Arrasatetik Berlinera, une historikoan

Miren Arregi Amasorrain 2014ko aza. 9a, 00:00

Jose Ramon Elortza eta haren seme Denis Elortza Berlingo harresiaren zati bat hartzen.

Gaur, azaroak 9, bete dira 25 urte, 28 urtez Ekialdeko Berlin eta Mendebaldeko Berlin banatu zituen 45 kilometroko harresiaren erorketa gertatu zenetik –Gerra Hotzaren sinbolo adierazgarrienetakoa–. 

1989ko azaroaren 9a zen Alemaniako Errepublika Demokratikoak Errepublika Federalerako pasabidea baimenduta zegoela esan zuenean. 

Berlinen, 1990ean 

XX. mendeko gertakari historiko garrantzitsu hark ikusmina eta zeresana eragin zituen nazioartean eta hemen ere, asko izan ziren Berlingo testuinguru sozial eta politikoak erakarritakoak. Harresiaren erorketa gertatu eta hilabete batzuetara, 1990eko abuztuan, egin zuen Berlinera Arrasateko familia batek. "Lau bat egun emango genituen han", dio Jose Ramon Elortzak, bidaiaz galdetuta. Betiko  gogoan gelditzen diren bidaia horietako bat izan zen. II. Mundu Gerraren ostean aliatuen esku gelditu zen Mendebaldeko Berlinen eta Sobietar Batasunaren  Ekialdeko Berlinen arteko desberdintasunak agerikoak ziren: "Hilabete batzuk pasatu baziren ere, oraindik ere polizia errusiarra zegoen Ekialdeko Berlinen. Jokoz kanpo erabat", dio Jose Ramon Elortzak. Eta gaineratu du: "II. Mundu Gerra ezkero ezer berritu gabe zegoen Ekialdeko Alemanian. Sekulako kontrastea zen Mendebaldetik Ekialdera igarotzea. Autoak zaharrak ziren, eta gauza bera gertatzen zen etxeekin ere. Aldaketa hark atentzio handia eman zigun; zer esanik ez kontrol-gune eta dorreek". 

Gerora ere egokitu izan zaio Elortzari Berlinera joatea, han ikasten egon zen-eta haren seme zaharrena: "Handik urte batzuetara joan nintzen bigarrenez Berlinera, eta orduan, garabien hiria iruditu zitzaidan. Dena zegoen obretan. 1990ean oraindik kontrol dorreen hiria zena garabien hiria izatera pasatua zen", erantsi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak