Maritxu badator, nahi baduzue etorri!

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 3a, 06:00

1977ko urriaren 5ean ospatu zen lehenengoz Maritxu Kajoi. Festaren aitatzat Pepe Txantxote "txikitero, saltsero eta gizon alaia" dute Komisiñoko kideek: "Hau [txikitoa eskuan zuela] Maritxugatik!" esan zuenetik eta herriko kuadrillak Maritxu hori parrokiako fatxadan kaxoi baten barruan zegoen Ama Birjina zela konturatu zirenetik, ia lau hamarkada pasa dira. Ordutik, hazten joan da festa, arrasatearrendako urteko egun kutunena izan eta bisitaria dotore janztera behartzen duen jai bihurtzeraino.

Egun luzea izango da parranda  egingo duenarendako, eta "polita" Komisiñoko kideendako. Goizean goiz suziria bota, Maritxu azpiko horma eta ingurua apaindu, lore eskaintza prestatu, eskapularioak saldu eta 20:30erako iragarrita dagoen mirarian Ama Birjinari lagundu; hori festaren egunean bertan, prestaketek dakarten buruhausteak aintzat hartu barik.

Badaude egitekoak, baina "gustura" egiten dituzte: "Eginbeharren bitartean eta ostean, lagunartean gustura egongo gara, dantza pixka bat egin, ondo jan eta ondo edan. Edozein arrasatearrek egiten dutena, jaia ondo ospatu!", diote Komisiñoko kideek. Uztailean hasten dira lehen bilerak egiten eta irailean ekiten diote lanari: "Kartela egin, eskapularioko gaia aukeratu... Hilabete baten dena gertu izaten dugu".

Nobenaixua, 1987a ezkero

Horrez gain, Nobenaixuan zein omendu ere erabakitzen dute: "Komisiñoak, urtero, herrigintzan ari den pertsona, talde edo eragile bati ematen dio inbutua, herriaren alde egindako lanaren esker ona adierazi eta euren ekarpena txalotzeko. SUDC eragile aktibo bat izan da beti, elkarte gastronomikoen bilgune izateaz gain, herri mailan ekimen mordoa antolatzen dituen gizarte eragilea da". 1987an egin zen Nobenaixua lehenengoz eta 1998ra arte urriko lehen zapatuan egiten zen, jaia berriro ere ospatzeko atzerako kontaketa iragartzeko. 1998a ezkero, egun handiaren aurreko egubakoitzean egiten da, festa badatorrela iragartzeko. Gazta eta ardoa barra-barra banatzen dira egun horretan.  

Zein izango da miraria?

Horixe da urteroko galdera, eta aurten ere Maritxuk bakarrik daki erantzuna: "Miraria egiteko lanak errazten dizkiogu, baina guk geuk ere ez dugu jakiten miraria zein izango den. Aurten gauza mordoa pasatu dira gure inguruan eta munduan, baina auskalo zerekin datorkigun aurten gure Herriko Plazako zaindaria".  

Miraria 20:30erako iragarri du Maritxuk eta ordurako gertu izango du dena Astondoa pirotekniak: "Maritxuren arkua petardo eta bengalekin dekoratzen dugu. Argiztapenerako eta inpakturako efektu piroteknikoak erabiltzen ditugu, jendea nahiko gertu egoten da-eta", adierazi dute arduradunek. Astondoak 30 urte baino gehiago daramatza miraria ikuskizun bihurtzen. Jaia gertutik ezagutzen dute, beraz: "Izugarri eskertzen dugu Arrasateko herriak gugan jarritako konfiantza. Egun handi horrekiko ilusioak gora egin dezala, jaia hazten joan dadin".  

Komisiñoa, erretratu eske

Aurten ere argazkiak jasoko ditu Komisiñoak, urriaren 12ra arte. Honako helbide elektroniko honetara bidali behar dira erretratuak: maritxuzaliak@gmail.com. Parte hartzen dutenen artean, bertako produktuz osatutako saski bat zozketatuko dute urriaren 16an; www.maritxukajoi.org webgunean jakinaraziko da irabazlea.

Helburua da horren berezia den egunaren artxibo on bat osatzea: "Animatu gura ditugu arrasatearrak argazkiak bidaltzera; kuadrillan, familian, lagunartean, lanean, atzerrian... Dokumentu politak izango dira etorkizuneko argitalpenetarako".

Gaur egun bazkaria egiten dute kuadrilla gehienek, baina badira ohitura zaharrari eutsiz afaria egiten dutenak ere. Elkarte gastronomikoetan, jatetxeetan edo etxe partikularretan izan, gaurkoa mahaiaren bueltan luze egoteko eguna da.

'Niri bost' eta kalabaza

Baina Maritxu Kajoi ez da helduendako festa bakarrik. Haurrek ere modu berezian ospatzen dute; eskoletan askotariko materialez egindako loreak egin ostean herritarren artean saltzen dituzte, adibidez. Gaztetxoek ere izango dute zertaz gozatu. Gazte txokoek, esaterako, Niri Bost lehiaketa antolatu dute aurten ere: "Gaztetxokeroak kalera irtengo gara elegante jantzita eta gogotsu. Maritxu Kajoiren, Arrasateren eta Euskal Herriaren gaineko  galderak erantzun beharko dira. Sariak ere izango dira. Parte hartu!".

Era berean, AEK-ko langileak kalabazarekin irtengo dira kalera; piezaren pisua zein den asmatzen duenak edo gehien gerturatzen denak, sasoiko produktuez osatutako saski eder bat jasoko du. 12:00etatik aurrera hartu ahalko da parte: "Zahar-Berriko teknikariaren lan dedikazioa mantentzea, aste bukaerako ekintzak eta euskaltegiko ekintzak prestatzea, Berbetan aldizkaritxoa kaleratzea, mintza taldeen jarraipena egitea eta hiztun berriei euskaraz bizitzeko bidea erraztea posible izan daitezen, diru sarrerak behar ditugu". Euria ohikoa bada ere, eguraldi iragarpen onekin dator aurten urteko egun dotoreena, Maritxu iturrira etorriko den eguna. Bartoloren antzera, nahi baduzue etorri zuek ere. Ondo pasa! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak