Arizmendiarrietak kristau baloreak elizatik atera, eta kooperatibaren esparrura eroan zituen. Duela ia 60 urte Arrasaten sortutako enpresa mugimenduan, hein handi batean, Markinako apaizari zor dio bere funtsa. Gaurko mahai-inguruan, apaizaren ideiei errepaso bat egiteaz gain, hauek egun izan ditzaketen erabilera eta akatsez mintzatu dira.
Hori horrela, ez da hitzaldi soil bat izan: Arizmendiarrietari buruzko Hemen aldizkariko monografikoa da aurkeztu dutena. Joxe Mari Arzallus, Hemen aldizkariko zuzendaria; Ainara Udaondo, MUko Lankiko zuzendaria; eta Pako Garmendia, Deustuko Unibertsitateko soziologiako katedratikoa izan dira hitzaldiaren gidariak.
Balore erlijiosoak enpresa munduan
Azaldu dutenez, Arizmendiarrietaren helburua Ebanjelioaren eta Elizaren Gizarte Doktrina jarraituz gizabanako guztien duintasuna eta berdintasuna lortzea zen. Gaineratu dute gainbehera ekonomiko eta gizartearen nahasmen egoera honetan, etorkizunari begira balio handiko erreferentea izan daitekeela Arizmendiarrietaren pentsamendua.
"Bere baloreak indartu beharko lirateke", dio Ainara Udaondok. Hizlariek aipatu dutenez, kooperatibismoa ez dago unerik indartsuenean, baina kooperatiba, lankidetza eta gizakia indartuz berrabiaraziko da mugimendua.