Hondakinen Mahaiak erabaki duenez, 2015eko urtarriletik aurrera bost frakzio bereizi beharko dira: organikoa, ontzi arinak, papera-kartoia, errefusa eta beira. Hasteko, organikoa botatzeko edukiontziak jarriko dira eta ondoren errefusarendako edukiontzi grisa jarriko da; orduan kenduko da, behin- betiko, edukiontzi berdea –beirarena ez, bestea–. Organikoaren eta errefusaren edukiontziek "sarrera kontrola" izango dute.
Lehen saioak oso erantzun ona
Azaroan eta abenduan zehar formazioa eta informazioa emango zaie herritarrei. Auzoz auzoko kanpaina egingo dute "informazio zehatza" emateko. Lehena hilaren 13an egin zuten, Musakolan: "Jendez lepo egon zen erretiratuen taberna eta batzuk kanpoan geratu ziren. Bertaratutakoek interes handia agertu zuten hondakinak gaika biltzearen inguruan", jakinarazi du Hondakinen Mahaiak. Hitzaldiotan Hondakinen Mahaiko kideek lortutako akordioa azalduko dute eta Mankomunitateko informatzaileek, berriz, hondakinak nola sailkatu behar diren eta edukiontzi berrien erabilera azalduko dute. Material-kita ere banatuko dute hitzaldia egin baino lau edo bost egun lehenago.
Kit bana emango da etxe bakoitzeko, honako materialarekin: errefusarendako ontzi grisa, organikoarendako ontzi marroia, edukiontziak zabaltzeko txartela, poltsa konpost-garriak hondakinen sailkapenerako gida eta hiztegia. Materiala jasotzerakoan Nortasun Agiria eta kontakturako telefono zenbaki bat eskatuko dute eta herritarrei unean bertan informatuko zaie jaso duten txartelarekin zein edukiontzi gune ireki ahalko duten.
Kitak jaso ahalko dira 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, auzoan zehaztu den informaziorako gunean. Ordutegi bera jarri dute informazio bulego ibiltariendako; herritarrek izan ditzaketen edozein zalantza argitu ahalko dute. Kit banaketa eta informazio bulegoa leku berean egongo da auzo guztietan –ikus goiko taula.
Informazioa auzoz auzo
Hitzaldiak euskaraz 18:00etan izango dira; gazteleraz, 19:30ean.
Musakola
Azaroaren 17tik 21era. Hitzaldia azaroaren 13an egin zuten. Informazioa eta kitaren banaketa: kiroldegian.
Santamaina
Azaroaren 24tik 28ra. Hitzaldia azaroaren 20an egingo da. Informazioa eta kitaren banaketa: auzo-alkatetzan.
San Andres
Abenduaren 1etik 5era. Hitzaldia azaroaren 25ean Etxaluzen. Informazio eta kitaren banaketa: Etxaluzeko beheko solairuko egongelan.
Erdigunea
Abenduaren 9tik 12ra. Hitzaldia abenduaren 3an Kulturaten. Informazioa eta kitarren banaketa: Kulturaten.
Erguin
Abenduaren 15etik 19ra. Informazioa eta kitaren banaketa: Iturripen.