'Bizilagunak': beste kultura bateko familia bat ezagutzeko aukera

Ander Larrañaga 2014ko aza. 11a, 12:00
Maitane Igartua.

Gaur da Bizilagunak proiektuan izena emateko azken eguna. Orain arte, Gipuzkoan bakarrik, 160 familia inguruk eman dute izena, baina, azken orduan jende asko animatzen denez, 180 inguru espero direla adierazi du SOS Arrazakeriak; eta Euskal Herri osoan 200 familia baino gehiagok parte hartuko dute.

Bizilagunak etorkinen eta euskaldunen elkarbizitza hobetzeko SOS Arrazakeriak sortutako egitasmoa da, Gipuzkoa Solidarioa 2014 proiektuaren baitan; izan ere, Debagoienean, Caritas, Elkarhezitzen eta Ekin Emakumeak izan dira, batik bat, proiektu hori kudeatu dutenak. 

Horrenbestez, Bizilagunak proiektuak familia atzerritarrak eta euskaldunak mahaiaren inguruan bilduko ditu Euskal Herriko hainbat lekutan; baita Arrasaten eta Antzuolan ere. Hilaren 29an izango da, zapatuan, 14:00etan. Hain zuzen ere, ekimen horren helburua da batera existitzen diren errealitateak gerturatzea, eta, horrekin batera, etorkinei buruzko aurreiritziak haustea: eta horretarako, egokiena elkar ezagutzea da.

Hurbiltzea da funtsa

Esan bezala, bi familia elkartzean datza proiektua; bata bertakoa, Euskal Herrikoa, eta bestea etorkina. Haietariko baten etxean batuko dira elkarrekin bazkaltzeko asmoarekin: horrela, kultura askotariko ohiturak, haien arteko talkak, eguneroko bizimodua eta bestelako esperientziak trukatzeko aukera izango dute familiek. Aipatzekoa da bazkari horietan parte hartuko duten familiez gainera, dinamizatzaile lanak egingo dituen pertsona bat ere izango dela; hitzorduaren antolaketan laguntzeko eta, bide batez, bazkariaz eta giroaz gozatzeko eurekin batera. Bestetik, azpimarratzekoa da familiaren kontzeptutzat lotura, harremanak, maitasuna eta bizitza orokorrean konpartitzen dutenak hartzen direla.

Esperientzia positiboa 

Ez da mota horretako jarduera bat antolatzen den lehen aldia; izan ere, Euskal Herrian hirugarren urtea da Bizilagunak proiektuarendako.

Debagoienaren kasuan, iaz izan zen halako bazkari bat egin zen lehenengo aldia. Aretxabaletan, aurtengo bazkari "intimoagoak" barik, bazkari handiagoa egin zuten: 30 lagun inguru bildu ziren Murualde elkartean. Iñigo Trueba aretxabaletarra da parte hartu zuenetako bat eta oso esperientzia polita eta errepikatzeko modukoa dela azaldu du hark. "Ederto pasatu genuen. Jende dezente elkartu ginen, eta umeendako jokoak prestatu genituen. Saharako, Argentinako eta Senegalgo lagunak izan ziren gurekin eta nork bere herrialdeko plater bat eraman zuen. Gero, dena konpartitu genuen", gaineratu du. Izan ere, bazkari soil batean gelditzen ez dela adierazi du Truebak: familia etorkinen lagunak egin ziren eta aurten ere parte hartzeko asmoa duela azpimarratu du.

Jaialdia 

Hori horrela, ez da egitasmo hori bazkari batera mugatuko: azaroaren 29an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian amaiera festa ospatuko dute, 17:00etan.

Proiektu horretan parte hartutako familiei, kulturen arteko elkarbizitza bultzatzeagatik errekonozimendua egingo zaie. Gainera, bazkari horietan bideo batzuk grabatuko dira eta proiektatu egingo dituzte bertan. Bide batez, batutako familiak berriro ere elkartzeko eta beste familia batzuk ezagutzeko aitzakia izango da jaialdia.

Inplikazioa

SOS Arrazakeriatik azaldu dutenez, geroago eta jende gehiagok parte hartzen du horrelako egitasmoetan. Iaz, 200 familiak eman zuten izena, Euskal Herri osoan, gehienak gipuzkoarrak, eta aurten marka hori gainditzea espero dute.

Orain arteko esperientzia kontuan izanda, inolako arazo edo liskarrik egon ez dela adierazi dute proiektuan parte hartu dutenek eta antolatzaileek, inoiz ez. Hala ere, oraindik inplikazio autoktonoa bermatu behar dela azaldu dute, familia euskaldunek baino etorkin gehiagok ematen dute-eta izena.

Hori horrela, gaur ere izena eman daitekeenez, gonbita zabaldu nahi izan du SOS Arrazakeriak, azken orduan apuntatu nahi duenarendako.

----------

Maitane Igartua (Elkarhezitzen-eko kidea): "Jende eta kultura desberdinak ezagutzea aberasgarria da beti"

Maitane Igartuak, Elkarhezitzen-eko kidea izateaz gain, joan den urtean Aretxabaletan egin zen bazkarian parte hartu zuen; horrenbestez, esan daiteke etorkinen eta euskaldunen arteko hurbiltze prozesuan laguntzen duela.

Zer moduzko harremana dugu etorkinekin? Denetik dago; pertsonaren araberakoa izaten da, ez da kultura bat bestea baino irekiagoa edo itxiagoa. Pertsona batzuk ohituta daude; samur erlazionatzen dira edota beste kultura batzuk gertuago bizi dituzte. Egia da, askotan, gure bizimoduak ez duela aukerarik ematen jende berria ezagutzeko, kuadrillatik edo lanetik lanpo. Etorkinekin, hizkuntza dela edo aurreiritziak direla, zailagoa egiten zaigu. Gainera, askotan, ez ditugu espazio berak konpartitzen eta horrek zaildu egiten du kulturen arteko komunikazioa.

Familien jatorriak badu eraginik gerturatze prozesuan? Batzuendako, etorkinen jatorriak izan dezake eragina. Herrialde bakoitzeko ohiturak, hizkuntzak edota jantziak arrotzak dira askorendako. 

Zeintzuk dira aurreiritzi nagusiak? Etorkinek integraziorako biderik egiten ez dutela uste dute askok, bertakoekin egoteko ez dutela interesik agertzen; orokorrean, ez da horrela izaten. Bestetik, etorkinek jasotzen dituzten diru laguntzak direla-eta, hor dauden aurreiritzi guztiek ere eragina izaten dute, beste faktore askoren artean.

Zergatik da garrantzitsua elkarbizitza? Aniztasuna beti positiboa dela iruditzen zait niri. Beste kultura batzuek erakuts diezagukete gauzak egiteko beste modu batzuk, beste ikuspuntu bat. Jende eta kultura desberdinak ezagutzea aberasgarria da beti; besteak ezagutzea eta eurengandik ikastea positiboa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak