Rafaela Romero: "Erantzun egokia emateko eskaintza erakargarria behar dugu"

Eneko Azkarate 2014ko urr. 24a, 15:22

Rafaela Romero (Quintana de la Serena, Badajoz, 1972) sozialisten bozeramaile da Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta hala jarraituko du agintaldia amaitu arte. Ondoren, PSE-EEko exekutibari helduko dio buru-belarri.

Gaztaroa Arrasaten eman zuen eta zinegotzi izatera heldu zen (1995-1998). Aurreko legealdian, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan zen.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak osatu duen exekutiba berriko kide izateak ze ekarriko du zuretako?

Bai, politika publikoa utzi eta alderdi barrura begira ariko naiz euskal sozialisten exekutiba berrian. Eta gero, nire lanbideari, zuzenbideari, ere helduko diot berriro. Arrasaten eta Pasaian zinegotzi nintzela, Batzar Nagusietan ere aritu nintzen, baina baita abokatu bulegoan ere. Azken zortzi urteotan, ordea, utzia nuen hori, Batzar Nagusietan buru-belarri aritzeko, presidente moduan lehenengo eta bozeramaile orain. Ziklo bat amaitu eta berria hasiko dut. Zuzenbidea eta eskubideak defenditzea gustuko dut; hortaz, irrikan nago galdutako denbora errekuperatzeko. Zuzenbidean ari garenok beharrezko dugu egunean egon, azken lege aldaketak, gizartearen aldaketaren ondorioz, azken berritasunak, ezagutu, aintzat hartu eta praktikan jartzeko. Horretan emango dut asti dezente aurrerantzean. Jakina, ilusio handiarekin heltzen diot euskal sozialisten exekutibako lanari ere.

Zeintzuk dira euskal sozialiston erronka nagusiak orain?

Eskaintza sozialista berrindartzea, herritarren babesa erakartzeko. Izan ere, egoera ezberdin baten aurrean gaude. Terrorismoaren osteko aroan. Lehenago gertatu ahal zen, baina orain heldu da eta euskal gizartea beste egoera baten aurrean dago, gizarte ezberdina da. Eta gizarteari erantzun egokia emateko eskaintza erakargarria behar dugu. Erronka zirraragarria daukagu aurrean. Politikan inoren mehatxu barik jardutea ederra da.

Pedro Sanchezen aldeko agertu zara. Ondo ari da?

Haren aldeko hautua egin nuen eta babesa eskaini zion plataformako kide izan nintzen. Eta hura aukeratu nuen Madrilera ordezkari moduan joan nintzenean. Alderdi sozialistaren betiko ezkerreko balioen bitartez eskuma garaitzea oso erronka polita da. Abiapuntua oso zaila zen, herritarren konfiantza eta botoen babesa galduta genuelako, baina apurka-apurka geureganatzen ari gara. Eta oso ezkerreko pertsona da Sanchez. Konplexu barik, PPren gobernu ultra-kontserbatzaileari zela egiten dion aurre gustuko dut. Proposamen ezkerreko eta aurrerakoia egiten gabiltza. Krisitik atera gaitezke burumakur eta eskubide barik edo egin dezakegu duintasunez eta eskubideei eutsiz. Ikusiko dugu ondo ateratzen den.

100 egun egin ditu karguan eta lehen kritikak entzun ditu.

Argi-ilunak izan ditu. Politika birsortzeko ahaleginean, PPrekin ez nintzateke eseriko, hark egin duen moduan, ustelduta dagoenak ezin dezakeelako ezer birsortu. Baina, bestetik, Europan estrategia egokia erakutsi du, eskumako Juncker edota Cañete ez babestuz, ez gaudelako haien doitasun ekonomikoaren alde.

Andaluziako sozialisten idazkari nagusi Susana Diazek kritikatu egin du darabilen estrategia komunikatiboa.

Bigarren mailakoa iruditzen zait. Salvame saiora deitu duela? Ez dit axola. Nahiago dut sinesgarri izan eta babesgabeei laguntzeko neurriak bultzatzea edo proposatzea. Zapatu gaueko beste telebista saio bat bada, ustez intelektualagoa, baina elkarri mokoka aritzeko eta albokoa kritikatzeko espektakulua baino ez da. Nahiago dut proposamen baikorrak edo positiboak egitea, edozein dela tokia.
Aurrekontuak osatu, adostu eta onartzeko unean gaudenean, ze paper izango du PSE-EEk bai Gipuzkoako

Diputazioan eta baita Jaurlaritzan ere?

Gure lehentasuna da babes txikien daukaten pertsonak laguntzea, enplegua sustatzeko neurriak edo politikak bultzatuz. Beste alderdiak ere lehentasun horietara gerturatzen diren neurrian, adostasunak lor ditzakegu. Baina, esaterako, Gipuzkoan ekonomia suspertzeko neurrien aurka bozkatu duen Bilduk asko aldatu beharko du, alderdi sozialistaren neurri aurrerakoietatik urrun dagoelako. Oraintsu, Arrasaten garraio publikorako 25 euroko tarifa bakarra ezartzeko proposamenaren aurrean, kontra bozkatu du.

Azkeneko asteotan, ordea, adostasunetara heldu zarete Bildurekin Gipuzkoan, Kabiarekin eta zerga kontuetan, esaterako. Ze adierazten du horrek?

Helburu nazionalista hutsak albo batera laga eta pertsonak lehentasunen erdian kokatzen direnean adostasunak lor ditzakegu. Ustezko ezkerreko aukera, zein baino zein nazionalistago aritzen denean, txarto goaz. Orain, egia da, bai, Kabiaren kontuan adostasunak lortu ditugu konpartitzen dugulako diagnostikoa eta ona delako egoitzetako langileendako eta udalendako egoitzak Diputazioak kudeatzea, legeak dioen moduan.

Aurreikusten duzu aldaketarik Gipuzkoako Diputazioan hurrengo legealdiari begira?

Lehenbizi, hauteskundeak egin behar dira, emaitzak ikusi. Gero gerokoak. Herritarrek dute hitza eta haiek baloratuko dute azkeneko lau urteotan bakoitzak egin dugun lana. Orain hipotesiak egiteak ez du ezertarako balio. Emaitzak eta, esaterako, Bilduk ze lehentasun dituen ikusi beharko dugu lehenengo, hauteskunde ostean zer egin erabakitzeko. Gipuzkoa aurrera ateratzeko prest zein dagoen ikusi behar da.

Beldur diozue Podemosi?

Herritarren borondatearen adierazpide bati errespetua behar zaio eta beste alderdiei zor diegun errespetua zor diogu Podemosi ere. Politikan modu ohikoan aritu garenon aurrean, Bildu, EAJ, PP edo PSE-EEren aurrean, beste aukera bat direla erakutsi dute. Ohiko alderdiok sinesgarritasuna galdu dugu.

Zeure burua kasta-kotzat duzu?

Haiendako denok gara kasta. Akaso ez ditugu argi gorriak antzeman eta ez dugu jakin herritarrak entzuten eta haien beharren aurrean proposamen egokiak egiten.

Pedro Sanchezek dio Podemos populismoa dela.

Ez zait definizio egokia iruditzen. Hanka sartu duela uste dut. Erraza da kea saltzea, eta ni horren aurka nago. Amets faltsuak ez zaizkit egokiak iruditzen, ez dut politika egiteko modu hori gustuko. Baina aukera politiko guztiek errespetua merezi dute. Podemosi ez diot beldurrik.  

Katalanek eskubidea dute haien etorkizunaren gainean erabakitzeko herriari hitza emateko?
Katalanei hitza ematearen aldeko naiz, baina, betiere, legearen barruan. Gure kasuan, nik ez daukat zalantzarik Euskal Herria nazio bat dela, baina nik uste dut nazio hori bi estaturen barruan egon daitekeela. Eta uste dut Artur Mas-ek irteerarik bako kale estu batera eroan dituela herritarrak, eta frustrazioa sortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak