Eider Etxeberria: "Egunerokoan ez gaude ohituta autonomoak izatera"

Garazi Aiesta 2014ko ira. 8a, 11:59
Eider Etxeberria, Arrasateko Arizmendi eskolako atean.

Eider Etxeberria (Arrasate, 1994) gaztea eta ekintzailea da. Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikaslea da Mondragon Unibertsitatean eta geldi egoten ez den pertsona horietakoa ere bada. Buruan beti dabil ideia eta proiektu berriekin bueltaka, eta ahal duen guztietan horiek aurrera ateratzen saiatzen da. Unibertsitatean Want S. Coop. enpresa sortu du, eta, agenda estua izan arren, tarte bat egin dio Goienari bere agendan.

Eider, nolatan erabaki zenuen LEINN gradua ikastea?

Bigarren batxilergoan nengoenean, inguruko guztiek euren bizitzak antolatuta zeuzkaten, bazekiten zer ikasi, zer egin. Ni galduta nengoen, argi baineukan gustuko zerbait ikasi gura nuela. Egia esan, LEINN ikastearen ideia aitak eman zidan, hark Oñatin hau ikasten ziharduten gazte batzuen gurasoak ezagun baitzituen. Han eta hemen galdezka ibili nintzen, baina, azkenean, hartu nuen erabakia. 

Zer azpimarratuko zenuke ikasketa hauetatik? 

Esango nuke oso ikasketa praktikoak direla. Unibertsitateko lehen egunean iritsi eta bi talde sortzen dira. Eta jarraian esaten dizute talde hori zure lau urterako taldea izango dela, enpresa bat sortu behar duzula horiekin, irabaziak lortu... Hasiera oso berezia da, ez gaude ohituta hainbesteko autonomia izatera.

Zergatik diozu hori?

Gaur egungo hezkuntzak eta kulturak hori erakusten digutelako.Ohituta gaude beti entzutera: "Egin hau, egin bestea". Nik anai-arreba gazteagoak ditut, eta hori oso argi ikusten dut. Eskolan ez diete uzten ezer egiten, ez diete aukeratzen uzten eta ez dute ikusten zer gustatzen zaien benetan, ez dago esperimentatzeko espaziorik. Eta orduan, esperimentatzeko aukera ematen zaienean ez dute nahi izaten: "Esan zer egin", "ez dakit zer egin, eta orain zer egingo dut?".

Zuk ere hori galdetu izan duzu LEINNeko ikasketetan?

Noski! Baina hango erantzuna beti da: "Hara, egin zuk ikusten duzuna". Eta orduan zalantza mordo bat datoz: "E? Nik? Nola egingo dut?". "It's up to you, zuk egin. Zuk ikusi eta probatu", esaten dizute. Kolpea zeuk bakarrik hartu behar duzu, inork ez zaitu horra bideratuko.

Hezkuntzaz ari garela, orain arlo horretako proiektu batekin zabiltza esku artean.

Hala da; enpresan, Aldatzen proiektua sortu dugu, eta ni horko alor batean nabil buru-belarri, Umeak aldatzen-en. Ume eta gazteekin gizartearentzako garrantzitsuak diren gaiak lantzea dugu helburu eskola edo udalekin elkarlanean. Horretarako, klase edo saio dinamikoak eta parte-hartzaileak sortzen ditugu.

Eta zeintzuk dira jorratzen dituzuen gaiak?

Beharretara moldatzen gara. Adibidez, Eskoriatzako Udalari galdetu genion ea herri moduan ze behar zeuzkaten. Haiek kontatu ziguten ume eta gazteek ez zutela herria errespetatzen: lorategiak eta zaborrontziak apurtzen zituztela... Orduan, guk jardunaldi batzuk antolatu genituen eurekin gai horiek lantzeko. Bailaratik kanpo Legazpin ere egin dugu proiektua, eta Zarautzen zerbait lotuta daukagu irailetik aurrera lantzeko. Bagoaz poliki-poliki.

Nolakoak izan dira emaitzak?

Gauzek bere jarraipena behar dute, luzeagoak izan behar dira, ezin duzu pentsatu behin zerbait eginda aldaketa bat sortuko duzunik. Gure kasuan, saioak egin eta gero irakasleekin biltzen gara gauzak nola joan diren ikusteko, eta esan izan digute aldaketa igarri dutela... Baina denbora luzeagoa behar da.

Denboran aurrera begiratzen badugu, nola ikusten duzu zure burua?

Karrera bukatuta eta nire taldearekin lanean. Gauzak gaizki egon arren, aldatu egin nahi ditut, eta taldearekin egin nahi dut hori. Hamalau gara Want kooperatiban, eta denok gara beharrezkoak aurrera egiteko. LEINNeko lehen promozioko talde batek batera jarraitzen du, TZBZ taldeak, eta nik erreferente moduan ditut. 

----------

Marra azkarrez...

Zure herriko txoko maiteena: Udalatx mendia. 

Postre gustukoena: Izozkia. 

Irakurritako azken liburua: Ez zitzaidan batere gustatu eta ez nuen amaitu, 50 shades of Grey

Esaera gustukoena: Ez gara ausartzen ez gauzak zailak direlako, gauzak zailak dira ausartzen ez garelako. 

Bizi izateko leku bat: Deba. 

Amets bat: Aldatzen proiektua bailarako eskola guztietan egotea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak