Raquel Alonso: "Kirola eta ohiko ardurak bateratzea zaila da, baina gustatuz gero, denbora ateratzen duzu"

Leire Kortabarria 2014ko abu. 8a, 00:00

Raquel Alonso, Arrasateko parrokiako arkupean.

Gasteizko triatloian, 40-45 urte artekoen kategorian podiumera igo zen Raquel Alonso arrasatearra, 3. postuan; eta sailkapen orokorrean 14. egin zuen. Moda-dendan atenditzen egoten da ahizparekin batera; ama da, eta horrekin guztiarekin bateratzen du kirola; eta ez du uko egiteko asmorik.

Gasteizera helburu jakin batekin joan zinen?

Ez; niretako ezuste handia izan zen lortutakoa –sailkapen orokorrean 14. egitea izan da niretako garrantzitsuena–; izan ere, joan den hilean Bilboko triatloia egin nuen eta pixka bat nekatuta eta koadrizepsa ukituta bukatu nuen hura. Gasteizera horrela joan nintzen eta, bukatu nuenean, jendeak esaten zidan: "Oso ondo egin duzu, beharbada lehenengo hamarren artean egongo zara!" Nik ez nuen inondik inora hori uste, eta sailkapena ikusi nuenean ezuste ederra hartu nuen; oso-oso pozik nago.

Nola ikusi zenuen proba?

Oso ondo. Landa primeran dago igeri egiteko, ez dagoelako olaturik ez korronterik ere, bakarrik algak zeuden leku batzuetan, baina ura ederra zegoen. Bizikletan ere oso ondo, Gasteizko triatloian haizea izaten delako arazoa, eta eguraldi bikaina izan genuen, haizerik gabe, eta zirkuitua ere ezagutzen dut. Eta korrika egiteko ere ondo, kale artean, jende piloarekin…

Denboraldia nola joan da?

Normalean, irailean hasten naiz maratoia prestatzen. Azken urtean hori egin dut. Gero urtarrilean hasten naiz triatloiarekin, eta bi edo hiru duatloi eta triatloia egiten ditut; udaberrian hasten dira eta gero udan ere egoten dira, eta aurten bi duatloi eta bi triatloi egin ditut, erdi ironman motakoak, eta gustura nago.

Denboraldiko lehenengo podiuma izan zenuen Gasteizkoa?

Urkuluko krosean ere podiuma egin nuen; horrez gain, bai, bakarra izan da. Iaz erdi triatloia egin nuen Getxon, udan; bizikletan aldapa handia zegoen, Gasteizen ez bezala. Nire lehenengo erdi triatloia izan zen eta bigarren egin nuen sailkapen orokorrean. 

Nola hasi zinen triatloietan, ze kiroletatik sartu zinen?

Nik beti igeri egin izan dut. Alaba izan nuenean, ordutegiak ez nituen ondo igerilekura joateko; ahizpak beti korrika egin du, eta berarekin hasi nintzen neu ere korrika egiten. Igerilekuan nengoen egun baten, Atxintxika Triatloi taldeko presidente zen Jose Mari Barrenak ikusi ninduen eta, ni inondik ezagutu gabe, "ez duzu inoiz triatloia egitea pentsatu?", galdetu zidan. Eta horrela hasi nintzen. Gero, urtebetetzean, senarrak bizikleta oparitu zidan eta orduan hasi nintzen horrekin ere. Oso gustura nabil. Aurten hirugarren denboraldiz egin ditut triatloiak.

Zer du berezirik triatloiak, bada?

Ekipoko jendeak esan zidan zaletu egingo nintzela, eta bai, hala da. Korrika egiten duzunean korrika bakarrik egiten duzu egunero; maratoia prestatzen bazabiltza, egunero korrika egitera irteten zara. Triatloia desberdina da, egun bakoitzean kirol bat egiten duzulako: gaur igeri, bihar korrika, etzi bizikleta… edo beharbada, bi kirol. Entretenigarria da.

Nola konpontzen zara entrenatzeko denbora egiteko?

Zaila da, baina zerbait gustatzen bazaizu, denbora ateratzen duzu. Ni, goizean, 07:00etan entrenatzen naiz; bazkaldu eta gero, alaba eskolara eroaten dut eta 14:00etatik 16:00etara beste bi ordu ditut entrenatzeko. Ahizparekin egiten dut lan eta berak asko laguntzen dit, senarrak ere bai, lagunek, amak… denok. Alabarekin eta lanarekin, esku asko behar dituzu.

Urte osoan entrenatzen zara?

Irailean hasten naiz maratoia prestatzen. Gero, abenduan, entrenamendu barik egoten naiz, hau da, ibiltzen naiz, baina etxeko lan gabe, nire kontura. Urtarrilean berriz serio eusten diot.

Abuztuan ere ibiliko zara?

Oporretan joango gara eta senarrarekin bizikletan eta hondartzan korrika egiten ibiltzen naiz. Baina modu erlaxatuan, presio barik.

Urtean zehar, non entrenatzen zara?

Korrika Arrasatetik Eskoriatzara egiten dut; bide horretan ibiltzen den jendeak ezagutzen nau dagoeneko! Igeri egitera Arrasateko igerilekuetara joaten naiz, eta bizikletan, Gasteizera, Osintxura… eta eguerdian. Astean zehar bizikletan entrenatzen naiz bakarrik, eta aste bukaeran, koinatuarekin eta senarrarekin.

Ze triatloi egin gurako zenuke?

Ez daukat bat bereziki gogoan. Ironman proba egitea, adibidez, oso gauza gogorra da eta ez daukat horretan sartzeko gogorik. Gasteizen proba egin nuen domekan, neuk bukatu eta gero, lagunak ikustera geratu nintzen eta, 180 kilometro bizikletan egin eta gero, maratoia egin behar zuten! 

Zure egutegiko hurrengo proba zein da, hortaz? Edo bukatutzat ematen duzu denboraldia?

Domekan nire buruari esan nion niretako amaitu zela denboraldia, baina gero igerilekuan egon nintzen eta ekipoko lagun batek esan zidan datorren astean Getxon beste triatloi bat dagoela eta ez dakit, ez dakit zer egingo dudan… Baina orain lasai nago, bukatzeko unea da. Eta senarrarekin, alabarekin… ere egon gura dut.

Emakumeendako zailagoa da maila baten kirola egitea, errekonozimendua lortzea…?

Tira; triatloian emakume asko gabiltza; duatloian, gutxiago, oso gogorrak direlako. Egia da, lasterketetan-eta, emakumeak gutxiengoa garela, baina jendeak asko animatzen gaitu eta, lasterketan ondoan gizonezko bat badoakizu, hark ere animoak ematen dizkizu. 

Kirola egin gura duten baina familiarekin, lanarekin… bateratu ezinda dabiltzan emakumeei zer esango zenieke?

Zerbait egitea gustatzen bazaizu, denbora ahal duzun lekutik ateratzen duzula. Niri kirola gustatzen zait eta 06:30ean jaikitzen naiz entrenatzeko, baina ez naiz lehena, 07:00etan irteten naizenean badagoelako talde bat Eskoriatzatik bueltan. Eta bai, gogorra da, baina pozoi bat bezalakoa da eta hasitakoan ezin duzu utzi.

Herrian jendeak ezagutzen zaitu, badu zure marken berri?

Bai; jende asko joan zen Gasteizera proba ikustera eta jendea niregana etorri izan da, oso ondo egin dudala esaten, eta hori asko eskertzen da. Egia esan, jendea animoak ematen ikustea hunkigarria da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak