"Hizkuntza oso kaletarra erabiltzen da: istoriorako, erritmoa oso egokia da"

Ander Larrañaga 2014ko urr. 31a, 11:17
Marian Porcel, bere lehen eleberriarekin.

Duela hilabete inguru kaleratu zuen Marian Porcel arrasatearrak Todo Saldrá Bien izeneko bere lehen nobela. Oraingoan, baina, bere jaioterrian egingo du aurkezpena: eguaztenean, azaroaren 5ean, Kulturateko areto nagusian izango da, 19:00etan.

Gainera, eleberria zabaltzeko asmoz, bost bat alerekin zozketa egingo dute. Punk eta skin giroan kokatuta dago, duela 20 urte inguruko hiri batean. Gazte batzuk dira protagonistak eta hauek bizitzari aurre egiteko modua jorratzen da nobelan.

Zergatik giro hori?

Protagonistak gazteak dira eta duela 20 urteko girora jo nuen. Ezagutu nuen nik giro hori: gazte anarkiko samarrak izatea nahi nuen, apur bat libreagoak eta garai egokia zela pentsatu nuen.

Zer kontatzen da eleberrian?

Istorio nahiko klasikoa da. Laguntasun eta amodiozko istorio bat da ere: gaztetasun izpiritu hori islatu nahi nuen.

Protagonistetako batek bere bizitza aldatzeko gogoa du eta bide horretan gertatzen zaizkion gauzek beste leku batera eramaten dute. Askotan, bizitzan hautu desberdinak egiten ditugu eta nolabait gure bizitza berriro bideratu nahi dugunean pairatzen dugun borroka hori azaltzen da. Gazte batzuk egoera nahiko kaotiko batzuetan daude sartuta eta horietatik nola irteten diren kontatzen da.

Bestalde, idazkera aldetik ere oso azkarra da: hizkuntza oso kaletarra da eta istoriorako oso egokia izan zitekeela underground estilo hori erakustea iruditu zitzaidan.

Nolakoa izan da harrera?

Jendeari asko gustatu zaio: nahiko azkar irakurri dute orduan egia esan horrek ere erantzuna errazten du Elkarrizketa asko dituen nobela da eta ez ditu deskribapen luzerik. Esaldiak nahiko motzak eta zuzenak dira. Eszena batzuk dira, bata bestearen atzetik eta pelikula baten antzera eramaten zaitu. Nahiko azkar irakurtzen da, motza da, pelikula bat ikustea moduan. Indarra ere hor du, nahiko bisuala da, irakurtzen duzuna ikusten duzu eta errealitate horretara eramaten zaitu. Gainera, amaiera aldera ere guztiek antzeko sentsazioekin amaitu dute eta hori niretako positiboa da, duda barik. Sortu nahi nituen emozioak sortu ditudala dirudi.

Nori zuzenduta dago liburua?

Printzipioz helduendako idatzi nuen, baina, behin bukatuta, nerabeendako egokia dela ohartu naiz; erraza da irakurtzeko eta pertsonaiekin identifikatuta sentitzeko joera egon daiteke.

Eta titulu hori?

Liburuan zehar askotan agertzen den lema edo esaldia da. Protagonistetako batek bere bizitzari aurre egiteko erabiltzen dituen hitzak dira. Pertsona optimista bat da eta bere pentsatzeko modua islatzen da hor.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak