Arrasateko Udalak gogora ekarri duenez, duela 30 urtera arte Arrasaten eta inguruan ehunka moxal edo txiko hazten ziren. Batez ere Anboto-Tellamendi eta Udalatx tarte horretan behor talde ugari izaten zen. Gainera, ingurumen teknikari Pello Garaik azaldu du Arrasaten bertan bazela moxal okela saltzen zuen harategi bat, oso ezaguna, Iturriotz kalekoa. Horrek guztiak esan gura du, Garairen arabera, garai batean hemen moxal ugari zegoela, eta Arrasaten bazela moxal okela jateko ohitura.
Neurri zehatzak moxalen hazkunderako
Gaur egun, ordea, ia ez dago moxal hazkuntzarik Arrasaten. Gainera, Frantzia eta Italia aldera esportatzen da. Bertako moxal okela jateko ohitura galdu izana ulertzeko hiru arrazoi eman ditu Garaik. Lehena, moxalak mendian libre modu naturalean egoteak errepidera irtetea eragin duela, euren hazkundea galaraziz. Bigarrenik, uda partean egoten den ur faltak moxalak ur bila kanpora joatea; eta, azkenik, okelaren gaineko ezagutza falta.
Hiru arrazoi horiei aurre egiteko neurri zehatzak hartu ditu Udalak. Batetik, itxiturak, igarobide kanadarrak eta atakak jartzea moxalak alde egin dezaten. Era berean, ur faltarik ez egoteko ur-askak jarriko dituzte udazkenean eta, azkenik, moxal okela ezagutzera emateko sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute. Izan ere, Garaik azaldu duenez, moxal okela dastatzea merezi du: "Modu naturalean hazi eta elikatzen dira. Gainera, ikerketek diote oso osasuntsua dela; gantz gutxi, kalitatezko proteinak eta burdin asko dauka. Umeendako, nagusiendako eta kirolariendako gomendagarria da, erraz digeritzen dena". Horrez gain, "oso prezio onean" saltzen dela adierazi du ingurumen teknikariak.
Baserritarren azokan dastatzeko aukera
Sentsibilizazio kanpainaren barruan, irailaren 20ko baserritarren azoka izango da lehen geldialdi garrantzitsua. Azokan bertan moxal bat erreko dute eta 700-800 bat pintxo prestatu herritarrek dastatzeko aukera izan dezaten. Era berean, sei bat moxal, lau edo bost behor eta zaldi bat ekarriko dute azokara, arrasatearren ikus dezaten. Hori bai, Garaik argi utzi gura izan du azoka ez dela erakusleiho bat izango, "erosi eta saltzeko" plaza bat baizik.