Iker Sarabia: "Korrika egiteko fisikoa ondo landu daiteke, baina psikologia zailagoa da, berezkotik du asko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 7a, 12:00
Iker Sarabia, taldeko maillotarekin, korrika egiteko gertu.

13 urte pasatu dira Iker Sarabia arrasatearrak (Gasteiz, 1976) zapatilak jantzi eta korrika egitearena serio hartu zuenetik. Ordutik hona, hamaika probatan hartu du parte, asfaltoan zein mendian, eta duela lau bat urtetik Arrasate Runners taldeko kide da: "Korrika egitea zaletasun dugun lagunarte bat gara, beste barik", dio. Mendiko proba bat antolatzen dihardute 2015eko apirilerako, eta, maila pertsonalean, azaroaren 30ean egingo den Donostiako maratoia du begiz jota.

Nola piztu zitzaizun korrika egiteko zaletasuna? Zer ematen dizu korrika egiteak? Eta zer kendu?

Orduan, Mondra futbol taldean ari nintzen laguntzaile moduan, eta beste barik hasi nintzen korrika egiten. Kirola ihesbide bat da niretako, eguneroko dinamikatik irteteko aukera ematen dit. Era berean, denbora mordoa kentzen dit eta eguna ondo antolatu beharra daukat entrenatzeko. 

Zein izan da zure ibilbideko lorpen handiena? Eta gogoratzen duzun lasterketarik gogorrena?

Hemengo lasterketetan hartzen dut parte, batez ere, eta nire lorpen handiena da Arrasate eta Oñati artekoan lehen arrasatearra izan naizela hiru alditan. Bestalde, aitortu beharra daukat proba askotan sufritu dudala;  Aloñako azken igoeran, esaterako, gaizki pasatu nuen. Erori egin nintzen eta min hartuta amaitu nuen. Horrez gain, egin ditudan maratoi guztietan asko sufritu dut.  

Zer nahiago, mendia ala asfaltoa?

Oso ezberdinak dira. Mendian paisaiaz gozatzen duzu, hemen bertan sekulako parajeak ditugu-eta. Asfaltoan, berriz, markaren bila zoaz gehiago eta hankendako askoz kaltegarriagoa da mendia baino. Nik denboraldia zatitu egiten dut: udaberrian eta udan mendian ibiltzen naiz eta udazkenean, ordea, asfaltoan. 

Urtea amaitu aurretik ze lasterketatan hartuko duzu parte?

Hainbat egingo ditugu, baina nire helburua azaroaren 30eko Donostiako maratoia da. Arrasate-Oñati, Behobia-Donostia eta beste lasterketa guztiak maratoirako entrenamendu moduan planteatuko ditut. Maratoian nire markara hurbiltzen eta ahal dudan heinean hobetzen saiatuko naiz. 

Maratoi baten fisikoaz aparte psikologiak ere pisu handia du, ezta?

Itzela. Iaz, adibidez, hipotermia    sintomekin hasi nintzen 25. kilometroan eta oso gaizki pasatu nuen proba amaitzeko. Halako egoeretan psikologikoki gogorra izan beharra dago, bestela ez zara-eta helmugara iristen. Hori bai, fisikoa entrena daiteke, baina burua askoz zailagoa da lantzeko; berez izan behar da burugogorra. 

Izan duzu lesio aipagarririk? 

Duela urte batzuk belauneko lotailua zaintiratu nuen eta pare bat hilabete geldi egotera behartu ninduen horrek. Gogorra izan zen, batez ere geldi egon behar izatea. Hori izan zen okerrena...

Azkenaldian nabarmen egin du gora asfaltoan zein mendian korrika egiteko zaletasunak. Zergatik?

Batzuk hasi ziren eta haiei jarraitu diete askok. Hori da, nire ustez, arrazoi nagusia, beste barik. Era berean, norberaren fisikoarekiko gurtza asko hazi da azkenaldian. Guztiok gura dugu fisikoki ondo egon, gorputza eta estetika sakratuak dira egun. Horregatik ere jende asko hasi da korrika egiten.  

Arrasate Runners taldeko kide zara. Nola eta zertarako sortu zen taldea?

Duela lau bat urte sortu zen Arrasate Runners. Hiru lagunek sortu zuten: Juan Pedro del Pozok, Fernando Nogalesek eta Josu Aldeak sortu zuten. Eurek sortu zuten taldea eta pixkanaka gainerakoak joan gara batzen. Ni taldea bera sortu eta gutxira batu nintzen, eta orain hainbat kide gara. Taldeko kide moduan ia 30 bat lagun gara, eta, horiez gain, beste askok ere Arrasate Runners-en maillota erabiltzen dute. Akaso, ez dira zuzenean taldekoak izango,  baina izango balira bezala tratatzen ditugu. Izan ere, Arrasate Runners taldeko kide izateko baldintza bakarra da korrikan egiteko zaletasuna izatea. Ez dugu elkarte izaerarik, lagunarte bat gara. Taldea sortu zenean korrikan egitea zaletasun dutenen artean lagun taldea sortzea zen helburua, eta egun ere horretan jarraitzen dugu. Denborak aurrera egin ahala, akaso elkarte moduan eratuko gara... Hori ikusteko dago, orain bertan lagunarte bat bakarrik gara. 

Korrikan bakarrik? Ala beste diziplina batzuetan ere aritzen zarete?

Badira batzuk bizikletan eta igerian ere aritzen direnak, baina gehienok korrikalariak gara. Asfaltoan zein mendian, baina korrikalariak. 

Denak zarete arrasatearrak? 

Arrasatearrak gara gehienak, baina ez guztiak. Aretxabaletako, Bergarako eta Oñatiko korrikalariak daude, besteak beste. 

Lasterketetan parte hartu duzue, oraingoz, baina entzun dut datorren urterako proba bat prestatzekotan zabiltzatela. Hala da? Ze lasterketa mota izango da? 

Bai, hala da. Arrasate Runners taldea bera, Eneko Urrizalki, Iban Aranguren eta Korrikan Trail dendako arduraduna ari gara antolaketa lanetan. Mendi lasterketa bat izango da eta asmoa da 2015eko apirilean egitea. Oraindik proiektu hutsa da eta lan handia dago egiteko, baina espero dugu errealitate bihurtzea. Aurrerapen moduan esan dezaket Udalatx igoko dela. 

Ezer gaineratu nahi?

Gura duenari taldeko kide izateko gonbidapena egin gura diot. Facebooken orrialdea sortuta dago (www.facebook.com/arrasate.runners) eta bertara idaztea nahikoa izango da gurekin harremanetan jartzeko. Animatu!  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak