Ainara Udaondo: "Fagor Etxetresnen legatua izan daiteke kooperatibismo sendoagoa"

Irati Goitia 2014ko abe. 3a, 12:00
Ainara Udaondo, Lankik Aretxabaletan duen egoitzaren kanpoaldean.

Jose Maria Arizmendiarrietaren heriotzaren 38. urteurrenaren aitzakian, Arrasate eta Bergarako artzapezgoak antolatuta, hitzaldia egin zuten Ainara Udaondok, Lankiko zuzendariak, eta Pako Garmendiak, Soziologia katedradunak Deustuko Unibertsitatean.

Nola ikusten da Arizmendiarrietararen pentsamendua egungo begiradarekin?

50 urte pasa badira ere, eta testuingurua aldatu bada ere, Arizmendiarrietaren pentsamenduak gaurkotasun handia dauka. Gainra, uste dut hor daudela etorkizuneko kooperatibismoa pentsatzen jarraitzeko oso pista interesgarriak.  Azkenean, Arizmendiarrietak mahai gainean jartzen duen ideia nagusia da auto-eraketarena edo auto-antolaketarena. Pertsona kooperatiboago eta helduago bat. Hor badaude gaurkotasun handiko hainbat eta hainbat balore eta ideia.  

Zein izan da kooperatibismoak egin duen ekarpenik garrantzitsuena?

Ekonomia egiteko molde gizatiar bat bultzatu nahi izan du eta enpresa eredu alternatiboak inspiratzeko balio izan du. Hein batean, enpresa efikazia eta baloreak uztartzeko saiakera egin du. Hori oso ekarpen garrantzitsua izan da. Bi horien arteko oreka lortzea oso zaila da, hori nabarmena da, baina artikulazio hori praktikara ekartzen saiatzea ekarpen handia dela uste dut. Kooperatibismoaren ezaugarri garrantzitsuena da izaera demokratikodun erakundeak direla, demokrazia ekarri dutela enpresaren mundura. Beste ekarpen bat izan da esperientzia kooperatibo honek egin duela ahalegin berezi bat baloreak praktikan jartzeko. Zentzu horretan hemen egon da horrelako ia obsesio bat balore konkretuak –elkartasuna, parte-hartzea, gizarte eraldaketa...– praktikara ekartzeko. Horren adibide garbia izango litzateke interkooperazioa. Elkartasunaren praktika konkretua da eta bere mekanismo zehatzak garatu ditu.  Gainera, garapen maila handia izan du. 

Fagor Etxetresnen krisiaren harira, zalantzan jarri da interkooperazio edo sare hori?

Egia da Fagor Etxetresnetako gertakariak korapilo eta galdera berriak ireki dituela, eta askok zalantzan jarri dutela eredua. Ea gai garen gertatu denetik ikasi eta kooperatibismo sendoago bat ernetzeko. Ea dagokien instituzioek hausnarketa serio eta sakon bat egiten duten. Hala ere, interkooperazioaren gaian egon da izugarrizko sormena. Izan ere, hasten zara arakatzen ze mekanismo garatu izan diren historikoki eta... Zentzu horretan esperientzia kooperatibo hau erreferentziala da mundu mailan ziurrenik, izan duelako interkooperazio garapen oso garrantzitsua. Hainbat mekanismo daude dagoeneko instituzionalizatuta. Fagor Etxetresnen gertakariak ekarri du instituzionalizatuta ditugun mekanismo horietatik harago, mekanismo berriak martxan jartzea. Ezohikoa izan zen kooperatiba guztiengana zabaldu zen deia Fagor Etxetresnei laguntzeko –kooperatibistek euren soldatatik %1a jarri zuten–. Zoritxarrez ez zen nahikoa izan. Nik uste dut interkooperazioa ez dagoela zalantzan, baina egia da aldi berean mahai gainean galdera berriak jartzen dituela: Non daude interkooperazioaren mugak? Laguntzek izan dezakete efektu lo eragilea? Badugu ahalmena horrelako krisi handiei aurre egiteko? Interkooperazioa albo batera utzi beharrean, egin beharko da mekanismoetan sakondu eta berrikuntza sustatu. Hain zuzen, hori izan daiteke Fagor Etxetresnek utzi dezaketen legatua: kooperatibismo sendo baterako irakasgai. 

