Mailegu digitala errealitate laster, EAEko Liburutegi Publikoen Sarean

Miren Arregi Amasorrain 2014ko aza. 18a, 12:00
Erabiltzailea liburu elektroniko irakurgailu batekin Arrasateko bibliotekan.

Aldaketa dator gure liburutegietara, liburuak formatu digitalean maileguan hartzeko aukera gain-gainean baitago.  Hain zuzen ere, hilabete honen bukaeran, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak EAEko Liburutegi Publikoen Sarearen bitartez, mailegu digitala ipiniko du martxan.

Horretarako, euskal argitaletxeekin lehenik eta Espainiakoekin ondoren, hainbat kontu adostu behar izan du Jaurlaritzak eta luze jo du prozesuak.  Eskaintzan askotariko liburuak egongo dira, nahiz eta hasieran hainbaten falta sumatu daitekeen: "7.000 izenburutik gora aukeratu ditugu, eta argitaletxez argitaletxe harremanak egin behar direnez, ez dakigu zehatz hasierako kopurua zenbatekoa izango den", dio Arrasateko Liburutegiko arduradun Mertxe Perez de Zirizak. "Aukeratutakoak irakurgai egongo dira, ez bada lehenengo momentuan beranduago, egunero kargak egiten dabiltza-eta", gaineratu du.  

Argitaletxeen muga 

Liburuen eskaintzari dagokionean, denetarik egotea espero da, baina argitaletxeek dute muga, izan ere, momentuz ez dituzte liburu guztiak formatu digitalean eskaintzen. Nobedadeak ere egongo dira, eta erronka da euskaraz argitaratuta dagoen gehiena modu digitalean eskaintzea: "Euskarazko liburuei dagokionez, baina, une honetan, argitaletxeen  eskaintza ez da oso zabala", dio bibliotekako arduradun Perez de Zirizak.  

Lizentziak eta maileguak

Lizentzia bidez eskuratuko dituzte liburutegiek gero formatu digitalean maileguan ipiniko dituzten liburuak. Lizentzia bakoitzak hogei mailegu edo deskarga egiteko aukera emango du eta hala, lizentziek hogei deskarga horiek egin arte iraungo dute. Alegia, ez dute denbora mugatzen –Espainiako lizentziak ez bezala, izan ere, haiek iraungi egiten dira urte beteren buruan, nahiz eta hogei deskarga ez egin–: "Gutxi irakurtzen den liburu baten lizentziak urteak iraun ditzake; asko irakurtzen den liburu baten kasuan, hilabete batzuetan agortuko da", dio Perez de Zirizak. Horrek ez du esan gura liburu hori formatu digitalean irakurtzeko aukera hor bukatuko denik, izan ere, lizentziak agortu ahala, joango dira horiek berritzen. Maileguak edo deskargak 21 egunerako egingo dira eta behin egun horiek pasatuta, desagertu egingo da liburua gailu elektronikotik. Beste erreserbarik ez badute, berriro hartu ahal izango dira maileguan.

Plataforma berria

Eusko Jaurlaritzako eta EAEko hamaika liburutegitako ordezkariek osatutako lantalde batek sortu du deskargak egiteko plataforma. Hala, www.liburuklik.euskadi.net webgunetik jaitsi ahalko ditu erabiltzaileak bere telefono mugikor, liburu elektroniko irakurgailu, tablet edo ordenagailu bitartez maileguan egongo diren liburuak. 

Erabilerraza 

Erabiltzaile bakoitzak bere pasahitzarekin hartu ahal izango ditu liburuak: "Plataforma erabilerraza da, baina, formazio lana egin behar izatea aurreikusten dugu. Ez horrenbeste gazteen kasuan, baizik eta helduagoenetan", dio Mertxe Perez de Zirizak. Iritzi berekoa da Elgetako liburuzain Geaxi Ezpeleta ere, izan ere, haren ustez, "jaisteko prozesua erraza" da eta behin lehenengoa eginda beste guztiak egiteko arazorik ez da egongo. 

Formatu digitalean irakurtzeko ohiturarik ez dutenek, bestetik, dagoeneko egin ditzakete probak liburutegian bertan, izan ere, liburu elektroniko irakurgailuak aspaldi daude Debagoieneko liburutegietan, erabiltzailearen zerbitzura.

Euskarri bietan

Helburua ez da, liburuak soilik formatu digitalean eskaintzea, "bietan baizik". Izan ere, "bibliotekek ez dute papera baztertuko, digitala eta papera uztartuko dira", dio Perez de Zirizak. Dena den, gaineratu du, badagoela ahaztu ezin den zerbait: liburutegiak aurrekontu baten menpe daudela eta horrek markatzen duela euren funtsa.

Erraztasuna eta azkartasuna

Mailegu digitalak eskaintza zabaltzea ekarriko du, baina, bereziki  ekarriko du liburuak irakurtzeko erraztasuna eta azkartasuna.  "Orain formatu horretan irakurtzen duenak jarraituko du horrela egiten. Kopia piratak jaisten dituen jendea pasatuko da liburutegiko funtsa erabiltzera", dio Geaxi Ezpeletak, Elgetako Liburutegiko arduradunak. Izan ere, helburuak jarraitzen du izaten betikoa: jendea erakartzea eta erabiltzaile potentzialak erabiltzaile erreal bihurtzea. Bide horretan, aukera handiak eskaintzen ditu formatu digitalak Geaxi Ezpeleta Elgetako liburuzainaren  ustez: "12 eta 16 urte bitartekoendako eskaintza egiten bada formatu digitalean, adin horretako erabiltzaile kopurua hazi egingo da". 

