Erik Jimenez: "Egunero teknologia berriak irteten direnez, gero eta interesgarriago bihurtzen da musika"

Andoni Muxika 2014ko aza. 8a, 00:00

Erik Jimenez, musika sortzen duen txokoan.

Erik Jimenez edo Eriklive (bere izen artistikoa) DJ arrasatearrarendako, musika bere egunerokotasunaren zati bat da. Ahal duenean, bere pasioa esplotatzen du Aretxabaletako gaztetxean. Aitortzen duenez, ez da erraza musikatik bizi izatea; horregatik, lanean ari da, baina gustatuko litzaioke musika ogibide izatea etorkizunean. 

Nola bihurtu zinen DJ?

Ez dakit zehazki noiz hasi nintzen, baina lagun artean nengoela beti entzuten genuen musika mota hori, eta esango nuke horrela hasi nintzela. Musikarik gabe ezin naiz bizi.

Gaur egun zaila da DJ izatea?

Bai. Honetaz bizi izatea oso zaila da. Nik zorte ona izan dut, Andaluzian kontzertuak emateko aukera eman didate eta. Baina, ahala eta guztiz ere, lanean ari naiz, eta aisialdian joaten naiz musika jotzera.

DJa izateko, musika asko entzungo duzu. Zeintzuk izango lirateke zure musikan gehien nabarmentzen diren artistak?

Niri gehien gustatzen zaidan artistarengan oinarritzen naiz: Michael Jackson. Hura izango litzateke nire musikan ekarpen handien duena. Nire ustez, ez da beharrezkoa musika estilo berekoa izatea. Hori bai, hau ez da kontsumitzen dudan musika bakarra, ia denetik entzuten dut: musika komertziala eta soula, besteak beste. Garrantzitsua iruditzen zait musika asko entzutea, norberaren lana jantziago egoteko.

Azkenaldian, musika estilo hori modan dago. Zure ustez, zein da arrazoia?

Teknologia berriak. Horiekin egiten dugu lan, eta, egunero gauza berriak irteten direnez, gero eta interesgarriago bihurtzen da musika; bai egiten dugunendako, bai entzuleendako. Ableton Live eta Traktor programak erabiliz, aukera asko ematen dituzte musika entzuleen gustura moldatzeko. 

DJa izateko, zer da behar-beharrezkoa?

Gogoa. Izan ere, ez da erraza. Ordenagailua, musika tresnak, bozgorailuak, eta abar beharrezkoak dira, eta horiek ez dira merkeak. Horretaz gain, praktikatzeko leku bat behar da; izan ere, norberaren etxean ezin da jo, zarata handiegia ateratzen da eta. Beharrezko beste gauza bat entzumena dela uste dut; hori, noski, musika gehiago entzuten lortzen da. 

Musika tradizionalagoekin konparatuz, zure musika tresnak berdinak dira. Ze aparailu erabiltzen dituzu?

Azken finean, musika tresna berdinak erabiltzen ditugu. Desberdintasuna efektuetan dagoela esango nuke; modulazioetan, sartzen diren efektuetan… Adibidez, ahots edo baxu batetik soinu desberdin bat atera daiteke efektuen bitartez. 

Urteak daramazu kontzertuak ematen; orain arte nolakoa izan da zure esperientzia?

Dudarik gabe, urteak pasa ahala, nire musika aldatzen joaten da. Beste leku batzuetan egoteak, nolabait, begiak zabaltzen dizkizu. Aurten, adibidez, hilabete egon naiz Andaluzian kontzertuak eskaintzen, eta datorren urtean ere joateko asmoa dut, baina bi hilabeterako. Han gehien entzuten dena chill out estiloa da; izan ere, giro desberdina dago: hondartzetan izaten dira kontzertuak, jendea egotera joaten da… Hemen, ordea, ez dago ohitura handirik musika estilo hori entzuteko; Eivissan, Cadizen… horrelako lekuetan jendeak gehiago bizitzen du musika. Gainera, diskotekak eta ekitaldiak sortzen dira horretarako. Bada, han lortu dudan esperientziak, dudarik gabe, nire musika hobetu du.

Etorkizunean, gustatuko litzaizuke musika ogibide bihurtzea?

Bai, duda barik. Oraingoz, Andaluzian arrakasta handiagoa dut hemen baino, baina gustatuko litzaidake hemen ere honetaz bizi izateko aukera izatea. Musikaz asko disfrutatzen dut, nire lokalean doinu berriak sortzen ditut, eta pozik nago. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak