Arrasaten bertan hiru ludoteka, lau gazte txoko eta hamaika proiektu eta ekimen dituzte haur eta gaztetxoei aisialdi euskaraz eskaintzeko, betiere modu hezitzaile baten.
Sortu aurretik ere, lan handia
AED izan zen Txatxilipurdiren ama: "AEDtik sortu ziren beste elkarteen antzera, lantalde moduan funtzionatzen zuen erakundetu aurretik. Gainera, Txatxilipurdiren kasuan, ia hasieratik zegoen haurren aisialdiarekin lan egiten zuen talde bat. Jarduna bolumena hartzen joan zen heinean eta AED barruan kudeatzea gero eta zailagoa zenez, erakundetu egin zen elkarte moduan", gogoratzen du AEDko Itxaro Artolak. Hori 1994an gertatu zen. Baina amatxorengandik askatu aurretik Txatxilipurdi lantaldeak hainbat ekintza antolatu zituen. Horien artean, honakoak: 1988an egin ziren lehen udaleku irekiak, eta urte berean ireki zen Seber Altube plazako ludoteka. Orduan Larunbatero ere egiten zen, zapaturako aisialdi errefortzua. Eta arrakastatsua izaten zen ere Gabonetako bigarren eskuko disko eta liburuen azoka; Seber Altuben egiten zen, frantziskotarrek utzitako aretoan.
Zerbitzuak eta elkarlana
Arrasaten egun eskaintzen dituzten zerbitzu gehienak Udal zerbitzuak dira, ibilbide luzekoak. Udalarekin azken 20 urteotan izandako elkarlanak lagundu du Arrasaten aisialdi eskaintza "sendoa" egoten. Arrasatetik kanpo ere Debaguneko elkarteekin udaleku konpartituak antolatzen dituzte, kudeatzen dituzte aisia zerbitzu publiko ezberdinak eta tailerrak eta ikuskizunak ere egiten dituzte Euskal Herrian zehar.
Eta zerbitzuekin batera, luzea da gaur egun antolatzen dituzten ekintzen zerrenda: udaleku irekiak eta itxiak, ludoteka ibiltaria, jostailu truke merkatua, Gabonetako Txikilandia haur parkea, Gurasolandia... Baina ez hori bakarrik: "Txatxilipurdiren ekimenak badira ere, norbanako, elkarte eta administrazioen laguntza jasotzen dugu ekintzok aurrera eramateko eta eskertzen dugu zinez", dio elkarteko zuzendari Eneko Barberenak –ikus elkarrizketa hurrengo orrialdean.
Haurraren autonomia lantzen
Txatxilipurdiren proiektuen artean Berramesten egitasmoa nabarmendu beharra dago: "Etorkizunerako egitasmoen artean badugu berrikuntza metodologikoa suposatu duen Berramesten egitasmoa, zeina jada azken 2-3 urteotan martxan den Txatxilipurdik kudeatzen dituen arlo ezberdinetan. Honez gain, aurki albiste pozgarriak iritsiko direlakoan gaude elkarlanezko hezkuntza egitasmoetan Arrasaten, Euskal Herri mailan Herri hezitzailea eskola herritarra lantaldearen eskutik eta aztertzen ari garen bestelako lan ildo batzuetatik".
Labur esanda, haurrari entzun eta haren hitzari garrantzia ematean datza Berramesten proiektuak. Horren harira, Francesco Tonucci psikopedagogo italiarrak 2013ko maiatzean egin zuen bisita oso emankorra izan zen Txatxilitarrendako. Izan ere, martxan hasi berria zen lan metodologiari ekarpen interesgarriak egin zizkion Tonuccik. Haurren hiria liburuan hiria eta haren antolaketa umeen begiradatik ikusten hasteko beharra aldarrikatzen du ikerlari italiarrak, esaterako.
Filosofia hori barneratu eta Txatxilipurdiko begiraleek zein hezitzaileek badihardute ume zein gaztetxoekin batera eurak gura duten aisialdia antolatzen. Noski, badago ukiezina den baldintza bat: euskara.
Eneko Barberena, Txatxilipurdiko zuzendaria:
"Asko dago egina eta asko dago egiteke, baina oro har harro gaude"
2007ko uztaila ezkero elkarteko zuzendari da Eneko Barberena (Arrasate, 1983). Kargua "erantzukizunez eta harrotasunez" darama: "Etorkizunarekiko kezkaz eta itxaropenez, herritar gehienok moduan", dio.
20 urte pasa dira AED edo amatxorengandik askatu zinetela. Nolakoa zen Txatxilipurdi jaio berria eta nolakoa da orain?
AEDn hastapenetik egon da haur eta gazteen aisialdia lantzeko gogoa eta horren fruitu izan zen 1988an udalekuak antolatzen hasi zen Txatxilipurdi lantaldea. Txatxilpurdi zaharrean herri ekimena eta gazteen inplikazioa ziren nagusi eta hizkuntzaren erabilera ardatz. Gaur egun balio berriak txertatu dira eta inplikazioa baden arren, lanaren profesionalizazioa joan da nagusitzen.
Nola baloratzen duzue bi hamarkada hauetako ibilbidea?
Asko dago egina eta oraindik asko dago egiteke, baina oro har harro gaude.
Hasierako helburuak eta egungoak mantentzen al dira?
Hasierako helburuetan hizkuntza zen nagusia. Gogoan hartu behar da modu orokorrean euskarazko irakaskuntza pausoak ematen hasia zela urte gutxi batzuk lehenago baina oraindik baziren A eta B hezkuntza ereduak indarrean Arrasaten. Beharrezkoa zen haurren aisialdiko hizkuntza ohituretan eragitea hezkuntzaren lana osagarritzeko. Gaur egun aisia indartuago dago lan esparru gisa eta hizkuntzaren helburuaz gain hezkidetza, parte hartzea eta kulturartekotasuna daude. Laburtu liteke egoera esanaz “aisia euskaraz” aldarrikatzetik “aisia hezitzailea euskaraz” aldarrikatzera pasa garela.
Elkarlana ere bada Txatxili-ren ardatzetako bat.
Parte hartzen dugu edo laguntzen dugu hainbat forotan: euskalgintza, azoka, herriko eta auzoetako jaiak, bidezko merkataritza... Ahalegintzen gara parte hartzen guretzat interesgarriak diren foroetan edo haur eta gazteen ikuspegia aintzat hartzea garrantzitsua den horietan.
Nola dago antolatuta elkartea?
Antolaketa ez da erraza tamaina asko handitu delako azken urteotan. Bazkide asko eta langile asko gara, baina langileei dagokionean batez ere oso dedikazio ezberdinak daude lanaldi osotik hasita astean ordu gutxi batzuk egiteraino. Erronka da aniztasun horri erantzun on bat ematea eta badugu oraindik zer hobetu.