Erretiratuen eta etorkinen txanda datorren astean, hondakinen gaineko informazio kanpainan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 23a, 14:56
Ingurumen zinegotzi Josu Pereda hondakinen bilketaren gaineko argibideak ematen, Garagartzan.

Aurrera doa Hondakinen Mahaiaren informazio eta kontzientziazio kanpaina. Datorren astean, herriko lau erretiratu etxeetan hitzaldiak emango dituzte informatzaileek eta mahaiko kideek. "Irudien bidez eta modu praktikoan", hondakinak zelan sailkatu azalduko dute. Datorren astean ere egongo dira etorkinekin, Ekin elkartearen egoitzan eta Etxaluzen. 

Arrasaten organikoaren bilketa selektiboa ezarri artean, bi fase jarraituko zirela iragarri zuen Hondakinen Mahaiak, maiatzean emandako prentsaurrekoan. Batetik, barreiatuta zeuden edukiontzi berdeak kendu eta lauko edukiontzi guneak ezarri; hori eginda dago honezkero. Hurrengo pausoa izango da edukiontzi berdea kentzea eta eta beste bi edukiontzi berri jartzea: marroia (organikoaren bilketarako) eta grisa (errefuserako). 

Bigarren fase horretan sartu aurretik, baina, kontzientziazio eta informazio lan bat egitea "beharrezkoa" dela uste dute: "Denok berezitu behar dugu organikoa ondo".

Eskolak, osasun zentroak eta auzoak

Horregatik, informatzaileek eta ingurumen zinegotziak izan dituzte jadanik elkarrizketak ikastetxeetako arduradunekin (Ikastola, Herri eskolak, MU eta  institutua), baita osasun zentroekin ere  (Aita menni, San Juan de Dios, Debagoieneko ospitalea, Iturbide egoitza) eta landa auzoetako bizilagunekin.  

Bestalde, kirol, kultur eta elkarte gastronomikoekin hitzaldi hezitzaileak antolatu dira eta industriak bisitatu dituzte, batzuei jada edukiontziak ere entregatu zaizkie. 

Bulegoa BAZen maiatza ezkero

Hondakinen inguruko informazio bulegoa maiatza ezkero dago zabalik BAZen, eta hara edonork jo dezake edozer zalantza argitzeko. Horrez gain, arrasatearrei "zuzen-zuzenean" emango zaie hondakinak ondo berezitzeko beharrezkoa den "informazio guztia", zenbait ekimenen bidez. 

Erretiratu etxeetan eta etorkinekin

Beraz, informazio eta kontzientziazio lanarekin jarraitzeko, datorren azken astean erretiratuendako hondakinen gaineko hitzaldi informatiboak emango dira lau erretiratu-etxetan. "Irudien bidez, eta modu praktikoan", hondakinak nola sailkatu azalduko dute informatzaileek eta Hondakinen Mahaiko kide batek. Hona hemen hitzorduak: 

Urriak 27, astelehena: Toki Argi jubilatu etxea 19:00
Urriak 28, martitzena: Uribarri jubilatu etxea 17:30
Urriak 29, eguaztena: Musakola jubilatu etxea 17:00
Urriak 30, eguena: Etxaluze jubilatu etxea 17:30

Era berean, Ekin Emakumeak Elkartekoek eguen goizetan eta egubakoitz arratsaldeetan etorkinei euskara irakasteko saioak egiten dituzte. Hori aprobetxatuko dute informatzaileak bertara joango dira hondakinak nola sailkatu azaltzera: 

Urriak 30, eguena: Pablo Uranga behean ( Ekin elkartearen lokala), 10:30ean

Urriak 31, egubakoitza: Etxaluzen (Solozar gela) 16:00etan

Komertzioekin hasiak dira lanean

Organikoa eta errefusa atez ate jasoko zaien komertzioak bisitatzen ari dira informatzaileak. Jatetxe, taberna, kafetegi, fruta denda, arrandegi, harategi, bazarrak eta supermerkatuak, besteak beste. Horiek guztiak organiko edota errefusaren sortzaile handiak kontsideratzen dira.

Komertzio horiekin egin beharrekoa amaitutakoan, frakzio guztiak edukiontzietara botako dituzten komertzioak bisitatuko dituzte. Horiek dira aurreko taldean ez dauden beste komertzio guztiak: arropa denda, estanko, bulego, farmazia, paper denda, okindegi, zapata denda eta, orokorrean, errefusa eta organikoaren sortzaile handiak kontsideratzen ez direnak.

Komertzioei egindako bisitak aprobetxatzen dira konpost egiteko poltsak saltzeko interesa izan dezaketen dendei honen inguruko informazioa emateko. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak