Erreka garbitzeko iaz baino jende gehiago espero du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 17a, 08:45
Iazko erreka garbiketako argazkia.

Aurrez izena eman barik ere har daiteke parte; bihar elkartuko dira, Laubide plazan, 09:30ean.

Errekaren Astearen barruan erreka auzolanean garbitzeko eguna izango da biharkoa. Aurten lehen aldiz bailarako herri guztiek egun berean egingo dute garbiketa. Udalak espero du iaz baino jende gehiago batzea; iaz 15 bat lagun elkartu ziren eta horietatik bost Udaleko langileak ziren. Aurten, parte-hartzaile gehiago lortzeko, deialdi berezia egin dute, elkarte eta eragileengana jota.


Izen-ematea atzo itxi zuten, baina jakinarazi dute aurrez izena eman barik ere har daitekeela parte erreka garbiketan. Aurreko urteetan Mojategi futbol zelaiaren inguruan egin izan dute garbiketa, errekara sartzeko "erraz" dagoelako. Hala ere, aurten erabaki dute Laubide plaza inguruan jaistea errekara: "Erreka garbitzen ari garela herrian bertan ikus gaitzaten gura dugu", adierazi du Ingurumen teknikari Nerea Laspiurrek. Hala, Laubide plazan elkartuko dira 09:30ean eta han bertan hasiko dute garbiketa: "Mankomunitaterantz joango gara eta etortzen den jende kopuruak zehaztuko du noraino helduko garen", dio Laspiurrek. Erreka garbitu ostean, parte-hartzaileek Seber Altube plazan moxal-haragia doan probatzeko aukera izango dute. Ondoren, hilaren 18tik 22ra, jasotako zaborra Monterron jauregiaren pareko Kondekua zelaian jarriko dute.  


Deba ibaian asko dago egiteko

Errekaren Asteari hasiera eman zion Avis produkzioak enpresaren Ura eta erreka Deba ibarrean dokumentalaren estreinaldiak, astelehenean. Ekitaldian, Ingurumen zinegotzi Josu Peredak ibaiak zaintzeak duen garrantziaz egin zuen berba, besteak beste.
Peredaren arabera, Debak "oso bilakaera positiboa" izan du, eta Epeleko araztegia eraiki zenetik nabarmen egin du hobera. Hala ere, argi utzi zuen zaintzak segitu egin behar duela.
Era berean, urriaren 22ra arte Ura & hiria 2020 izeneko erakusketa dago zabalik Kulturateko klaustroan. MUko ikasleek egindako proiektuak erakusten dira han eta arratsaldez egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak