Uda hemen dela-eta, igarri duzu jende gehiagorik dabilen ahalik eta lasterren argaldu nahian?
Bai, jendea badabil. Baina ez da naturala pisua oso azkar galtzea. Elikadura mota aldatu behar da argaltzeko; gure jateko modua eta elikagaiak aldatu, baina urte osoan, bizi osoan. Eta jendea nahiko kontzientziatua dago elikadura ohitura onak izan behar dituela, gehienbat osasunarengatik.
Gogorra da, baina, bizi osoan elikadura zaintzea…
Bai, baina ez da garrantzitsua bakarrik estetikarengatik; osasunari begiratu behar zaio. Dena dela, bat izan daiteke argala eta osasun txarrekoa, eta badaude ere genetikoki pixka bat lodiak izan eta analitikak ondo dituztenak. Hori bai; denbora pasatzerakoan, beharbada, kolesterola edo beste zerbait neurriz kanpo izan dezakete.
Argal daiteke norbait bakarrik gorputzeko atal baten?
Elikadurarekin, ez; miraririk ez dago. Baina kirolarekin, gehiago lantzen badituzu hankak, bizikletan, korrika egiten… lehenengo hortik kenduko duzu. Elikadurarekin, gorputz osoan berdintsu galduko duzu.
Esaten dute ur asko edateak argaltzen laguntzen duela… Egia edo mitoa da?
Ikerketak badaude, baina ez dago ezer definitiboa edo fidagarria. Berlinen egin zuten ikerketa bat eta ondorioetako bat izan zen gehiago edaten zutenak gehiago argaltzen zirela, baina berez mitoa da sinismen hori.
Ur gehiago edaten baduzu, beteago egongo zara eta beharbada gutxiago jango duzu, baina berez urarengatik ez zara gehiago argalduko. Hori bai, ura edan egin behar da; egunean litro eta erdi nahikoa da.
Argal daiteke mota bateko elikagaiak erabat kenduz, dieta mota batzuek dioten bezala?
Bai, badaude modan halako dietak, baina ez dira batere osasuntsuak. Gure gorputzeko zelula guztiak daude karbohidratoekin, lipidoekin eta proteinekin eginda, eta ez du zentzurik hortik zer edo zer kentzeak.
Dieta horiek ze ondorio izan ditzakete osasunerako?
Ondorio asko, gaixotasunak, oro har: diabetesa eduki dezakezu, kolesterola… Segun ze kentzen duzun dietatik, gaixotasun batzuk edo beste batzuk izan ditzakezu.
Zuk ikusten dituzun pazienteen artean, zeintzuk izaten dira arazo nagusiak?
Ingresatuta daudenen artean, gero eta gehiago dira alergikoak, eta euren kezka nagusia izaten da janari bakoitzak hau edo bestea ote daukan. Beldurrez jaten dute, eta normala da.
Zergatik dago, bada, orain hainbeste elikadura-alergia kasu? Ala gehiago entzuten ditugu?
Ez, asko daude, gero eta gehiago. Zergatik gertatzen diren ez dago argi, eta ikerketa piloa egiten dabiltza. Batzuek esaten dute higiene larregi dagoelako; beste batzuek, adin baten ez ditugulako elikagai jakin batzuk dietan sartzen, beranduago sartzen ditugula… Baina ez dago argi.
Alergiak umetan hasten dira; adibidez, laktosari alergia edo intolerantzia diote. Horiek, batzuetan, 3 urtetik aurrera joan egiten dira. Beste alergia mota batzuk hauek dira: arrautzei, glutenari… azken hori bizi osorako da. Fruta batzuei alergia diotenak ere badaude, adibidez, kiwiari; edo arrainari, anisakisa daukalako… Horrelako alergiak daude gehienbat hemen.
Batzuek esaten dute ezin direla argaldu, arazo genetikoak dituztela… Egia edo mitoa da hori?
Alde genetikoak badu bere zeresana pisu kontuetan, baina horregatik ezin diogu elikadura-ohiturak aldatzeari utzi. Kontuan izan behar da ere zer jaten dugun eta zein ariketa fisiko egiten dugun; baina, bai, genetikak bere garrantzia du.
Beste batzuek diote adinarekin metabolismoa edo gorputza aldatu egiten zaiela eta nahi gabe gizentzen direla.
Bai, kasu batzuetan hala da; beste batzuetan, ez. Menopausian dauden emakume batzuei metabolismoa jaisten zaie, hormonengatik. Orduan, kaloria gutxiago erretzen dituzte.
Kaloria guztiak ez dira berdinak: zer esan nahi du horrek?
Karbohidratoek eta proteinek kaloria berberak dituzte, baina koipeek ia bikoitza daukate. Janari batek, segun ze elikagai dituen eta ze kontzentraziotan, kaloria batzuk edo beste batzuk izango ditu.
Txokolatea edo gozokiak goizez jaten baditugu errazago erretzen ditugu, eta errazago argalduko gara, gauean jaten baditugu baino. Egia da hori?
Erre egingo dira kaloria horiek guk erretzen badugu, ariketa fisikoa egiten badugu. Normala da gauean ezer ez erretzea, ohera joaten garelako. Beraz, kalorikoagoa den zerbait jan nahi badugu egunean zehar jatea gomendatzen da.
Modan jarri da ere gaixotasun zeliakoa ez dutenek gluten gabeko dieta egitea. Gomendagarria da hori edo ez?
Ez du zentzurik. Hainbat jende dietatik glutena kentzen hasi da, digestio-arazoak dituelako. Glutena kentzen dute, probatzeko, eta hobeto sentitzen dira, baina, glutena kendu dutenez, azkenean ez dakite zeliakoak diren edo ez.
Horrez gain, kentzen diren janariak zerealak dira eta beste zereal batzuekin ordezkatu behar izaten dira, eta horiek, normalean, ez dute hainbeste zuntz (fibra). Baina arazo larriena da glutena hartu beharko luketela zeliakoak diren edo ez diren jakiteko.
Asko entzuten den beste kontu bat honakoa da: behi-esnea txarra dela eta ez genukeela hartu behar; soja-edariak eta bestelakoak hobeak direla. Zer diozu?
Hori ere uste faltsua da. Hor ere, esne bako dieta probatzen du jendeak, eta batzuk hobeto sentitzen dira; gero, behi-esnea txarra dela esaten hasten dira, baina ez dago esnekiak txarrak direla eta ondorio hau edo bestea dutela esaten duen ikerketarik.
Esaten den beste gauza bat hau da: zergatik animaliek txikiak direnean bakarrik hartzen dute esnea, eta amarena bakarrik? Bai, baina gu ez gara animaliak bezala elikatzen, ezin da konparatu; gu pertsonak gara. Kaltzioa oso garrantzitsua da eta, esnekiak kentzen baditugu, kaltzio-iturri garrantzitsu bat kentzen dugu eta ez dugu gomendatutako adinako kaltzio hartzen.
Betidanik ezagutu dugun elikadura-piramideak oraindik balio du, hortaz?
Bai, bai. Berez, jarraitu egin behar da. Hori da osasunerako onena.