Egungo kooperatiben tamaina eta nazioarteratzea beste erronka bat da. Nola egin hori ikuspegi kooperatibotik?

Kooperatibek dauzkate enpresa erronka oso garrantzitsuak. Merkatuaren exijentziak oso handiak dira eta hor badauzkate erronka jakin batzuk. Horien artean daude dimentsioaren gaia eta nazioarteratzeko beharra. Hainbat kasutan, nazioartera jo da hemengo enpleguari eutsi ahal izateko. Egia da, ordea, fenomeno kontraesankorra ematen dela. Hemen balore eta printzipio batzuk dituzu eta kanpoan dimentsio hori ahulduta geratzen da. Kasuistika oso zabala da eta lurralde bakoitzak du bere legedi propioa eta kultura. Kooperatiba bere formula horretan hemen oso normaltzat hartzen dugu, baina beste toki batzuetan ez da ohikoa. Beraz, badauzka bere zailtasunak. Bestalde, badago eskala bat. Multinazionalek egiten dutena egitetik, kooperatiba bat sortzera, badago tartea. Hor bilatu behar dira, adibidez, parte-hartzerako formulak edo konpromiso soziala. Nik uste dut Mondragon Taldeko kooperatibei badagokiela nazioarteratzeko politika horretan gauzak beste modu batera egitea; ez edozein multinazionalek bezala.

Beharrezkoa da arlo horretan zein orokorrean kooperatibismoa birpentsatzea?

Lankin badaramatzagu hainbat urte arlo honetan lanean. Orain dela urte batzuk egin zen diagnostiko zabal batean, argi ikusi zen aspektu sozialek eta kooperatiboek behar zutela bultzada berri bat. Kooperatibismoa sortu zen testuinguru sozial eta ekonomiko jakin baten eta hori aldatu egin da. Kooperatibak eurak ere eraldatu dira, baita kooperatibisten motibazioak. Garrantzitsua da gaur egun erronka sozial eta ekonomikoei erantzungo dien formulazio berriak sortzea. Arlo enpresarialean egiten den moduan, berrikuntza soziala behar da. Horretarako birpentsatu eta hausnartu egin behar da. Gaurko gakoetara ekarri behar dira kooperatibaren ideiak. 

Egungo kooperatibistek badute kooperatibistaizaera?

Ezin da orokortu, denetarik dago. Azken urteotan egin da lan esanguratsu bat norabide horretan. Une honetan hezkuntza edo hausnarketa kooperatibo programa esanguratsuak daude martxan eta Lankitik lanean ari gara horretan. Azkeneko sei edo zazpi urteetan 8.000 bat lagunekin egon gara. Hori urrats bat da. Nik esango nuke kooperatibista izatea oso estatus zorrotza dela. Izan ere, langilea zara eta aldi berean enpresa baten ko-jabe. Bi logia artikulatzen dira bazkidearen figuran eta horrek dakartza eskubideak eta betebeharrak. Hori elikatu egin behar da. Hausnarketa egin behar da, harrera plan egokiak behar dira, hezkuntza kooperatiboa egin... Modu kontzientean landu behar den zerbait da. 

Enpresatik harago eraman da esperientzia, ordea...

Bai, ez da enpresa humanizatzera edo demokratizatzera mugatu. Izan du gizarte eraldaketarako bokazio edo bultzada garbi bat. Enpresa ulertzen da justizia soziala sortzeko erreminta bezala, garapen komunitarioa sustatzeko elementu moduan... Adibidez, kooperatibak dira enpresa sustraituak, eta hala, bada lurraldearekiko konpromiso edo sentsibilitatea. Eta esaterako, enpleguaren sorkuntza edo mantentzea kooperatiben ahalegin garrantzitsua izan da historikoki. Hezkuntza edo kultura mailako ekimenak ere egin dira. Hor badago gizartearekiko bokazio bat, baina arlo hori ere berritu egin behar da. Kooperatibek gizarte eraldaketan duten rola indartu eta birpentsatu beharko genuke ziurrenik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak