Manu Gomez: "Salaketa tresna erabilgarri moduan sinesten dut nik, zinemagintzan"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko ira. 15a, 10:22
Manu Gomez, Arrasateko zinegilea, zine jaialdi batean.

Eskarmentua du arrasatearrak zine arloan. Askotariko film labur eta luzeetan egin du lan. Azkenaldian sari asko jaso ditu Das Kind film laburrarekin. Ikasturte berrirako asmo handiak ditu.

Das Kind film laburrak errekor guztiak apurtu ditu.

Horrela da, bai, sekulako uda daramagu; dagoeneko mundu osoko hogei sari baino gehiago eskuratu ditu. Horien artean aipagarrienak honakoak: Italiako San Germano Film Festival-en nazioarteko film labur onena;  Islantillako Cineforum-en ere hainbat jaso genituen, besteak beste, film labur onenarena, gidoi onenarena, argazki onenarena; Argentinako zine eta bideo independenteen jaialdian ere nazioarteko film labur onenaren saria; Grezian eta AEBetan ere saritu gaituzte...Sari horiez gainera, aipatzekoak dira, era berean, nazioarteko 60 baino jaialdi gehiagotarako aukeratu izan gaituztela.

Sari guztiak dira ongietorriak, baina zein duzu minena?

Akaso, oihartzun handiena izan duena orain gutxi jaso dugun  Islantillakoa da; izan ere, film luzeekin lehiatzen ginen eta sorpresa etorri zen film onenaren saria, argazki onenarena eta zuzendaritza artistiko onenarena  eskuratu genituela jakin genuenean. Mundu osoko lanen artean zegoen gurea. Iowako Snake Alley jaialdikoa ere aipatuko nuke. 

Jaialdiz jaialdi ibili zarete, beraz, udan. Nolakoak dira?  

Orokorrean esanda, oso dibertigarriak izaten dira; egia esan, lana dela-eta ezin izan dut gura besteetara joan. Jaialdi bakoitzak du bere nortasuna eta berezia egiten duena. Anekdotak, pila bat. Zine jardunaldiak afari on batekin bukatzen dira gehienetan, antolatzaileak eta lehiakide guztiak batzen gara horietan. Lehiaketa askotan elkartu izan gara lehiakide asko, eta, horregatik, horietako asko dagoeneko lagunak ditugu. Lekuak ezagutu eta tokian tokiko gastronomiaz gozatzea dira niretzako Das Kind filmarekin egin ditugun bidaietako faktore erakargarrienak.

Labur esanda, zer kontatzen duzu?   

Das Kind-en asmoajaiotzaren giza poztasuna eta gizakiaren eraldaketaren  etorkizuneko ikara minutu gutxitan eta gertakari bakarrean kontatzea da. Madrilen filmatu nuen. Aktore protagonista New Yorkekoa da, beste aktore bat Suitzan bizi den galiziarra da eta hirugarrena, Bartzelonakoa. Dena alemanez izan zen; izan ere, XIX. mendeko Austrian dago girotuta. Hala ere, alemanez filmatu arren, bikoiztu egin genuen gero. 

Das Kind-en inguruan zerbait gehiago gaineratu gura baduzu...

Bai; irakurleei film laburra ikusteko proposamena luzatu gura nieke. Une honetan FIBABC  Espainiako eta Hego Ameriketako on line jaialdi garrantzitsuenean ari da lehiatzen. Jaialdiaren webgunean dago ikusi eta bozka emateko aukera. 

Labean sartzeko beste bi proiektu ere badituzu esku artean; horietako bat behin-behineko izenburua duen  El mar de Nur y Abir da.  

Palestinako bi neskatilari buruzko istorioa da; itsasoa ikusteko duten ametsa bere gura dute. Mendebaldekoendako horren sinplea den ideia hori Gazan bizi direnendako, berriz, ia ezinezkoa eta oso arriskutsua da. Aktoreei buruz, esan, profesionalak ez diren Palestinako edo beste herrialde batzuetako arabiarrekin lan egiteko asmoa dudala, egunero telebista kate guztietako albistegietan ikusten dugun errealitate gordin horren kontaketa ahalik eta  sinesgarriena egiteko helburuarekin. Salaketa tresna  erabilgarri moduan sinesten dut nik, zinemagintzan, eta Israel Palestinarekin egiten ari denaren  gaineko kontzientzia badugu,  zaila da besoak gurutzaturik izatea. Istorio hori pantaila handira eramateko izugarrizko gogoa dut, zinemaren bitartez bada ere, nire harri-koskorra ekartzeko. Marokon errodatuko dugu, baina data oraindik guztiz zehaztu barik dugu, beste lan-konpromiso batzuen menpe dagoelako.  Aurrez zuzendari-laguntzaile moduan errodatuko dut beste bat Buenos Aires eta Erroman; beraz, datorren urte hasieran espero dugu ekoizpena hastea.

Si me quieres escribir... da bestea.

Aurrez aipatutako El mar de Nur y Abir proiektuaren bidetik doa, salatzeko dudan obsesioarekin jarraitzen dudalako. Oraingoa, baina,  errepresio frankistarekin eta gaur egun oraindik existitzen den legatuarekin lotuta. Film laburraren ikuspegiak izaera esperimentala du; ez da ohiko errodajea izango, Espainiako gerra eta gerraosteko egiazko irudien gainean egingo dugu-eta lan. Aktorerik gabeko errodajea izango da baina oraindik zehaztu ezin  dizuedan nazioarteko aktore entzutetsuen ahotsak izango dituena. Proiektuaren berezitasunak kontuan hartuta, El mar de Nur y Abir lanaren ostean egiteko asmoa dut. 

Oditty Films produkzio-etxea ere sortu berri duzu Arrasaten. 

Ilusio ikaragarria dut proiektu horretan, nire lanak nik ekoizteko aukera emango didalako, baina, bereziki, ezin delako familiarragoa izan. Antonio Cancelo, koinatua; Aitor Luna eta Jon Gonzalez lehengusuak eta Eneko Rufino ditut bazkide. Bulegoa Arrasaten, nire jaioterrian, kokatzeak bereziki motibatzen nau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak