Azoka Plaza biziberritzeko ekimena, barrura begira eta modu teknikoago baten lanean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 29a, 16:24

Arrasateko Azoka Plaza biziberritzeko Gureztatu ekimenaren saio irekia egin zen atzo. Ekimenak azken urtean eman dituen urratsen berri eman zieten proiektuan parte hartzen ari diren lantalde ezberdinei. Parte hartze prozesu luze baten ostean, lehen aldaketa fisikoak hasi dira igartzen. Astelehenean bertan hasi ziren, adibidez, azoka irisgarriago egiteko igogailua jartzeko lanak. 

Arrasateko azoka biziberritzea helburu duen Gureztatu ekimenak saio irekia egin zuen atzo udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Prozesuak azken urtean eman dituen urratsen berri eman zieten bertaratutakoei, izan ere, ekimena hirugarren fase baten dago orain: "Lehen bi faseak kanpora begira ikusgarriagoak izan dira eta parte-hartze aldetik kopuru handiagoetan ibili gara. Hirugarren fase hau gehiago zentratu da barrurako lanean eta ikuspegi teknikoago batetik", adierazi du Bagarako Onintze Guridik. 

Orain, besteak beste, diseinu arkitektonikoa fintzen ari dira eta arlo horretako lehen fasea gauzatzen ari dira dagoeneko. Hau da, azokan lehen aldaketa fisikoak astelehenean bertan hasi ziren igartzen, egun horretan hasi ziren-eta azokan igogailua jartzeko lanak.  

Construcciones Moyua enpresako langileak hiru hilabetez arituko dira lanean. Igogailu berriak 20 lagunendako lekua izango du eta obrek iraun artean azokara heltzeko sarbideak izango dira barruko eskailerak eta kanpoko arrapala. 

Diseinu arkitektonikotik harago

Hala ere, Gureztatu ekimenaren sustatzaileek ez dute proiektua diseinu arkitektonikora mugatu nahi. Uste dute herritarrek eurek biziberritu beharko dutela azoka: "Azoka Plaza herritarren azoka izateko herritarrek biziberritu beharko dute eta ez azoka berri batek edo obra bidez helduko diren berritasunek", uste du Guridik. 

Bestalde, orain arteko prozesuaren gaineko balorazio positiboa egin du Ibai-Arte merkataritza elkarteko Jose Luis Elkorok. Talde eragileko kide da Elkoro eta azaldu duenez, azokak indarra ematen dio herriari. 

Era berean, Ibai-Arteko kideak nabarmendu du halako proiektuak epe luzekoak bezain garrantzitsuak direla: "Proiektu hauek soka luzekoak dira baina baita garrantzitsuak ere. Arrasaten beste hainbat gauzatan aitzindariak izan gara eta honakoan ere ez gara gaizki ibiliko". 

Gureztatu ekimenean parte hartzen ari diren eragileek datozen hilabeteotan emango dute hurrengo urratsen berri. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak