Saiolan zentroaren ustezko fusioa eztabaidagai Arrasateko osoko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 3a, 17:55

Abenduko ohiko osoko bilkuraren barruan Saiolan enpresa eta berrikuntza zentroaren etorkizuna izan dute berbagai, besteak beste. Sozialistek eskatu dute, mozio bidez, ustez Saiolan zentroaren eta Bic Gipuzkoa Berrilan enpresa publikoaren artean ematekoa den fusioa galaraztea; mozioak ez du aurrera egin Bilduk eta Aralarrek kontra bozkatu dutelako eta EAJ abstenitu egin delako. Era berean, Ibai-Arte merkataritza elkarteak turismo joera handien gainean aurkeztutako mozioak aurrera egin du: Bildu eta Aralarrek (9) eta PSE-EEk (4) alde bozkatu dute eta EAJk (4), berriz, kontra. 

Sozialistendako Saiolaneko proiektua "oso garrantzitsua" da Arrasaterendako: "Horregatik erabaki politiko irmo bat behar dugu Udalean etorkizunean etor daitekeen fusioa eta deslokalizazioa ez dadin eman", adierazi du PSE-EEko bozeramaile Aritz Arrietak. 

Udal Gobernuaren eta EAJren arabera, "goizegi" gaia lantzeko

Udal Gobernuak –Bilduk eta Aralarrek osatzen dute– kontra bozkatu du; ez fusioaren alde daudelako, baizik eta Saiolan barneratuta dagoen "hausnarketa prozesuan" ez dutelako eragin nahi eta, diotenez, "goizegi" delako gaiaren gainean iritzi bat emateko: "Saiolan bezalako beste ekimen batzuk daude Gipuzkoan, eta ireki dute prozesu bat komunean dituzten ezaugarriak zeintzuk diren aztertu eta sinergiak aprobetxatzeko. Hausnarketa prozesu horretan gaude orain eta egia da proposamen batzuk badaudela mahai gainean; horietako bat da fusioarena. Baina uste dugu goiz dela oraingoz aldeko edo kontrako jarrera bat erakusteko", adierazi du Udal Gobernuko bozeramaile Maider Morrasek. 

EAJ abstenitu egin da, fusioarena "agertoki posibletako bat" dela eta oraindik "goizegi" dela argudiatuz: "Gogoeta estrategiko baten barruan daude, eta kide guztiek onartutako hausnarketa prozesu bat izan da. Guri heldu zaigun informazioaren arabera, zortzi agertoki posibletatik bitan bakarrik proposatu da fusioarena. Horregatik iruditzen zaigu oraindik ez dela garaia mozio bat aurkezteko", uste du Maria Ubarretxena zinegotziak. Beraz, mozioak ez du aurrera egin. 

Turismo joera handiko legearen aurka

Bestalde, Ibai-Artek proposatutako mozioak aurrera egin du. Merkatarien arabera, 7/1994 merkataritza aktibitatearen buruzko legearen aldaketa Eusko Jaurlaritzako merkataritza konpetentzien "inbasioa" da eta komertzio txikiei kalte egiten die "zuzen-zuzenean". Aldaketa horren aurka agertu dira Bildu eta Aralar eta sozialistak. EAJk, ordea, kontra bozkatu du merkatarien bi eskaerak "bidean" daudelako Jaurlaritzan eta Legebiltzarrean. Hala, mozioa onartu egin da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak