Arbolapetako gaztainondoa bota beharko du Arrasateko Udalak, "ahal bezain pronto"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 16a, 13:10

Arbolapetako gaztainondoa gaur ateratako argazkian.

Arrasaten arbola enblematikorik badago, hori Arbolapetako gaztainondoa da. 2007ko ekainean hasi zen gaztainondoa bere egoera kaskarraren zantzuak ematen eta ordutik Arrasateko Udalak neurriak hartu izan ditu gaztainondo "kutuna" ahalik eta ondoen mantentzeko. Baina arbolaren osasunak okerrera egin du nabarmen eta haustura arriskuagatik eta segurtasuna bermatzeko "halabeharrez" bota beharko dute, "ahal bezain pronto". Arbolapetakoaz gain, beste zenbait zuhaitz ere bota beharko dituzte. 

Udalak "etengabe" egiten duen inbentarioan jasota dauzka zuhaitzen egoeraren jarraipena: "Halaber, urtero hartzen ditu neurriak biztanleen segurtasuna zaintzeko asmoz, udazken amaiera- negu hasieran. Beraz, aurten San Josepen bost zuhaitz botako dira eta Arrasate pasealekuan beste zazpi. Horrez gain, Zaldibarren prestaketa lanak egingo dira etorkizunean zuhaitz batzuk kendu eta berriak landatzeko. Eta, azkenik, Arbolapetako gaztainondoa ere bota beharko da", jakinarazi dute prentsa ohar bidez..

Haustura arriskua

Udalaren arabera, "halabeharrez" bota beharko da zuhaitz enblematikoa: "Hainbat urtetan neurriak hartu dira gaztainondo kutuna mantentzeko, baina urtetik urtera bere egoerak txarrera egin du eta aurten ez da izango beste biderik: halabeharrez, bota egin beharko da".

Duela zazpi urte, 2007ko ekainean hasi zen gaztainondoa bere egoera kaskarraren zantzuak ematen: "Bi adar handi jausi egin zitzaizkion, etxearen fatxada aldera, arropa-esekitoki bat eta banku bat apurtuz". Orduan, txosten bat egin zen zuhaitzaren egoera zein zen jakiteko:"Txostenak adierazi zuen presako kopako murriztapena egin behar zela zuhaitza orekatzeko eta gero jarraipenak. Izan ere, espero zen adar berriak irtengo zirela eta denboraz hausturek sortutako zuloa betetzen joango zela". Ordutik ikuskapenak eta zuhaitzaren koparen oreka mantentzeko urteroko inausketak egiten dira.

Antracnosis onddoa

Hala ere, gaztainondoaren egoerak txarrera egiten jarraitu du Antracnosis onddoa da etsaietako bat, Udalaren arabera: "Urtero hosto guztiak lehortzen zaizkio, ekaina edo uztaila ingurutik aurrera. 2010eko irailean, berriz, tamaina ertaineko adar bat jausi zitzaion eta gaur egun zuhaitzak  hiru adar handi ditu. Esan, aurten adar horietako bat ez dela atera (lehorra dagoen seinale) eta, horren ondorioz, laster usteltze prozesua hasiko da, haustura eta jaitsiera arriskua ekarriz. Indiar-gaztainondoaren gaurko egoera ikusirik, halabeharrez hartu da orain arte saihestu gura izan den erabakia: zuhaitz osoa moztuko da ahal bezain pronto".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak