Black Beauty: "Sugarballs-en agur kontzertuan erabaki genuen Black Beauty taldea sortzea "

Jagoba Domingo 2014ko urr. 7a, 00:00
Black Beautyko Gontzalo, Garfi eta Jontxu estreinako kontzertuan.

Arrasate eta Azkoiti artean arnasa hartzen duen taldea da Black Beauty; 70eko hamarkadako rock-and-roll eta hard-rock talde handien oihartzunak batzen dituen proiektua, hain zuzen. Josu Garfi arrasatearrak (Shaggy Daddy & the Troublemakers, Lost Souls, Los Galerna) Azkoitiko Sugarballs taldeko Uso, Jontxu eta Gontzalo-rekin indarrak batu zituen, Grand Funk Railroad, Led Zeppelin edo The Who taldeek erraietan eragiten dieten zirrara isilarazteko asmoz.

Nolatan sortu zen Arrasateren eta Azkoitiaren arteko lotura?

Duela urte nahikotxo ezagutzen genuen elkar. Uso, Jontxu eta Gontzalo-k aurretik Sugarballs taldean jotzen zutela, high energy rock-and-roll bezala ezagutzen dena egiten zuten; MC5, Hellacopters eta Turbonegro taldeen indarra riff eta erritmo klasikoagoekin nahastuta. Kontua da 2012ko abenduan Sugarballsek agurreko kontzertua jo zuela Azkoitiko Matadeixen eta Los Galernak haiekin jo genuen. Harreman handia zegoen ordurako guztion artean, eta, kontzertua amaitu bezain laster, Uso bateria-jotzailearekin 70eko hamarkadako rock estiloko zerbait egitearen bueltan jardun genuen. Izan ere, talde askori gertatzen zaien moduan, Sugarballseko taldekide batzuek musika alde batera uztea erabaki zuten, baina beste batzuek zarata egiteko beharra sentitzen zuten.

Beraz, jarraitu egin behar...

Bai, ordurako hirurek argi zuten musika egiten jarraituko zutela, eta niri betidanik gustatu izan zait 70eko hamarkadako rocka, eta abestea ere faltan igartzen nuen; beraz, Black Beautyra batzea erabaki nuen.

Lost Soulsen eta Sugarballsen arteko mutazio bat da?

Bietatik duela esango nuke. Lost Soulsek rock progresiborantz jotzen zuen, erritmo aldaketa asko, kantu luzeak... Sugarballs, ordea, klasikoagoa zen. Eta Black Beautyk bien arteko oreka bat lortu gura duela uste dut. Gontzalo-ren gitarra riffak ditu oinarri eta besteok horiei ekarpenak egiten diegu. Hasieratik kantu propioak egiteko asmoa izan dugu, eta horrela izan da. 

Nolakoa izan zen lokaleko lehenengo kontaktua? 

Egia esan, arraro samarra izan zen. Beti urduritasun antzeko zerbait sortzen da lehenengoz norbaitekin jotzera zoazenean; urteetan ezagutu arren, lehenengo aldiak urduritasuna sortzen du. Baina bost minutu pasatu  ostean eta anplifikadoreak berotu orduko dena martxan jarri zen. Gainera, Uso-k, Jontxu-k eta Gontzalo-k urteak daramatzate batera jotzen eta hori nabaria da, guztia ondo enpastatuta zihoan hasieratik.

Lehenengoa Matan, ezta?

Sugarballs hil zen oholtza berean jaio zen Black Beauty eta Los Galerna taldearekin egin genuen kontzertua ere. Iaz apirilean hasi ginen laukote bezala entseatzen eta abenduan izan zen lehenengo kontzertua. Zuzenean kantu propioek osatzen dute errepertorioa; oraingoz, bertsio bakarra jotzen dugu: Grand Funk Railroad taldearen Sin's a good man's brother. Kantu hori Lost Soulsekin egiten nuen, eta, besteei gustatu zitzaienez, egitea erabaki genuen, baina gure kantuak dira oinarria. Oraingoz, hiru kontzertu besterik ez dugu egin, Matadeixen, Donostiko Bukowsky tabernan eta Azpeitiko Zurten.

Orain, grabatzen zabiltzate. 

Bai, lokalean maketa bat grabatzen amaitu dugu asteburuan bertan. Kontua da zuzenekoetarako garrantzitsua iruditzen zaigula publikoari emateko zerbait izatea; hori da helburua. Guztiok batera zuzenean grabatu ditugu kantuak, ahalik eta azkarren egin eta ahal bada zuzeneko energia hori jasotzeko. Sei kantu grabatu ditugu, baina nahastu ostean, seguruenik, bost kantuko maketa kaleratuko dugu, emaitzaren arabera erabakiko dugu. Gero, gure asmoa da diskoak etxean grabatu eta banaketa gure kontu egitea, kontzertuetan, lagunei... Azken finean, gure lehenengo kantuak zabaltzeko helburuarekin grabatu ditugu kantuak, Black Beautyren lehenengo aztarna uzteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak