Arrasatek Hezi ekimena, herria ikuspegi hezitzaile batetik hobetzera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 28a, 15:57
Arrasateko Udaleko, Txatxilipurdiko eta Bagarako kideak aurkezpenean.

Arrasateko Udalak, Txatxilipurdik eta Bagarak elkarlanean landutako proiektua da Arrasatek Hezi: "Arrasate ikuspegi hezitzaile batetik hobetzeko helburuz ekimen berri bat jorratu nahi dugu", adierazi dute gaurko aurkezpenean. Horretarako parte-hartze prozesu bat abiatu gura dute, "laburra, interaktiboa eta emankorra" izatea espero dutena. Hainbat eragilerekin egon dira dagoeneko eta orain herritarrengana jo gura dute "modu zabalean", galdetegi baten bidez. Galdetegi hori azaroaren 4tik aurrera sarean eta herriko hainbat gunetan egongo da eskuragarri: BAZen, Udal Bibliotekan, gazte txokoetan zein ludoteketan, Gazte bulegoan eta erretiratu etxeetan. 

Epe luzerako proiektua da Arrasatek Hezi, "iraunkorra" izateko asmoa du eta Arrasateko herriaren ezaugarriak kontuan hartu gura ditu. Ekimenaren sustatzaileen arabera, herritarrak "eragile hezitzaile eta hezkuntza proiektu komunitario baten partaide potentzialak" dira: "Horren garrantziaz jabetuta eta beste herri batzuetan landutako esperientziak kontuan hartuz, datozen hilabeteotan, modu propioan, Arrasate herri hezitzaile izateko bidea elkarrekin landu nahi dugu proiektu komunitario gisa, denboran iraunkorra izateko asmoarekin". Beste esperientzia horien adibidetzat jarri dituzte EAEko hiriburuetan, Ordizian edo Zarautzen kasu martxan dauden ekimenak. 

Hiri hezitzaileen gutuna

1990ean Bartzelona Udalak antolatutako hiri hezitzaileen lehen biltzarra du jatorri proiektuaren ideiak: "Mugarria izan zen, bertan hiri hezitzaileak errealitate bihurtu nahi izan zirelako. Horren lekuko dugu 20 printzipio biltzen dituen hiri hezitzaileen gutuna", adierazi du, besteak beste, hezkuntza zinegotzi Amaia Larrañagak. (Donostiakoa ikusteko, hemen klikatu.)  Larrañagarekin batera gaurko agerraldian egon dira Hezkuntza Saileko teknikari Juanito Barberan, Gazteria Saileko teknikari Blanka Jauregi, Txatxilipurdiko Amaia Etxabe eta Bagarako Nagore Iraola. 

Galdetegiak, azaroaren 4tik abenduaren 10era arte

Herritarrendako parte hartzeko modu eraginkorrena izango da galdetegiak betetzea izango da. Galdetegi hori azaroaren 4tik aurrera sarean eta herriko hainbat gunetan egongo da eskuragarri: BAZen, Udal Bibliotekan, gazte txokoetan zein ludoteketan, Gazte bulegoan eta erretiratu etxeetan. Abenduaren 10a baino lehen bete beharko dira galdetegiak. 

Eragileekin saioak

Parte-hartze prozesuak sei interes talde identifikatu ditu: hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, asmo eraldatzailea duten eragileak, hezkuntzan aditu eta arituak, Udala eta herritarrak. Hala, hiru interes taldetako partaideek bina saiotan parte hartuko dute. Jarraian, saio horien deialdiak: 

  • Hezkuntza formaleko eragileekin:
  • Noiz: Azaroaren 4an eta abenduaren 2an
  • Non: Kulturateko Jokin Zaitegin
  • Ordua: 18:00etan
  • Iraupena ordu eta erdi 
  •  
  • Hezkuntza ez formaleko eragileekin:
  • Noiz: Azaroaren 12an eta abenduaren 10ean
  • Non: Kulturateko Jokin Zaitegin
  • Ordua: 11:00etan
  • Iraupena ordu eta erdi
  •  
  • Asmo eraldatzaileko eragileekin:
  • Noiz: azaroaren 19an eta abenduaren 17an
  • Non: Kulturateko Loramendi gelan
  • Ordua: 18:00etan
  • Iraupena: ordu eta erdi 

Gero, 2015eko urtarrila edo otsailean bateratze saio bat egingo dute: "Interes talde ezberdinetan irtendako ideiak partekatu eta guztion artean hurrengo urratsen norabidea definitzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak