Ze balorazio egiten duzu orain arteko ibilbideaz?
Nerabe eta hezitzaile asko pasa dira gazte txokoetatik eta proiektu, eztabaida, tailer, eskulan eta elkarrizketa asko entzun eta ikusi dituzte bertako hormek. Garai baten nerabe izan zirenek orain euren hezitzaile izan zen bati kalean ikusi eta adierazten dion esker onak eta gordetzen dituzten oroitzapenak adierazten digute zerbait behintzat ondo egin dugula.
Zenbat aldatu da lan egiteko modua?
Gizartea abiada bizian doa aldatzen eta nerabeak izaten dira aldaketoi bizkorren erantzuten dietenak. Gu euren atzetik goaz. Gu aldatu gara, eta baita gure lan egiteko moduak ere. Ikasten eta aldatzen jarraituko dugu gure proiektu hezitzailea ahalik eta egokien gauzatzeko.
Ze mesede egin dizue duela hiru urte irekitako Gazteguneak?
Udalaren apustu garrantzitsua izan zen. Herrian nerabeen aisialdiak zuen hutsuneari erantzun zion eta gure proiektua beste esparru batean garatzeko aukera eskaini digu. Asko dugu hobetzeko, baina bide onean goaz.
Gogotsu ikasturte berrirako?
Bai. Nerabeekin lan egitea gogorra izan daiteke baina baita zoragarria ere. Nerabezaroa da bizitzako garairik sortzaileena; asko ikasten dugu eurekin. Ikasturte honetan San Andres eta Erguingo gazte txokoei dinamika berria eman gura diegu eta auzoko bizitzan eragin. Ekintzak nerabeekin batera erabakiko ditugu; seguru aurten ere zerbait berritzailea irteten dela!