Eider Alustiza: "Hiztunen motibazioa euskalgintzan pil-pilean dagoen erronka da gaur"

Jon Berezibar 2014ko ira. 10a, 16:00

Alustiza, Arrasateko Emunen egoitzaren sarreran.

Erabileraren berebiziko gakotzat jo du euskalgintzak motibazioa. Euskararen ezagutzaren azken hamarraldietako hazkundeak talka egiten du erabileraren geldotzearekin.

Euskal hiztunaren profila ere errotik aldatu da eta euskalgintza estrategia, jarrera eta jokabide berriak esploratu beharrean da. Hortik jota, Moti+Batu  topaketa egingo dute Donostian eguaztenean eta eguenean. Adituen interbentzioekin lantaldeak egin eta motibazioaren askotariko saihetsei helduko diete. Unibertsitate, enpresa, erakunde zein hezkuntza alorreko kideek hartuko dute parte. Emuneko berrikuntza arloan diharduen Eider Alustiza antolaketako kide izan da. 

Motibazioa mantra berria bilakatu da euskalgintzan?

Gaia zabala da oso, benetan. Laburrean, erabileran areagotzeko motibazioan eragin behar dela esaten dugu. Gaia xehatzen hasiz gero, alderdi pila bat dago. Topaketan guk horietako batzuk planteatu ditugu, baina ziur asko askoz gehiago daudela. Euskalgintzako hainbat esparrutan egin da jada motibazioari dagokionez ibilbide bat, lan munduan, aisialdian... Horregatik, asmoa da gaiari xehetasun handiagoz heltzea, esparru askotako jendea elkartuz nork bere esperientziatik pauso gehiago emateko. 

Motibazioa oso psikologikoa da; esparru berria da hori euskalgintzan?

Esperientzia geroago eta zabalagoa da eta iritsi da puntu bat gauza sakonagoetan gaudena eta topo egiten dugu beste diziplina batzuekin, gizarte psikologia edo psikologia bera edo beste hainbat. Alor bakoitzetik probetxugarriena zaiguna hartzen dugu.

Agortuta daude gaur arteko estrategiak?

Euskararen erabilera datuek esaten digute orain arteko ibilbideak leku batera eraman gaituela eta badirudi tope batzuetara iritsi garela. Tope horiek gainditzeko zer egin behar dugun pentsatu beharra dago. 

Eta planik badago?

Egoera berrira egokitzeko gaiak birformulatu egin behar dira, gaur egungo euskaldunen profila ez da-eta duela 30 urtekoa. Hezkuntzan egin den politikaren ondorioz – D eredua – ezagutza handitu egin da eta datuek diote familia erdaldunetatik datozen  hiztunak gailentzen hasi direla, hezkuntzan euskaldundutakoak. 

Zer da "hiztun bezala legitimitatea ematea"?

Aipatutako formulazio berri horietako bat da, aztertzen ari dena. Planteatzen dena da ea hiztun berri batek hizketan hasteko pausoa eman dezan, guk hari legitimitatea aitortuz gero, ez ote duen urrats hori azkarrago egingo. Aitortza horrek hiztun berriari maila psikologikoan lagundu egiten dio. Niri gertatu zitzaidan, adibidez, bilera baten euskara ikasten zebilen pertsona batekin. Euskaraz trabatu egiten zen etengabe eta iradoki zuen agian onena gaztelerara aldatzea izan zitekeela. Nik ezetz esan nion, berdin zela hitzen bat gaztelaniaz esan edo akatsen bat egiten bazuen euskaraz jarrai zezala, arazorik ez nuela. Sekulako esfortzua zen beretzat, baina ahalegin hori aitortzen diozu. Sekulako zama kendu niola esan zidan, akatsak egiteko beldurra kenduta.

Hain zuzen, topaketan jarrerei buruz jardungo duzue, ezta?

Bai, baina gomendio edo gida bat egin barik parte-hartzaileen arteko esperientzia trukea izango da; guztion matraka baita motibazioaren gaia. Pil-pilean dagoen erronka da euskalgintzan. Talde dinamiken bidez elkarrekin zerbait sortzea da helburua.

Parte-hartzaileen zerrenda luzea eta askotarikoa da, hain zuzen ere.

Propio egin da; antolaketan Emun ez den bestelako erakundeetako lagunek parte hartzea nahi zen. Gai bakoitza dinamizatzen Emuneko kide bat eta beste erakunde bateko beste bat egongo da, gai zehatz horretan esperientzia duena. Administrazioko esperientziak daude, euskalgintzako elkarteena, irakaskuntza, psikologia, Osakidetza... Kataluniako esperientzia ere ekarriko dugu.

Jarraipenik izango du topaketak?

Emaitza argitaratu egingo dugu, azaldu moduan alor askotako esperientziak batuko dira-eta. Planteatzen diren irtenbideak argitaratu egingo dira. Berrikuntza irekia deritzon horretan egingo da topaketa. Emunetik saiatzen gara urtero proiektuaren bat horrela egiten eta erakundetik kanpoko parte-hartzaileen kolaborazioan datza hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak