Fernando Zufiria: "Gazteen artean zaletasuna bultzatzea betidanik izan da gure helburua"

Maialen Torres 2014ko abe. 5a, 12:21

Abenduaren 14an izango da santamasetako krosa, eta aurten ere lanez lepo ibiliko da Fernando Zufiria, antolakuntza lanetan diharduen atletismo entrenatzaile arrasatearra.

Zuretzat zer da santamasetako krosa?

Lan mordoa! Izan ere, guk ez daukagu babeslerik, AUKEAk ematen digu laguntza, baina geure kabuz egin behar dugu dena. Gainera, saritxoak ere izaten dira, eta, horregatik, hirugarren urtez, 5 euro kobratuko ditugu parte hartzeagatik, parra egitera iristeko, behintzat.

Lan horrek, ordea, badu ordaina, ezta?

Bai, egun polita izaten da. Jende asko gerturatzen da, bai parte hartzera, baita ikustera ere, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Hala ere, eguna iristerako dena prest izateko eta krosa ondo joan dadin, jende asko behar da, bai bidegurutzeetan, bai klasifikazioa prestatzen... Eskerrak egunean bertan jendea laguntzeko prest izaten den. Antolaketan, berriz, atletak eta atletak izandakoak ibiltzen gara, gehienbat.

Duela urte batzuetatik hona, gauzak asko aldatu dira?

Gu hasi ginenean ehun parte hartzailera ere ez zen iristen santamasetako krosa, eta orain ia bikoiztu egin dugu korrikalari kopurua. Horrez gain, lehen krosean parte hartzen zuten neskak esku bakarrarekin konta zitezkeen, eta orain askoz gehiago gerturatzen dira. Horrek asko esan nahi du.

Herritarren artean badu arrakastarik ekimenak?

Kanpotik ere etortzen da jendea, baina ni pozten nauena da herritarrek parte hartzea, gero eta gehiago animatzen direlako. Gainera, normalean, etortzen denak errepikatu egiten du, eta hori garrantzitsua da.

Betiko formatuarekin jarraitzeko asmoa duzue?

Lau buelta bakarrik direnez, eta lasterketa azkarra denez, bagenuen asmoa krosa pixka bat luzatzeko, baina jendeari galdetu eta hainbat iritzi entzun ostean, erabaki dugu bere horretan uztea, beti izan den moduan mantentzea. Izan ere, santamasetakoa edonoren eskura dagoen lasterketa da, edonor pozik aritzeko moduko distantziak direlako. Gainera, luzera hori korrika egiteak ez du prestakuntza handirik eskatzen, eta horregatik hartzen du parte jende askok.

Anekdotarik baduzu kontatzeko?

Denetik egon izan da, baina pozik esan dezakedana da orain arte ez dugula arazorik izan, sekula ez, eta hori da azpimarragarriena. Oso kirol noblea da.

Eguraldiarekin arduratuta zaudete?

Adi gaude, noski. Izan ere, beti egoten da koldarren bat, baina ausartak ere bai. Normalean, atletismoan aritzera ohituta dagoena ez du euriak gelditzen.

Nolakoa da harrobia?

Badaude, adibidez, oso maila onean dabiltzan pertika jauzilariak, eta kadete on batzuk ere baditugu. Infantilak, alebinak eta benjaminak ere badoaz poliki-poliki, eta ea gora iristen diren. Egia esan, gazte arrasatearren artean bada zaletasuna, eta aurten, gure harridurarako, 30 neska-mutiko inguruk eman dute izena. Poztekoa da hori; izan ere, gazteen artean zaletasuna bultzatzea betidanik izan da gure helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak