Ekimena familiei zuzenduta dago. Jatorri ezberdinak dituzten familiei, bertakoak barne. Txatxilipurdi Elkartea da ekimenaren bultzatzailea, eta Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzailea izan da. Asmoa, jatorri ezberdinetako familiak, jolasaren bitartez eta euskaraz, elkar ezagutzea da.
"Azkenaldian ematen den migrazio kopurua ikusita eta ondorioz, dagoen kultur eta hizkuntza aniztasuna kontutan hartuta, beharrezkoa ikusten dugu gaiaren inguruko lanketa egitea. Eta gainera kontutan hartuta aniztasuna izan dela eta dela gure herriaren ezaugarri eta kohesiorako elementua, beharrezkoa ikusten dugu aniztasuna bere osotasunean lantzea", esan du Txatxilipurdi elkarteko Aizpea Otxandianok.
Zapatuan jolasek hartuko dute garrantzia. Txatxilipurdiko hezitzaileak bertan izango dira eta elkar ezagutzeko jolas ezberdinak izango dira. Aukera izanez gero jatorri ezberdinetako jolasak ezagutzeko aukera ere egongo da. "Jatorri ezberdinetako pertsonak ahalduntzeko, espazio komunak sortzeko eta jendartean dauden aurreiritziekin amaitzeko beharra ikusten genuen. Ondorioz, mota honetako ekimenak aproposak direla uste dugu".
Ekimenak jarraipena izango du. Urtea amaitu aurretik, larunbatekoaz gain, beste bi saio egitea aurreikusten dute Txatxilipurdin. Eta erantzun ona izanez gero 2015. urtean ekimenarekin jarraituko dute.