Erabiltzaileen eskariz

Funts digitala handitzen joango da argitaletxeek eskaintzak egin ahala eta beraz, egun gutxi batzuk barru martxan ipiniko dena, haziz joango da. Bilduma osatze horretan, erabiltzaile eta herritarrek ere izango dute zeresana, izan ere, beti bezala, erabiltzaileen eskaerak eta iradokizunak kontutan hartuko dira. 

----------

Deskargak modu errazean

www.liburuklik.euskadi.net web orritik egin ahal izango dira deskargak. PC edo Mac-ean deskargatzeko aukera izango da, baina, Adobe Digital Editions programa instalatu beharko da aurretik. Formatu digitalean egongo diren liburuak irakurri ahalko dira liburu elektroniko irakurgailuetan, tabletean, ordenagailuan edota mugikorrean. Mugikorretan irakurri ahal izateko, baina, Blufire izeneko programa deskargatu beharko da. Deskargak Epub formatuan egingo dira. Hala, Kindle gailuak izan ezik, beste irakurgailu guztiak erabili ahalko dira liburuak irakurtzeko. 

----------

Egile eskubideen kanonak, EAEko liburutegietan ere eragingo du

Ez da liburu bilduma digitala Liburutegi Publikoen Sarean egingo den aldaketa bakarra, izan ere, abuztuan onartu zuen Espainiako Gobernuak, liburutegi publikoak erregistratutako erabiltzaileengatik eta mailegatutako liburuengatik tasa bat ordaintzera behartzen dituen dekretua. Hau da, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, liburutegi publikoek kanon bat ordaindu beharko diete egile edo editore-elkarteei zentro bakoitzean maileguz utzitako liburu bakoitzeko edo erregistratutako erabiltzaile bakoitzeko. Neurriak eragina izango du EAEko liburutegietan eta liburuzainak beldur dira tasa hori ordaindu beharrarekin, liburuak erosteko kopurua jaitsiko ote den. Eusko Jaurlaritzak, liburutegi publikoekin negoziatuko du, egile eskubideen inguruko kanon ordainketen eragina leuntzen saiatzeko. Kultura sailak dio kanona "oso une txarrean" iritsi dela, hain zuzen ere, liburuak erosteko liburutegiendako dirua beherantz doanean. Hala ere, diote ez dela EAEn kasua, 2013an 680.000 euro bideratu baitziren liburuak erostera eta 2014an, 820.000. Datorren urtean ere kopurua handituko dela diote.

----------

Mertxe Perez de Ziriza (Arrasateko bibliotekako arduraduna): "Eredu berritzailea sortu da mailegu digitalaren zerbitzua antolatzeko"

Arrasateko Bibliotekako arduraduna da Mertxe Perez de Ziriza; EAEko Liburutei Publikoen sarean mailegu digitala martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzan sortu den lantaldeko kideetako bat.

Zein izan da lantalde horren funtzioa? Mailegu digitalaren zerbitzua antolatzen laguntzea eta liburuak aukeratzea. Liburuak jaitsi ahal izateko plataforma ere sortu dugu.

Lan konplikatua? Konplikatua ez da hitz egokiena; zailtasunak bai izan ditugu, izan ere, ez zegoen gure gustuko eredurik eta berri bat sortu behar izan dugu. 

Beraz, plataforma berria eta berritzailea da erabat. Bai. Egon badaude beste plataforma batzuk, baina horien baldintzak ez dira batere onargarriak; alegia, eskaintza itxia egiten dute eta gainera prezio garestian. Sortu berri dugun ereduan gu gara irakurtzeko eskaintza aukeratzen dugunak. Alde horretatik askatasun handiagoa dugu. Beste ereduek  helburu komertzialak dituzte eta hori ez zen guretzat onargarria. 

Zenbat denbora eman duzue lanean? Azkenengo urtean egin dugu lan handiena. Iaz hasi ginen bilerak egiten baina aurten eman dugu pausu definitiboa. Liburutegi handiak, ertainak eta txikiak gaude lantaldean; guztira hamaika.  

Talde horrek izango du hemendik aurrera ere, liburutegien funtsean modu digitalean egongo diren liburuak aukeratzeko ardura? Liburutegi bakoitzak egin ahalko ditu bere eskaerak, irakurleen nahiaren arabera. Alegia, funtsa ez da bakarrik profesionalen aukeraketaz osatzen, erabiltzaileen eskaerak eta iradokizunak ere kontutan hartzen dira eskuratzeak egiteko.  

Etorkizunera begira, zein da helburua? Liburutegien helburuak jarraituko du berdina izaten. Alegia, irakurketa erraztea eta herritarrengana hurbiltzea. 

Irakurzaletasuna bultzatzen jarraitzea? Askotan ahaztu egiten bagara ere, ezinbestekoa da formaziorako, informaziorako eta adimenaren garapenerako. Guk garbi daukagu, eskaintza digitalean izatea formatu kontua besterik ez dela, eta benetan inporta duena mezua edo edukia dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak