Agurtzane Lizarralde: "Buru belarri ibili gara ikuskizunaren entseguekin"

Ander Larrañaga 2014ko urr. 24a, 09:55

Agurtzane Lizarralde.

Kike Gomez de Segura markinarra Arrasatera ikastera etorri zenean sortu zen Lore Gazteak dantza taldea, 1966-67 ikasturtean. Hau dantzaria izanda,  bere koadrila Musakolako Neskak koadrilarekin batu eta Lore Gazteak taldearen hazia landatu zela kontatzen du Xeli Agirrek, dantza taldeko ikurretako batek. Garai hartan ez zegoen Agurtzane Lizarralde, baina, urte batzuk daramatza dantza munduan eta Lore Gazteak taldeko kide izaten.

Lizarralde duela 39 urte inguru hasi zen dantza munduan eta Lore Gazteak dantza taldearen ibilbidea barrenetan bizitakoa da duda barik; horregatik, bihar ospatuko den 50. urteurrenaren ospakizuna gogoz eta ilusio handiz biziko du, bera ibili baitabil biharko egunaren antolakuntzan lanean.

Ia 40 urte daramatzazu abarkak astintzen; barrutik biziko duzu, beraz, biharko eguna.

Bai, egun berezia izango da guztiontzat. Hala ere, ez nintzen Lore Gazteak taldean hasi; izan ere, bost urterekin hasi nintzen Txikitxu dantza taldean. Hazi ere egin nintzen eta ezin jarraitu bertan nagusi egin nintzelako, beraz, 14 urterekin sartu nintzen gaur egungo Lore Gazteak dantza taldean.

 Hala ere, ez zarete talde bakarra Arrasaten...

Bi dantza-talde gaude gaur egun, halere, ez dira euren artean konpetentzia, bata bestearen osagarria baizik. Hori aberastasuna da, eta talde gehiago egongo balira hobeto. Horrek esan nahi du dantzak osasun ona duela.

Biharkoarekin jarraituz, nolakoa izango da eguna?

250 dantzari eta musikarik parte hartuko dugu ikuskizunean eta 15 taldetan banatu behar izan gara, belaunaldika. 11:30ean hasiko gara kalejira batekin lau puntu desberdinetatik irtenda eta Seber Altuben elkartuko gara taldeok herriko plazara joan aurretik: bertan emango diogu hasiera ikuskizunari 12:15ean eta bi ordu inguru iraungo ditu. Ikuskizunari dagokionez, 15 dantza egingo ditugu, talde bakoitzak bizpahiru; izango da haurren egunetan egiten den alarde antzeko bat.

Ondoren, indarrak hartzeko bazkaria egingo dugu Uarkape pilotalekuan; 250 lagun inguru izango gara eta bazkarirako txartelak hartzeko epea astelehenean itxi zen. Azkenik, eguna borobiltzeko, erromeria izango da 18:30ean Fan&Go taldearen eskutik: denetik jotzen duen taldea da eta Arrasateko abeslariak ditu gainera.

Eta antolakuntzari dagokionez?

Hamar lagun inguru gabiltza gogor lanean. Ekainean hasi ginen batzarrak egiten eta opor ostean gogorrago hasi gara, astean behin batzen, askotan birritan ere. Ikuskizunaren entseguekin ere oso buru-belarri ibili gara; helduenek abarkei hautsa kendu, askok ere jantzia eskatu behar izan dute eta ilusio handiz ibili gara lanean dantzak finduz. Pasa den zapatuko entsegua hunkigarria izan zen; emozioz bizi genuen denok.

Izan ere, ez dituzue antolatutakoak egun batera mugatuko, ezta?

Ez, abenduan, nahiz eta datak zehazteke dauden, euskal arropen eta argazkien erakusketa izango da ikusgai Kulturaten eta horretaz gain, Dragoi Produkzioak egiten ari den bideoa ikusteko aukera izango da. Gainera, beste hitzaldiren bat ere egingo da euskal janzkera tradizionalaren ingurukoa, baita buruko zapia nola jantzi erakutsiko den tailer praktiko bat edozeinendako, ez dantzariendako soilik. Hala ere, azpimarratu beharra dago, oraindik ez dugula ezer zehatzik erabaki datei dagokienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak