Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa martxoan hasi zen La rosa del azafrán zarzuela prestatzen. Aurrekoetan moduan, arloka hasi ziren lanean: arlo musikala landuz alde batetik, eta eszena edo antzerki arloa prestatuz, bestetik. Ekainean bildu ziren partaide guztiak lehenengoz, elkarrekin lehenengo aktoa egiteko. Irailaz geroztik, taldekako asteroko bi entseguez gainera, domeketan talde guztia bildu izan da, zarzuela osoa elkarrekin lantzeko helburuaz. Azaroaren 22an (19:30) Amaia antzokian estreinatuko dute.
Jacinto Guerreroren beste bat
Arrasatekoek ondo ezagutzen dute La rosa de azafrán zarzuelako egilea, aurrez egin izan dituzte-eta, harenak diren Gavilanes eta El huésped del Sevillano obrak. Oraingoaren libretoaren egilea, Guillermo Fernandez- Shaw da.
Lope de Vega idazlearen El perro del hortelano obraren adaptazio libre bat da. Gaztela-Mantxan dago kontakizuna kokatuta, izenburuak adierazten duen moduan, azafrai lorea jasotzeko garaian. Gizarte klase ezberdinetako bi amoranteren istorioa du, aurtengoak ardatz: Juan Pedro ortuzaina (Igor Ganboa) eta Sagrario, etxaldeko jabea (Ruth Osinaga) dira protagonista nagusiak. "Klase ezberdinetakoak izanik, ezinezko maitasun istorio bat da; elkarrekin egon ahal izateko, gezur bat asmatuko dute, hau da, Juan Pedro, gerrako zaurien ondorioz burua galduta duen Don Generoso (Luis Okina) herriko pertsonaia bitxiaren semea dela. Istorioaren alde serioa da hori baina alde komikotik ere asko du zarzuela horrek. " azaldu du Tere Gonzalez zuzendariak.
100 lagunetik gora kantuan
Arrasateko elkarteak aurrez egindako zarzuelatako bakarlariak aukeratu ditu zuzendariak, haren esanetan, ezin du-eta pertsonaia bakoitzean nahi duen abeslaria jarri, hau da, Juan Pedro baritonoa bada, paper horretan ahots baritonoa jartzera behartuta dago. Era berean, zaila da kantu-eskola beretik, pertsonaia bakoitzeko aukera bat baino gehiago izatea. Aukera zabalagoa du, pertsonaia komikoetarako. Honakoak dira, bada, aurrez aipatutakoekin batera, aurtengo protagonistak: Catalina (Cristina Cubillo), Moniquito (Mikel Izurrategi), La Custodia (Mertxe Salaberri), Carracuca (Arkaitz Garrido).
100 lagun inguruko abesbatzak eta Arrasate Musikaleko orkestrak osatuko dute taularen gaineko taldea. "Oso kantu politak ditu abesbatzak eta asko gozatzen ari dira. Aurrekoetako partaideak dira gehienak, neska abeslari berriak badaude ere" kontatu du Tere Gonzalezek.