Maitane Montiel: "Aterpea emateaz gain, euren egoera hobetzen laguntzen diegu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 9a, 09:00
Maitane Montiel bere lantokian, Txaeta kaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan.

Gizarte ekimenean esperientzia handia dauka Maitane Montielek (Arrasate, 1987), adimen urritasuneko pertsonekin, haur eta gazteekin eta ijitoekin modu boluntarioan lan egindakoa baita: "Betidanik argi izan dut besteak laguntzen egin behar nuela lana, horrek betetzen nauela". Neguko aterpetxeaz arduratzen da egun; Txaeta kaleko Gizarte Zerbitzuen bulego berrietan harrapatu dugu.

Zer da neguko aterpetxea?

Neguko aterpetxea etxerik gabeko pertsonei negua pasatzera bideratutako zerbitzua da. Baina aterpea eskaintzeaz gain, beste baliabideetara sarrera erraztu, eta prest agertzen direnei bizi duten egoera pertsonala hobetzera bideratzeko beharrezkoa den interbentzioa ere eskaintzen dugu. 15 egun egoteko baimena eman ohi da, eta baimen txartelak asteka funtzionatzen du. Hau da, nik zazpi egunetarako ematen diet sarrera eta aste hori pasatzen denean, berriz ere elkartzen naiz haiekin egonaldia luzatu edo ez baloratzeko. Erabiltzaileek eskaera berriz egiteko beste 15 egun itxaron beharko dute. 

Nori dago zuzenduta bereziki?

Zerbitzuaren onuradun etxerik ez duen edonor izan daiteke. Arrasaten erroldatuta dauden pertsonek lehentasuna izango badute ere, hemen erroldatu gabeko pertsonak ere onuradun izan daitezke. Aterpetxea 20:00etan zabaltzen da eta 09:00etan itxi. Astelehenetik domekara dago zabalik. 

Nolakoa da aterpetxea? Zenbat lagunendako lekua dago?

Aterpetxeak 16 pertsonendako lekua dauka, bi logeletan banatuta. Komuna eta sukaldea ditu erabilgarri, eta baita garbigailua zein lehorgailua ere; erabiltzaileek euren arropak garbitzeko aukera dute. Aterpetxea guztien artean garbitzen dute aurrez adostutako egun baten, izan ere, garbi mantentzearen ideia azpimarratzen diet. Garbiketarako eta higiene pertsonalerako behar dituzten produktuak eta tresnak ematen zaizkie. Gainera, goizean gosari zerbitzua ere badago.

Zein da aterpetxeko protokoloa?

Erabiltzaile bakoitzarekin elkarrizketa bat egiten da, aterpetxearen arauen inguruan informazioa eman, bere egoera pertsonalaren inguruan hainbat datu jaso eta sarrera baimena emateko. Hau guztia, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan egiten da harrera ordutegian eta nik egiten diet elkarrizketa hori. Aldiz, harrera ordutegitik kanpo, udaltzaingoan egiten dute eskaria. 

Lo egiteko tokirik balego, baimena ematen zaie eta hurrengo egunean nirekin egoteko esaten zaie. Esandako moduan, Gizarte Zerbitzuetara edo Udaltzaingora jo behar dute aterpetxea erabili gura dutenek.

Caritasek laguntzen du aurten?

Bai, aurten jantoki sozialarekin, arropa lortzen eta errezetekin laguntzen dute. Kudeatzen dituzten beste baliabideak erabiltzeko ere aukera badago, baina kasu bakoitza aurrez aztertu behar da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak