Lezetxikiko humeroa da Europako giza aztarna antzinakoenetakoa

Jon Berezibar 2014ko abe. 10a, 16:58

Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Concepcion de la Rua EHUko antropologia katedraduna eta Jesus Altuna kobazuloa aurkitu zuena duela 50 urte.

164.000 urte ditu, gutxienez, Lezetxikiko humero ezagunak. Hasierako hipotesiak gainditu ditu gaur aurkeztutako datazioaren emaitzak, antzinatasunari dagokionez, eta ikerketaren arduradunek azaldu dutenez, Europako dozena erdi giza aztarna zaharrenen artean aurkitzen da Arrasatekoa. DNA azterketa egingo diote jarraian humeroari, zein espezieri dagokion zehazteko. [BIDEOA]

Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak Lezetxikin 1964an aurkitu zuten giza humeroaren datazioaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur: 164.000 urteko antzinatasuna luke, gutxienez. Horrek Neardenthalena baino lehenagoko espezie batena dela ezartzen du eta Europan aintzinatasun hori duten dozena erdi hezur besterik ez dagoela azaldu dute Goaz zentroan gaur Donostian egin dute prentsa-aurrekoan. Horrekin batera, azterketa morfometrikoetan ikusi dute Erdi Pleistozenoko giza fosilekin kidetasun handia duela Lezetxikiko humeroak, Atapuercako (Espainiako) aztarnekin pare kokatuz.

Luze jo du datazioak, antza, metodo egokiarekin ez baitzuten asmatzen. Australian, uranioaren serieen bidez egin diote azkenean eta, horri esker, hezurrak hasierako hipotesian baino antzinatasun handiagoa duela argitu ahal izan dute.

Emaitza horiekin azterketen lehen fasea besterik ez ei dute egin. Orain DNAren azterketa dator eta hortik jakin ahal izango dute gizonezko ala emakumezko batena – hala uste dute – ote zen. Jesus Altuna eta Concepcion de la Rua antropologia katedradunak eman dituzte azalpenak eta argitu dutenez, DNA egon badago aztarnetan eta genoma egoki sekuentziatzea lortzen badute, zehaztuko dute dagokion giza espeziea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak