Urteetan galduta egon den tradizio handiko erromeria herrikoia berreskuratzea duzue helburu.
Egia esan, ez dago dokumentazio handirik, baina badakigu 1950. urtera arte erromeria edo horrelako jai bat ospatzen omen zutela Igokunde egunean. Diotenez, Gazteluondo errebalean ere modu berezian ospatzen zuten, besteak beste, oilarra janda. Horregatik, bada, garai bateko tradizioa gurera ekarri gura izan dugu; era berean, Goikobalu edo gaur egun popularragoa den Santa Barbara izenarekin ezagunagoa den goiko espazio hori herrirako berreskuratzea inportantea dela uste dugu. Bi elementu horiek oinarri hartuta erromeria bultzatzen saiatu ginen iaz.
Iazkoak izan zuen arrakastak bultzatuta, egun osoko egitaraua prestatu duzue biharko.
Udalari eta herriko askotariko elkarteei aipatu genien aukera hori; eta egia esan, sekulako erantzuna jaso genuenez, irailaren bigarren zapatuan egin genuen. Gerora erabaki dugu hirugarren zapatua finkatzea Goikobaluko erromeriaren egun moduan.
Historia gainbegiratuta, Goikobalu leku estrategikoa izan da.
Guregana heldu da, ahoz aho kasik, han gaztelu bat omen zegoela eta uste dut galduta izan dugula gazteluaren existentziaren memoria. Gogoan dut ume garaietan kondaira bat moduan genuela, nahiz eta bertan egon Gazteluondoko errebala. XX. mende bukaeran Aranzadik ikerketa batzuk egin zituen eta orduan bistaratu zituzten gaztelu horren oinarriak. Badirudi X. mende inguruan Antso Abarkaren aginduetara eraiki zutela; Nafar Erresumako gobernantzarako azpiegitura izango zen, seguruenik.
Oraingoan ere, Udalaren eta herriko elkarteen laguntza izan duzue.
Hasieratik pentsatu genuen ezin zela bakarrik Zuztarrak Errotuz elkartearen ekimen bat izan, baizik eta herritarrekin batera egindakoa, are gehiago erromeria bat ez delako ikuskizun bat. Jaia herritarrek egin dutela esango nuke, ikusi besterik ez dago, elkarteen parte hartzea. Iazko esperientzia oso ona izan zen.