goiena paperekoak.

Saria eman izanaren zortea 

Urtebete geroago, irribarrez egiten du berba Jose Mari Garaik, bigarren administrazio horretako arduradunak, santamas egun hartaz. "Aurten jendea ilusioz etorri da dezimoa erostera. Iaz zorioneko izan zirenak pozik etorri dira, berriro errepikatuko den desiraz. Zorterik izan ez zutenak, aurten sariren bat lortzeko esperantzaz", dio. 

Ehun zenbaki ezberdin baino gehiago izan ditu Garaik administrazioan. Beraz, izan da non aukeratu. Gehien eskatzen diren zenbakiak amaiera bakoitia dutenak direla zehaztu du –hiruan, bostean edo zazpian bukatutakoak, esaterako–. "Jendeak batuketak ere egin ohi ditu. Dezimoko zenbaki guztiak batu eta ea emaitza gustatzen zaien ikusteko", esan du. Iazko zenbakia eskatu duenik ere izan da: "Badirudi administrazioren batek edo batzuek zenbaki hori eskatu zutela urte osorako. Beraz, guk eskaria egin genuenerako, ez zegoen eskuragarri. Hala ere, ez genuen berebiziko irrikarik zenbaki bera eskatzeko. Izan ere, pentsatzen genuen zenbaki bera bi bider tokatzea kasualitate handiegia izango litzatekeela. Eskaria, baina, egin genuen; izan ere, Fagorrekoek zenbaki hori eraman dute azken urteetan, eta haiengatik eskatu genuen. Aurten, ezin izan dute lortu. Espero dugu aurtengoa irtetea". 

Urte ona izan dute administrazioan, Gabonetarako salmentek gora egin dute: "Guretako hori loteria tokatzea bezala da. Gabonetako sarirako jendeak asko jokatzen du. Turroia bezain tradizionala da Gabonetako zozketa". Kanpotik ere jaso dituzte eskaerak: "Inguruko herrietatik etorri dira eta posta bidez ere asko ari gara bidaltzen: Sevillara, Kataluniara, Galiziara...".  Uztailean jasotzen dute loteria administrazioek, baina uda sasoian oso gutxi saltzen dela dio, azaroan saltzen da gehien: "Abenduan, berriz, jendea ez dituen amaieren bila ibiltzen da".

Iazko zenbakia ezin erosi

Fagor Arrasateko langileak izan ziren zortedunetako batzuk. Garaik aipatu bezala, azken urteetan zenbaki bera erosten zuten langileek: 62.246. Askok gogoan izango dute bizi osorako. Aurten, baina, ezin izan dute bera erosi. "Beste administrazioek hartuta zutenez, beste bat aukeratu dugu", azaldu du Joxerra Petriñasek, Fagorreko langileak. Gaineratu du aurten dezimoa erosteko uneak "zoramena edo ilusio berezia" eragin duela lantegian. "Hainbat aukeratutako zenbaki gabe geratu ziren seriea agortu zelako    –nor bere kontura joaten da San Andresko administraziora erostera–; bada, Internetez begiratu zuten non zegoen zenbaki bera salgai eta hainbat dezimo ekarri dituzte Madrildik. Badaezpada, guztiok berdina izan dezagun".

"Lasaitasuna" ekarri zuen 

Saritu gehienek bizitza ez zaiela aldatu diote, baina sariak lasaitasuna ekarri diela. "Bizitza, egunerokotasunari dagokionez, ez da aldatu. Aprobetxatu dugu autoa erosteko, baina ez beste ezertarako. Etorkizunerako hor dugu babesa, ordea", dio Petriñasek. Ildo beretik mintzatu da Jon Lizaur ere: "Beste lasaitasun batekin gabiltza. Nik uste dut tailerrean denok gabiltzala lasaiago. Baina egunerokoa ez dut uste asko aldatu denik. Ni ez naiz estra larregi egitekoa eta uste dut ingurukoek ere ez dutela egin. Ez dut lekuz kanpoko ezer ikusi". Loli Mayoral izan zen beste sarituetako bat: "Tokatu zenean burrunba sortu zen, baina urtebetera denak berdin jarraitzen duela esango nuke. Jendeak dio: 'Zuei loteria tokatu zitzaizuen!', baina berdin jarraitzen dugu bizimoduaz. Noski, bada laguntza bat". Zorrak ordaintzeko erabili du dirua Pedro Arizmendiarrietak: "Tabernako eta etxeko zuloak kendu ditugu, baina berdin-berdin jarraitzen dugu lanean. Bidaiatxoren bat egin dugu, baina gauza handirik ez". Jon Otxoak zera esan du: "Orain gusturago egiten dut lo hipoteka eta kamioiaren letra ordainduta".

Berriz tokatuko den ilusioa 

"Sekula ez naiz izan loteria erostekoa. Iaz ere bakarra nuen, tailerrekoa. Baina aurten sekula baino gehiago erosi dut. Iaz ikusi genuen tokatzea posible dela, ez dela ezinezkoa...", esan du Lizaurrek. Arizmendiarrietak ere erosi du: "Nik loteriara astero-astero jokatzen dut eta Gabonetakoa ere erosi dut. Berriz tokatuko zaizun ilusioa ez da galtzen, bestela ez genuke-eta erosiko". Jon Otxoak ere baditu batzuk: "Bi bider tokatzea ezinezko misioa izango da, baina ilusioa ez da galtzen". Hilaren 22ra arte itxaron behar ea zortea errepikatzen den jakiteko.

----------

Datuak

-Iazko Gabonetako zozketako 11,5 milioi ez dira kobratu.

-Gutxien irten den azken zenbakia 1a izan da (zortzi bider atera da).

-Orain arte bi zenbaki errepikatu dira: 15.640a 1956an eta 1978an irten zen; eta 20.297a 1903an eta 2006an.

-Lehen sarian gehien errepikatu den azken zenbakia 5a izan da (32 bider). Bigarren tokian, berdinduta, daude 4a eta 6a (26 bider bakoitza).

-Sari nagusiaren azken hiru zenbakiak berdinak izan dira lau aldiz (25.444, 25.888, 35.999 eta 55.666).

-Gabonetako loteriako sariak iraungi egiten dira hiru hilabetera.

(Iturria: WWW.LOTERIANAVIDAD.COM)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak