Oxel Arrieta: "Euskal Herrian ditugun altxorrekin, ez dugu zertan kanpora joan"

Imanol Beloki Unamuno 2014ko abe. 4a, 00:00

Oxel Arrieta, Pic du Midi d'Ossau atzean duela.

Oxel Arrieta arrasatearra (1980, martxoa) betidanik izan da mendiarekiko eta mendiarekin lotura dituzten kirolekiko zalea. Hala, bi heziketa ziklo egin zituen mendi eta arroila (kanoi) gidaria izateko. Hori horrela, hainbat arrisku eta dibertsio momentu pasatakoa da arrasatearra Euskal Herriko eta Pirinioetako mendi eta erreketan.

Nola hasi zinen mendi eta arroila gidari?

Txikitatik joan izan naiz gurasoekin batera Euskal Herriko eta Pirinioetako mendietara. Baina zaletasunetik harago joan nahi nuen, eta, horregatik, mendi ertainen kirol teknikari izateko heziketa ikastea erabaki nuen. Ondoren, arroilen kirol teknikari heziketa zikloa egitea erabaki nuen. Gaur egun, proiektu berri batekin ari naiz, Euskal Herrian ditugun txoko zoragarriak ezagutarazteko asmoz. 

Ikasketa horiek atera ondoren zer egin zenuen?

Duela bi urte Escalonan, Pirinioetan, egon nintzen, Ainsatik gertu dagoen herri baten. Han, arroiletako praktikak bukatu nituen, eta bertan geratu nintzen bi hilabetez lanean, taldeak erreketara eramaten eta jaitsierak egiten. Aurten, berriz, Ordesan egon naiz hiru hilabetez, mendiko ibilaldiak egiten eta arroilak jaisten.

Mendi eta arroila gidaria izateko, lekuak ondo ezagutu beharko dituzu, ezta?

Bai; azken finean, halako ikasketak egiten dituenak denbora librean ahal duen heinean mendian ibiltzeko zaletasuna izaten du. Hala, nik gurasoekin, lagunekin… ahal dudanean joaten naiz. Egun baten bailara bat egitera, beste batean errekak aurkitzera, GR ibilbide zati bat egitera… Asko ibili behar da leku bat ondo ezagutzeko…

Nolako irteerak egiten dituzu?

Egun bateko irteerak, 2 edo 3 eguneko ibilbideak, 5 egunera irits daitezkeen zirkularrak; adibidez, Monte Perdidori buelta ematea… eta errekak egiten ditut.Batez ere, udan egiten dut lan, bezeroek gehien eskatzen dutena erreken jaitsiera izaten baita.

Irteera guztiak bezeroaren mailaren araberakoak izaten dira. Mendiko ibilbideetan, adibidez, sekula mendian ibili ez diren pertsonekin kontuz ibili behar da, ezin dira sekulako ibilbideak prestatu…

Zeren bila joaten dira halako ekintzetan parte hartzen dutenak?

Gehienak abentura bila etortzen dira, normalean. Beste batzuk, bestalde, japoniarrak, esaterako, Pirinioetako loreak ikustera etortzen dira, bereziki. Horretarako, Ordesako haranera eramaten ditut, Cola de Caballora. Bada, edelweiss eta hartz-belarri loreak ikusteko gogo biziz egoten dira.

Arriskurik badu lan horrek?

Bai; erreketan, bereziki, arrisku handia egon daiteke. Nire lana arriskua kudeatzea da, arriskuen aurretik erabakiak hartu eta beharrezkoak diren teknikak erabiltzea. Nirekin datozenak etxera oso-osorik bueltatzea dut helburu, eta, nola ez, naturak eskaintzen digunaz disfrutatu dezaten nahi izaten dut. 

Bestalde, aktibitatera etortzen diren asko mendian federatu gabe etortzen dira, baina istripu asegurua izaten dute. Zerbait gertatuz gero, ospitaleko gastuak, erreskate zerbitzua… dituzte.

Erantzukizun handia duen lanbidea?

Bai, baina neurriak ondo betez gero, arriskua txikitu egin daiteke. Hasiberriekin, pausoz pauso joan behar da. Lehenengo, beharrezko teknikak erakutsi, eta gero, zailagoetan sartu.

Pirinioetan bakarrik ibiltzen zara gidari?

Maiatzetik ekainera bitartean Sierra de Guaran egoten naiz. Han, munduko kanoi esanguratsuenetako batzuk daude eta leku zoragarria da. Gero, Pirinioetara joaten naiz, ekaina, uztaila eta abuztua pasatzera. Baina uste dut Euskal Herrian ere sekulako altxorrak ditugula, ez dugu zertan kanpora joan.

Euskal Herrian dauden erreka guztietatik gehien gustatzen zaizuna zein da?

Eginon dagoen Leze arroila, adibidez. Kobazulo bat da eta mendia gurutza daiteke errekak egindako bidetik. Beste bat, aipatzekoa, zailtasun handiagoa duena, Nafarroan, Irurtzundik 15 minutura dagoen Oilaraneko Artazulo da, 45 metroko jaitsiera batekin amaitzen dena. 

Ikastaroak ere ematen dituzu?

Orientazio ikastaroak ematen ditut; mapak eta iparrorratza nola erabili ikastekoak, GPSa erabiltzeko, nibologia… Bestalde, mendiko segurtasuna eta arroilen jaitsiera hobetzekoak ere ematen ditut…

Gaur egun, proiektu berri batekin ari zara lanean, ezta?

Bai, webgune bat eraiki dut horretarako. Turismo aktiboa bultzatzeko proiektu batekin ari naiz. Menditxik.com izenekoa. Hain zuzen ere, natura gustuko duten herritarrek Euskal Herriko mendi eta errekak ezagutuz disfruta dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak