Asko esan eta idatzi da 1934ko urriko iraultzaz eta gertakari hark Arrasaten bertan utzi zuen arrastoaz. 80 urte bete berri dira eta aitzakia ederra da orduan gertatu zena gogora ekartzeko, handia izan zelako gertakari hark arrasatearren artean izan zuen eragina: "Errepresio bortitza, gerra egoera sei hilabetez, 200 herritar espetxeratuak edo ihes egitera behartuak, asko torturatuak, Union Cerrajerako 100 langile kaleratu... EAJren eta karlisten arteko harremanak erabat apurtu ziren eta amnistia eskaera eta presoekiko elkartasuna areagotu egin zen. Ondorio politikoen artean, Frente Popularraren sorrera ekarri zuen", gogoratu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Juan Ramon Garaik –Celestino Uriarte: Clandestinidad y Resistencia Comunista liburuaren egilea da, besteak beste.
Luzea da iraultzak utzi zuen izen propioen zerrenda, eta beraz, ezin lerro hauetan horien guztien gainean berba egin. Bi izen; batetik, garai hartan Union Cerrajerako zuzendari eta politikari tradizionalista zena, Marcelino Oreja. Enpresaburu eta politikari gogorra zenaren adierazle, honakoa esan zuen iraultzak eztanda egin aurretik: "Errepublikano batek nire lantegiko lurra zapaldu baino lehenago, belarra jan beharko du. Nire etxean ez dago ogirik ezta lanik ere horiendako". Arrasaten ez ezik, herritik kanpo ere botere handia zuen Orejak eta haren erailketak euskal politikagintza aztoratu zuen.
Oreja eta Uriarte, 'aurrez aurre'
Iraultzako beste izen propio bat izan zen Celestino Uriarte. Oreja –Jaime Mayor Oreja PPko politikaria haren iloba da– 1934ko urriaren 5ean erail zuten, Dagoberto Resustarekin batera, eta honakoa esan zuen Uriartek hilketa haren gainean: "Heriotza zigorra ezarri zidaten Orejaren hilketagatik. Nik ez nuen halakorik agindu, baina parte hartzaile aktiboa izan nintzen gertaeretan eta nire gain hartzen ditut egun hartan gertatutako ekintzak". Egungo Maala kalean erail zituzten Oreja eta Resusta, Herriko Etxearen ostean azokara ematen zuen horma txiki baten ondoan.
Esandako moduan, fiskalak heriotza zigorra ezarri zion Uriarteri mugimenduaren gidaria izan zelako, Oreja eta Resusta erail izana akusatu barik. Uriartek, beste batzuekin batera, ihes egitea erabaki zuen. Juan Ramon Garaik honela deskribatzen du Celestino Uriarte: "ELMAko langilea, militante politikoa, sozialista hasieran eta gero komunista, gizarte aldaketa sakonaren aldekoa. Beste arrasatear askorekin batera, 1934ko greba iraultzailean injustizia borrokatu eta Errepublika Soziala aldarrikatu zuena". Gertaera haiek lantzen dituen liburu bat ari da prestatzen Garai, Jose Chueca eta Jesus Gutierrezekin batera; Octubre de 1934 en Euskal Herria: "2.000 errepresaliatu baino gehiagoren izenak argitaratuko ditugu", aurreratu du.
Mendeku giroa nagusi
Josemari Velez de Mendizabal idazle eta ikertzaile aramaioarrak ere idatzi du 1934ko urriaren 5eko iraultzaren gainean: "Aurretik zetorren ezkerraren eta eskuinaren arteko gorroto eta ezinikusia, askoz handiagoa izan zen egun hartatik aurrera. Mendeku giroa nagusitu zen Arrasaten; iraultzan zuzenean parte hartu zutenen aurka oso gogor egin zuten eta horren aktiboak izan ez zirenei ere eragin zien".
Gainera, iraultzan erail zuten Orejaren semea ezagutzen du eta elkarrizketa ere egin zion duela bost urte: "Katolikoa, demokratikoa eta bekoki zabalekoa da, batekin zein bestearekin berba egiteko gai dena. Aita erail zuten lekua bisitatu gura zuen eta bisita gidatu bat antolatu genuen herri barruan zehar".