Bailarako hiru sorgin Kepa Junkerarekin

Irati Goitia 2014ko aza. 3a, 09:00

Kepa Junkera eta Sorginak aurreko astean ospatu zen Oñatiko VI. trikiti jaialdian, Santa Ana antzokian.

Trikitilari bilbotarraren azken lanean –Kepa Junkera & Sorginak trikitixaren historia txiki bat– hartu dute parte bailarako hiru neskak: Irati Gutierrezek, Amets Ormaetxeak eta Leire Etxezarretak.

"Trikiti tradizionalaren munduan hasi nintzen ni, baina munduan barrena ibili naiz eta milaka esperientzia bizi izan ditut. Oraingo lan hau etxerako itzulera bat da, sustraietara buelta", horrela definitu du Kepa Junkerak bere azken lana. Liburua eta diskoa bateratzen dituen proiektua da,  hain zuzen, Kepa Junkera eta Sorginak trikitixaren historia txiki bat.

Ezin sinetsita

Diskoan zazpi sorginen laguntza izan du, zazpi neska gazterena. Horietako hiru debagoiendarrak dira: Irati Gutierrez, Amets Ormaetxea eta Leire Etxezarreta. Hiru debagoiendarrak pozik dira proiektuan parte hartzeko izan duten aukerarekin. "Oso esperientzia polita izan da. Orain arte doinu tradizionalagoak jotzen genituen. Esperientzia honek beste estilo batzuk ezagutzeko aukera eman digu. Uste dut izugarrizko zortea izan dugula horrelako lan baten parte hartzeagatik", esan du Gutierrezek. "Azken batean, guk oinarri bat genuen, eta jotzeko beste modu batzuk ezagutu ditugu. Asko ikasi dugu", gaineratu du Ormaetxeak. "Gogoratzen dut lehenengo saiora entsegu bat izango balitz bezala joan ginela. Izan ere, benetan ez genuen sinesten eta ez ginen kontziente Kepa Junkerarekin aritu behar ginela. Kontzertuak ere eskaini ditugu jada, baina oraindik ere kosta egiten da barneratzen", gaineratu du Etxezarretak. Hain zuzen, Portugalen izan dira  asteburuan Junkera eta Sorginak, Torres Vedraseko Nazioarteko Akordeoi Jaialdian. Zamoran, Gaztela-Mantxan edo Katalunian ere entzun dituzte euren doinuak. Aurreko astean, berriz, Oñatiko VI. trikiti jaialdian izan ziren. Disko berriko hiru abesti eskaini zizkieten Santa Ana aretoan batutakoei. Gustura dira hiru gazteak emankizunek izandako harrerekin.

"Diskoan hiru elementu daude: trikitia, panderoak eta ahotsak. Zortzi dira abestutako abestiak eta gainerakoak instrumentalak. Neska gazte hauek freskotasuna eskaintzen diote euren ahots goxoez", esan du Junkerak.

Trikitiaren historia txiki bat

Bilbotarrak bere azken lan honetan batzen ditu doinu tradizionalak –bere ukitu pertsonalaz– eta abesti berriak. "Oinarri tradizional bat mantendu dut, baina nire ukitua gehitu dut. Horrela, ez dut fandangoa modu estandarrean jotzen adibidez. Detaile txikiak edo beste abesti batzuetako melodiak gehitzen dizkiot, pot-pourri estilokoak eginez. Azken batean, bide edo molde berriak bilatzen saiatu naiz. Horregatik, uste dut oso disko polita dela, trikitiaren esentzia batzen duena, baina etorkizun oparoa duela ere islatzen duena", esan du.

Liburua ere soinu txikiaren  atzera begiratu bat da eta argazkiak eta kontakizunak uztartzen ditu. "Urte guzti hauetako bizipenak batzen ditut. Hala, liburuan argazki zaharrak eta artxiboko nire irudiak azaltzen dira. Joxean Agirrek idatzitako soinu txikiaren historia labur bat ere irakur daiteke. Hein batean, dibulgazioko obra bat da. Nik miresten ditudan soinu eta pertsonaiak ezagutzeko aukera ematen duena", azaldu du.

Bestalde, lan bikoitz hau omenaldia ere badela dio: "Panderoa jotzen zuten nire aitonari eta bere arrebari; dantza egiten zuen eta panderoa jotzen zuen nire amari; Rekaldeko nire lagunei –Zabaleta eta Motriku–; miresten ditudan trikitilari handiei... eginiko omenaldia da". Bere 35 urteko ibilbidea ere ospatzen du Junkerak proiektu honekin. Horrela, gaineratu du bere ibilbide profesionalean oso lan berezia dela azaroaren 25ean kaleratuko duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak