Antonio Murillo zelakoa da?
Ez zaizkit etiketak gustatzen, baina esango nuke asko hitz egin eta hanka askotan sartzen duten pertsona horietakoa naizela.
Zein harreman daukazu sukaldearekin?
Gustura ibiltzen naiz sukaldean, baina emazteak nik baino esku hobea du eta hark esandakoari egiten diot kasu.
Zein da zure espezialitatea?
Bakailaoa. Pil-pilean eta ajoarriero erara prestatzen dut
Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?
Bakailaoa nirekin batera prestatzera. Sukaldea oso leku intimoa da eta ez dago hitz egiteko inguru hoberik.
Eta etsairik handiena zertara?
Ardo batera. 51 urtean ez dut ardo batera gonbida ezin dezakedan pertsonarik ezagutu.
Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan esertzea?
Familiarekin. Guretzat otorduak oso momentu bereziak dira, batez ere bazkalosteak.
Zergatik tabernari?
Betidanik gustatu izan zait jendearekin tratua izatea eta txikitatik erakarri izan nau tabernariaren lanak. Batzuek topo egiten dute euren lanbidearekin. Nik bilatu egin nuen.
Barraren zein alde duzu nahiago?
Barrualdea. Dudarik gabe.
Zergatik?
Barrualdetik dena ikusi eta entzuten da, eta dena duzu kontrolpean. Gainera, jendea hobeto ezagutzeko aukera ematen du.
Zer eman dizu ostalaritzak?
Bizitza ulertzeko modu bat eman dit. Ez nuke nire lanbidea beste batengatik inolaz ere aldatuko.
Zein beste tabernatan egingo zenuke lan gustura?
Upategi arduradun izango nintzateke, edozein tabernatan.
Kontsumo ohiturak aldatu dira?
Erabat. Lehen jendeak kalitatea eskatzen zuen, eta orain kantitatea da garrantzitsua. Pena da, tabernak bizitzaren onenaz gozatzeko tokiak baitira.
Etorkizunean, zer?
Jubilatu arte tabernan lan egitea gustatuko litzaidake, tabernari gisa ez bada, logistika arloan.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute...
Niretzat eta ingurukoentzat bizimodu on bat eskatuko nuke, ez dut gehiago behar.
Zure bizitzako anekdota bat?
Esku artean izan nuen lehen argazki kamera anaiari oparitu zioten jaunartzean, baina berak ez zion kasurik egiten eta nik erabiltzen nuen. Hortik datorkit argazkilaritzarako afizioa.
Ostalaritzan zer da ezinbestekoa?
Lan egin nahi izatea. Norberak bere aldetik zerbait jarri behar du beti, eta jende asko ez dago prest horretarako.
Damu zara..
Milioi bat gauza aldatuko nituzke, baina uste dut garrantzitsuenean asmatu dudala: emaztea, familia, lanbidea...
Zer errepikatuko zenuke?
Berriz ezkonduko nintzateke nire emaztearekin..
Zerk beldurtzen zaitu?
Gaixotasunak.
Lanetik etxera iritsi berri, zer egiten duzu?
Lehenengo sofara egiten dut salto, eta gero gerokoak. Egun gogor baten ostean deskonektatzeko modurik onena da.
Nora egingo zenuke ospa?
Kubako edozein txokotara joango nintzateke gustura.
Ze aholku konpartituko zenuke?
Prest egon behar da zoriontsu izateko, eta norberaren zoriona izan behar da helburu, gainontzekoenari begira egon gabe.
---------
Aukeran...
Lehen platera: Foie-a.
Bigarrena: Bisigua.
Postrea: Hostopila izozkiarekin.
Edatekoa: El Puntido ardo botila bat.