San Juanen irudia berriro kaltetu dutela-eta, eztabaida osoko bilkuran

Irati Goitia 2014ko aza. 4a, 19:11

Arrasate Hiria Antolamenduaren Plan Orokorraren hasierako agiria onartu dute gaurko osoko bilkuran, besteak beste. Hala ere, eztabaida gehien San Juan Bataiatzailearen irudia berriro kaltetu izanak sortu du.

Hain zuzen, agiri bateratua kaleratu dute gaur Bilduk, Aralarrek eta PSE-EEk San Juan Bataiatzailearen irudiak Domu Santu egunean jasandako kaltearen aurrean. "Haserrea" erakutsi eta horrelako ekintzak "gaitzesten" dituztela adierazi dute, eraso horiek "herritar batzuen sentimenduak mintzen" dituztelako eta "elkarbizitza eta errespetuaren aurka" doazelako.

Bada, jeltzaleek azken uneko mozio bat sartu nahi izan dute osoko bilkuran, baina gainerako taldeek ez dute onartu. Ondorioz, galde-erregutan atera du gaia berriro EAJk. Hor sortu da eztabaida. Juan Karlos Garitanok, EAJko bozeramaileak, San Juanen irudia berriro "profanatu" ez dadin, neurriak hartzeko eskatu dio Udalari. Aritz Arrieta, PSE-EEko bozeramailea, egindako kalteen aurka azaldu da, baina neurriak irudiaren jabeak hartu behar dituela gaineratu. Gaineratu du horregatik onartu dutela erasoaren aurkako adierazpen instituzionala egitea, baina ez dutela uste neurriak Udalak hartu behar dituenik. Herritarrek ere hartu dute hitza gai honetan. Zehazki, Jabier Bengoak, Arrasate Zientzia Elkarteko kideak, hartu du hitza eta honakoa esan du: "Jabetza parrokiarena da, baina San Juan herritarrena da. Gure ondarea da, mondragoetarrena. Hala, eskatuko nizueke neurriak hartzeko". Joxe Angel Barrutiabengoa herritarrak ere egin du berba eta Udalari galdetu dio ea zerbait egin behar duen. Inazio Azkarragaurizar alkateak erantzun du sortutako "minaz" bat egiten dutela eta udaltzaingoa bere lana egiten ari dela.

Hiri Antolamendurako Plana

Gai polemiko horretaz gain, osoko bilkuran landu duten punturik garrantzitsuena Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra izan da. Aho batez onartu da planaren hasierako agiria.

HAPO honetan proiektu gehiago sartu baino, lehendik zeuden beste batzuk kendu direla zehaztu du Joxe Etxeberriak. Horrela, adibidez, Garagartzan lehengo planean etxeak egiteko aukera zegoen, eta oraingoan ez. Edo Udalara bidean zegoen urbanizazio plana aldatu egin da, "garai bateko plan espansiboa zen hori; orain, arrazionalizatu egin da", esan du. Hirugarren sektorea bultzatzeko edo ingurumena babesteko hainbat puntu ere sartu direla gaineratu du.

 

2011ko azaroaren 8an egindako bilkuran udal plenoak plan orokorraren aurrerapen agiria jende aurrean jartzea erabaki zuen, 2012ko otsailaren 15era arte. Tarte horretan interesatuek iradokizun idatziak aurkeztu zituzten udaletxean. Era berean, udal planeamenduaren aholku kontseiluak aztertu zuen agiria. Aholku kontseiluak, agiria aztertu ondoren, txosten bat idatzi zuen bere ondorioekin eta Udalari helarazi zion. Udal plenoak, 2013ko urtarrilaren 15ean egindako bilkuran, aurkeztutako iradokizun idatziei erantzuna eman zien eta plan orokorraren dokumentua idazteko irizpideak finkatu zituen. Honetarako, aholku kontseiluak egindako txostena hartu zuen oinarri eta, orokorrean, hark esandakoak bereganatu zituen Udalak. Irizpide horiek jarraituz, udaletxeko zerbitzu teknikoek plan orokorraren agiria prestatu dute eta orain plenoak hasiera baten onartu du.

Onartutako agiria jende aurrean jarriko da interesa duten pertsona eta elkarteek hura aztertu eta alegazio idatziak aurkez ditzaten. Alegazioak aurkezteko epea 2015eko urtarrilaren 27ra arte egongo da zabalik eta alegazioak BAZ-en aurkeztu ahal izango dira. Bestalde, nahi duenak agiria udaletxeko hirigintza sailean edo udalaren webgunean izango du ikusgai. Eta datorren urtarrilean plan orokorraren erakusketa egingo da Kulturaten, urtarrilaren 8tik 22ra. Aholku kontseilua ere berriro elkartuko da, hasieran onartutako plan orokorra aztertzeko.

Plan orokorrari hasierako onarpena emateak berekin ekarriko duela edozein eratako onarpenak, baimenak eta lizentziak emateko aukera etetea planean xedatutakoaren ondorioz indarreko hirigintza-araubidean aldaketak izan dituzten eremuetarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak