Nolatan hasi zinen eskaladan?
Duela lau urte hasi nintzen eskalatzen, 13-14 urterekin, gutxi gorabehera. Mendira joatea atsegin dut, eta, teknikarekin lotutako gauzak asko gustatzen zaizkidanez, probatzea erabaki nuen. Hala, rokodromora joatea erabaki nuen behin, eta, asko gustatu zitzaidanez, hala hasi nintzen. Ordutik gaur egun arte topera ibiltzen nahiz ahal dudan guztietan.
Zein modalitatean ibiltzen zara?
Eskaladak alderdi asko ditu, eta nik egiten dudana kirol eskalada da, zailtasunezko eskalada. Boulderra ere egiten dut, baina hau gogorragoa da, soka bakoa, eta nire modalitatean ongi ibiltzeko entrenamendu gisa bakarrik erabiltzen dut.
Aspaldikoa da Debagoienean eskaladarako afizioa dagoen ustea; hala da?
Bai, uste dut geroz eta afizio handiagoa dagoela bailaran. Haurrak umetatik hasten dira kirol hau praktikatzen, geroz eta lehenago hasten dira eta Aretxabaletan egin berri duten rokodromoan asko ibiltzen dira gaur egun. Nik, behintzat, geroz eta jende gehiago ikusten dut.
Txapelketetan ibilitakoa zara, baina jarraitzen duzu?
Hainbat txapelketatan hartu izan dut parte, azken aldiz duela urtebete. Hasieran, lehia gustatu zitzaidan, baina gero, ez ninduen guztiz konbentzitu. Gaur egun, nire airera ibiltzen naiz eta urtean behin Euskadiko Eskalada Txapelketan hartzen dut parte. Duela urte batzuk hirugarren postua lortu nuen eta beste behin, boulder modalitatean, bigarren postuan gelditu nintzen.
Non ibiltzen zara gehiago, rokodromoan ala aire zabalean?
Uda partean mendian ibiltzen gara, harrian, eta neguan, berriz, rokodromoan. Azken finean, arroketan sokekin ibiltzeko osagarri gisa boulderra ere egiten dugu, batez ere, indarra lortzeko eta teknika hobetzeko.
Zer behar da eskalatzaile ona izateko? Fisiko ona izatea nahikoa da ala zerbait gehiago behar da?
Kirol hau gustuko izatea ezinbestekoa da; edozelan ere, ona izateko ordu asko sartu behar dira, asko entrenatu eta oinarri ona hartu behar da. Jende guztiak uste du indarra izatea beharrezkoa dela, batez ere besoetan, baina hankek garrantzi handiagoa dute besoek baino, orekari hobeto eusteko. Nire ustez, motibazioa ere oso garrantzitsua da eta psikologikoki gogorra izan behar duzu altueran urduri ez jartzeko.
Zein duzu entrenatzeko leku gustukoena? Zergatik?
Araotzera joatea dut gustukoen; etxetik gertu egoteaz gain, leku ederra dela iruditzen zait. Baina Bizkai aldera ere asko joaten gara, Dima herriko Baltzolako kobazulora. Bi leku horietan asko ibiltzen gara, baina beste leku batzuetara joatea ere asko gustatuko litzaidake.
Kanpora joatekotan, nora joango zinateke eskalatzera?
Kirol eskalada egitera Greziara joango nintzateke, Kalymnosera edo Alemaniara bestela, Frankenjura. Sudafrikako Rocklandsera ere joango nintzateke, kasu horretan boulderra egitera, baina oso gustura joango nintzateke hiruretako edozeinetara, ahal izanez gero.
Oporrak eskaladaren inguruan antolatzen dituzu?
Ahal dudanean, beti hartzen ditut opor egun batzuk eskalatzera joateko. Aurten, Huescan egon gara hamar egunez, Rodellar herrian, eta Aste Santuan ere beti hartzen dugu eskalatzera joateko konpromisoa.
Zein duzu hurrengo erronka?
Egia esan, ez dut erronka espezifikorik. Batez ere, orain arte bezala, eskalatzen jarraitu nahi dut eta ikasketak direla-eta ea denbora kudeatzeko aukera dudan. Maila hobea lortzea ere asko gustatuko litzaidake. Hala, datorren urteari begira, pentsatu dut bide espezifikoren bat egitea…
Zein aurrerapen edo eboluzio kostatu zaizu gehien egitea?
Lehenengo zortzikoa egitea asko kostatu zitzaidan eta 8-A kategoriatik 8-B kategoriara pasatzeko bi hilabete luze egin ditut egunero entrenatuta. Aurrerapen ona izan da, baina gogorra, aldi berean. Araotzen hainbat kategoriatako sektoreak daude; 8-B mailakoa egitea lortu nuen Korea sektorean, eta ez zen lan erraza izan…
Egindako bide guztietatik, zeinek ase zaitu gehien? Zergatik?
Aurrez aipatu dudan Araotzeko 8-B bideak ase nau gehien orain arte. Bideak duen graduazioaz gain, dena naturala da, luzea eta polita da egiteko. Sekulako satisfazioa izan zen niretzat.
Eskalatzeak bere arriskuak izan al ditzake?
Arriskutsua izan daiteke, baina, azken finean, buru pixka bat izan behar duzu eta kontziente izan zertan ari zaren. Zure bizitza dago jokoan eskalatzen ari zarenean, eta aseguratzen zaituenarengan konfiantza osoa izan behar duzu. Horrez gain, erne egon behar duzu, eta kontuz ibili. Uste dut gauzak ongi eginaz arriskuak saihestu daitezkeela.
Eskalatzen gertatu zaizun arrisku momenturen bat?
Behin, hankak soka tartean sartu eta lurrerantz erori nintzen abiada bizian. Hori gertatzen denean, buruz behera gelditzen zara, eta lurretik metro batera gelditu nintzen. Hasiera batean, susto ederra izan zen, gero barrez hasi nintzen... baina hasieran zuri gelditu nintzen.