Suge eta sugegorriak salbatzeko asmoz, argazki erakusketa Arrasateko Harresi Aretoan

Ander Larrañaga 2014ko aza. 11a, 12:18

Suge gorbataduna. Argazkilaria: Javier Álvarez.

Suge eta sugegorriak: gu gara euren beldur edo eurak dira gure beldur? Aranzadi Zientzia Elkarteak dioenez, ezagutza ezak eta fundamentu gabeko kondairek dakarte narrasti hauekiko gehiegizko beldur hori. Animalia hauen ospe txarra ezeztatzeko erakusketa eta hitzaldia antolatu dute Aranzadikoek Arrasateko Harresi Aretoan: erakusketa zapaturarte egongo da ikusgai, 11:00etatik 20:00etara, eta hitzaldia egubakoitzean izango da, hilaren 14an, 19:00etan.

eta Betidanik mehatxatuak izan diren animaliak dira suge eta sugegorriak. Mitologiak zein erlijioak pertsonaia gaiztotzat hartu dituzte beti; izan ere, horiek atzoko kontuak dira. Kontuak kontu, baina, arrazoi barik edo euren ospe txarragatik, animalia hauek akabatzen jarraitzen ditugula diote Aranzadi zientzia elkartetik.

Hau horrela, sentsibilizazio kanpaina bat jarri dute martxan Aranzadikoek animalia hauek jasaten dituzten aurreiritzi eta mitoak ezeztatzeko. Bide batez, hauen ezaugarri berezien ezagutza handitu nahi dute, eta batez ere, hauenganako lilura sortu Gipuzkoako ondare naturalaren parte garrantzitsu bezala baloratzeko. Aranzadiko kide den Ion Garinek hala azaldu du proiektu honen helburua: "Gure egitasmoan barneratzen diren ekintzak jendeak bizidun hauek hobeto ezagutu ditzan burutzen dira, urteetan gizarteak barneratu dituen uste oker eta kondairak gezurtatuz, eta aldi berean, ikus errazak ez diren bizidun hauek jendeari gerturatzea du xede".

Erakusketaz gain, hitzaldia eta tailerra

Argazki erakusketak, lau panelek eta hamazortzi argazkik osatuko dute. Paneletan sugeen inguruko informazioa egongo da, argazkietan, aldiz, Euskal Herrian dauden 11 suge espezieen argazkiak eta testu labur batzuetan espezie hauen berezitasunak agertzen dira, jendeak hobeto bereizi ditzan. Erakusketa zaintzen Aranzadi Zientzia Elkarteko kide bat egongo denez, taldeka joango diren pertsonak gidatuko ditu. Argazki erakusketaz gain jende helduari zuzendutako hitzaldi bat ere emango da, eta amaiera emateko, hilaren 15ean, zapatuan, 11:00etan, guraso eta haurrei zuzendutako tailer familiar bat egingo da.

Aipaturiko hitzaldian, erakusketan azaltzen diren gauzez gain, sugeen inguruko bitxikeriak eta bestelakoak ere landuko dira; jendeak  animalia hauek hobeto ezagutzeko asmoz, hemengo sugeak nolakoak diren, non bizi diren eta euren gaurko egoera zein den azalduko da.

Honez gain, interakzioa ere egongo dela azpimarratu du Garinek: hitzaldian zehar jendeak galderak egin ahal izango ditu, beraien esperientziak aditzera eman, eta, gainera, jendea proiektuaren parte izan dadin azalpen batzuk emango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak