Bizikleta bide sarea osatzeko alternatibak ikusgai Kulturaten

Maialen Torres 2014ko ira. 23a, 15:40

Atzo hasi eta zapatura arte “Etxaluze-Musakola bizikletaz egiteko alternatibak” erakusketa izango da Kulturaten. Izan ere, Udalak “guztion artean diseinatutako bide sarea” osatu nahi du, eta horretarako, herritarren iritzia jasotzeko lanetan hasi dira dagoeneko. Arrasatearren esanak kontuan hartuz, bizikleta bidearen kokapena eta diseinua erabakiko dituzte, besteak beste.

Kulturateko klaustroan bildutako mapetan ikus daitezke dagoeneko eginda dauden zatiak, berrikuntza edo egokitzapenen bat behar dutenak eta, azkenik, egitekotan daudenak. Azken horiek hartzen dute garrantzia erakusketan, eta interesa dutenek astean zehar 17:30etatik 20:00etara eta zapatuan 10:00etatik 13:00etara izango dute gerturatzeko aukera. Gainera, tarte horietan udal teknikari bat izango da bertan, proiektuaren xehetasunak azaldu eta bisitarien zalantzak argitzeko.

Bizikleta bide sarea osatzeko proiektua oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailu motordunetako gidarien segurtasuna bermatzeko helburuz jaio zen, eta bide batez, euren arteko trabak eta istiluak saihesteko.

Etxaluze eta Musakola lotuko dituen bideak bi kilometrotik gorako luzera izango ditu, eta hari dagokion informazio guztia bost planotan bildu dute. Tarte bakoitzari dagozkion alternatiben balorazioa ere aurkezten da erakusketan, puntuazio bidez. Horrela, nota jarri diete, besteak beste, zati bakoitzak izango duen kostu ekonomikoari eta trafikoarengan zein oinezkoengan izango duen eraginari.

Tarte bakoitzak bere izaera

Bizikleta bidea hamazazpi tartetan banatu dute, bakoitzaren ezaugarrien araberako ibilbide diseinua finkatzeko. Horrela, hiru formatu aurkeztu ditu udalak. Horretarako nahikoa leku den kasuetan, espaloitik doan bizikleta pista izango da aukeretako bat. Bestela, bizikletek errepidetik joan beharko dute, kasu batzuetan banandutako eta babestutako bideetan, eta besteetan, errepidean bertan margotutako bide partekatuetan.

Hiru aukera horiek, ordea, diseinuaren oinarria baino ez dira izango, kasuan kasuko moldaketak egin beharko zaizkie, besteak beste, zabalerari dagozkionak. Errepidearen mailan doanetan, kontuan hartu beharko da, baita ere, bideak errepideari zati bat jango dion, edo orain aparkalekuak dauden tokitik joango den.

Erabakia elkarlanean

Joxe Etxeberria hirigintza zinegotziak azaldu duenez, bizikleta bidea “praktiko eta erabilgarri” egiteko asmoz, diseinua eta trazatua herritarrekin elkarlanean erabakiko dute.

Horretarako, mahai bat osatuko dute herriko eragile desberdinekin, eta bertan ahotsa izango dute besteak beste, eskolek, zikloturista elkarteak eta auzo alkateek. Dena den, mahaia norbanakoei ere irekita egongo da, eta horrenbestez, interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Etxeberriak azpimarratu du “herritarren inplikazioa ezinbestekoa” dela proiektuak aurrera egin dezan. Hori dela eta, erakusketan, udaletxeko ingurumen sailean,  943 25 20 09 telefono zenbakira deituta edo agenda21@arrasate-mondragon.net helbide elektronikora idatzita eman ahal izango da izena.

Ekimenaren helburua “herritarren hitza entzun eta jendearen nahia errespetatzea” dela esan du Etxeberriak, baina gogorarazi du azken erabakia Udalarena izango dela. Hilaren bukaerarako osatuko dute mahaia, eta Etxeberriaren hitzetan, legealdiaren amaierarako proiektuaren ezaugarriak eta eraikuntza lanen epeak finkatuta izateko asmoa dute.

Horrez gain, erakusketan bertan zein Udalaren webgunean tarte bakoitzaren diseinua erabakitzeko bozketa jarri dute martxan. Proposatutako aukeren artean erabakitzeaz gain, norberak bere alternatiba aurkezteko ekarpenen tartea ere eskaintzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak