14 postu egongo dira biharko baserritarren azokan. Arrasateko, bailarako zein Euskal Herriko beste txoko batzuetatik ere etorriko dira oraingoan ere. Azken horien artean dago lehenengoz etorriko den Nafarroako saltzaile bat: "Tipula gorria, Tolosako piper lehorrak, berakatzak eta Nafarroako arroza ekarriko ditu. Salmenta puntu hau ezagutu gura du", dio Garmendiak.
700 eta 800 pintxoren artean
Baina biharko protagonista nagusia moxal okela izango da, zalantza barik. Izan ere, Udalak okela hori ezagutzera emateko sentsibilizazio kanpaina abiatu berri du: "Orain gutxira arte herrian ezaguna zen moxal okela berreskuratu gura dugu", adierazi du ingurumen teknikari Pello Garaik. Okela nolakoa den dastatzeko moxal bat erreko dute burruntzian –gaur 22:00etan hasiko dira erretzen–, Seber Altuben bertan. 700 eta 800 pintxo artean banatuko dira (12:00) eta behorrak, moxalak eta zaldiak ere erakutsiko dituzte: "Gure mendietan dagoen ganaduaren ordezkaritza txiki bat ekarriko dugu".
Gainera, moxal okelaren bi lote zozketatuko dituzte erosketa bat egiten dutenen artean, eta hileroko zozketa ere egingo. Gainra, Ibai-Artekoek saskiak banatuko dituzte sarituen artean (13:15).
Okela "oso osasuntsua" da
Moxal okela, Garairen arabera, "oso naturala eta osasuntsua" da: "Mendian libre hazten dira eta okelak propietate mordoa ditu: gantz gutxi, proteina mota oso ona, burni kopuru altua... Hainbat medikuk gomendatzen dute haur, heldu zein kirolariendako; ona da digeritzeko".
Era berean, Garaik aurreratu du Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen barruan moxal okela izango dela produktu izarra: "Hainbat modu daude moxal okela prestatzeko", dio.