Hiesaren aurkako eguna ekintzez josita dator Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko aza. 24a, 13:31

Gurutze Gorrikoen informazio puntua Seber Altube plazan; hilaren 27an egongo dira, 18:00etatik aurrera.

Abenduaren 1eko Hiesaren Kontrako Borrokaren Nazioarteko Egunaren bueltan hainbat ekintza antolatu ditu Udaleko sexologia zerbitzuak beste eragile batzuekin elkarlanean. 

Bihar, hilak 25, erakusketa jarriko dute honako tabernetan: Amaiur, Arrasate, Aterpe, Ederra, Etxoste, Irati, Iturriotz, Itzala, Jai Zale, Kajoi eta Lorategi. Hiesaren kontrako borrokaren gainean historian zehar hainbat herrialdetan argitaratutako kartelak erakutsiko dituzte taberna horietan, abenduaren 12ra arte. 

Era berean, argazki lehiaketa abiatu dute abenduaren 5era arte. Muxu baten argazkia bidali behar da: "Muxu ematea eta jasotzea da GIB birusa kutsatzeko arriskurik gabeko jokaera", diote. Parte hartzaileekin zozketa egingo dute honako lau sariekin: 17 urtetik gorakoendako produktu erotikoen otarra, 12 eta 16 urte artekoendako zortzi lagunendako irteera, 8 eta 11 urte artekoendako Sua eta Pareko jolasak eta 7 urtetik beherakoendako Kili Kontuak ipuin bilduma. Lehiaketako oinarriak www.sexologiazerbitzua.com webgunean kontsulta daitezke.  

Emozioak interpretatzen

Eguenean, hilak 27, Gurutze Gorrikoek eta DYAkoek Hiesaren eta GIB birusaren gaineko informazio puntua jarriko dute Seber Altube plazan (18:00). Froga azkarrak egin ahalko dira eta preserbatiboa nola erabili erakutsiko dute. Egun berean, Eli Moreno psikologo eta sexologo eibartarrak hitzaldi interesgarria eskainiko du Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 18:00etatik 19:30era. Euskaraz izango da, Zoriontasunaren bila: heziketa emozionalaren garrantzia izenburupean.  

Emozioen gainean heziketa jasotzeko beharra aldarrikatuko du Morenok: "Orokorrean ez dugu emozioen gaineko heziketarik jasotzen. Gure emozioak interpretatzen jakitea garrantzitsua da gure buruak ezagutzeko. Sentitzen duguna identifikatzeko gai bagara koherenteagoak izan ahalko gara egiten dugun horrekiko", aurreratu du. Edonorendako moduko hitzaldia izango da eta hizlariak adibide praktikoen bidez emango ditu azalpenak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak