Hitzaldia, dastatzea eta lehiaketa, arrasatearren artean moxal okela sustatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 15a, 14:49

Moxal okelaren kontsumoa sustatzeko kanpainaren barruan, Arrasateko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu asteon. Bihar, eguena, hitzaldia eta pintxoen dastatzea egingo dute Kulturateko klaustroan eta zapaturako lehiaketa antolatu dute elkarte gastronomikoen artean. Baserritarren azokarekin batera antolatu dute lehiaketa eta 500 bat platertxo prestatuko dituzte herritarrei begira.

Ez da albiste berria Arrasateko Udala moxal okelaren kontsumoa indartu guran dabilela. Moxalen hazkundea errazteko neurri zehatzak hartu dituzte eta herritarrei zuzenean probatzeko aukera ere eman diete dagoeneko.

Iraileko baserritarren azokan, esaterako, moxal bat erre zuten burduntzian, ekintza oso arrakastatsua bilakatuz: "Jende mordoa etorri zen, 700 pintxo inguru banatu genituen. Beraz, balorazio ona egiten dugu. Gure asmoa da moxal okelaren kontsumoa sustatzea eta gutxienez 700 bat pertsonek dastatu izana gustura egoteko modukoa da. Gainera, kalean tril egin dot batzuekin eta esan didate errepikatu egin behar dela, ondo irten zen-eta", adierazi du ingurumen teknikari Pello Garaik.

Bihar hitzaldia eta dastatzea Kulturateko klaustroan

Orain urrats bat harago joan gura dute eta biharko, eguena, hitzaldia antolatu dute bi adituren eskutik. Batetik, Nafarroako Unibertsitateko doktore den eta bere tesia moxal okelaren inguruan egin duen Vicky Sarries Martinez ariko da berbetan: "Doktoretza-tesia egin du eta bertan ondorioztatu du moxal okela kalitate oso onekoa dela hainbat ezaugarrirengatik; ezaugarri horiek azalduko ditu hitzaldian. Dio oso aproposa dela haurrendako, helduendako, anemia dutenendako eta kirolariendako". 

Sarries Martinezen ondoan egongo da Amaia Diaz de Monasterioguren. Honakoa azalduko du dietista oñatiarrakm, Garairen arabera: "Zelan txertatu okela hau gure dietan. Horren osasuntsua baldin bada, zelan prestatu behar den, zenbatero... azalduko du". 

Hitzaldia amaitu ostean, moxal okelaz egindako pintxoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, klaustroan bertan. Lanbide Heziketako sukaldaritza ikasleek prestatuko dituzte pintxo horiek. Udalak berebiziko garrantzia eman dio biharko saioari; diotenez, modu zientifiko baten probatu dira moxal okelaren propietate mesedegarriak. 

 

Elkarte gastronomikoen arteko lehiaketa zapatuan

Hala ere, aste honetako ekintzak ez dira hor amaitzen. Zapatuko baserritarren azokaren barruan lehiaketa egingo dute moxal haragia oinarri hartuta. Oraingoz bederatzi elkarte gastronomikok ziurtatu dute parte hartuko dutela. Moxal ekologikoa prestatuko dute, Aretxabaletako Mendibitzu baserrikoa.

Elkarte bakoitzak 11:30ean eramango du moxal okela gisatu eran prestatuta. 12:00etatik 13:00etara epaimahaiko kideek gisatu bakoitza dastatuko dute eta 13:00etan egingo da sari banaketa. Inazio Azkarragaurizar alkateak banatuko ditu sariak; irabazleari plaka oroigarri bat emango diote eta gainerako parte-hartzaile guztiek Jakionen bertako produktuez osatutako saski bat eramango dute. Ondoren herritarrek dastatu ahalko dute okela; Udalak 500 platertxo prestatuko direla kalkulatu du; platertxo bakoitza euro eta erdian salduko da. AEKko langileak ariko dira platertxoak banatzen eta etekinak eurendako izango dira. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak