Rafael Lechowski, gaur, Arrasaten: jazzarekin jantzitako kaleko poeta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko uzt. 19a, 12:00

Hego-Amerikan bira bukatuta, eta Katalunian hainbat kontzertu eginda dator Rafael Lechowski raperoa, gaur, zapatua, Arrasatera. Monterron parkean izango da, 22:30ean; doan (eguraldi txarrarekin Amaia antzokian). Oñatiko Pobresiak bikoteak zabalduko du kontzertua.

Jazza, kontzeptu poetikoaz nahastutako kontzertu bariatua egitera dator eta espazio zabal baten izatea interesgarria iruditzen zaiola dio, aurrez bere musika ezagutzen ez duten zaleak kaptatzeko baliagarriak dira-eta. Sarritan jo izan du Euskal Herrian eta gustuko du bertako publikoa: "Itxura baten publiko hotza, bihotzgabea dela dirudien arren, ikusten edo entzuten duzuena modu barnerakoiagoan bizitzen duzue. Anekdota bitxienak bertakoak ditut, gogoan dut kontzertuaren erdia dagoeneko eginda nuen batetan, publikoa horren geldo zegoela-eta, behetik ondo entzuten ez zela uste nuela. Baina ez zen horrela izan antza, zeren kontzertua bukatu orduko zale mordo bat etorri  zitzaizkidan emanaldiagatik zoriontzera, euren bizitzako kontzertutik onena izan zenaren itxura emanaz. Txoke handia da, baina ohituta nago urte askoan bizitoki izan dudan Aragoiko zaleen antz handia duzue. Publiko behatzailea eta lasaia bai, baina inondik inora ere sentimendurik gabekoa" kontatu du Rafael Lechowskik.

Jazz laukotearekin raperoa

Jazz doinuak erritmo hiritarrekin edo urbanoekin fusionatzen duen musika da Arrasateko Udalak,  Foru Aldundiaren Gaztemaniak programarekin bat eginda, Monterronera ekarriko duena. Tokian tokiko musikariekin egiten du lan; Monterrongo taularen gainean honako musikariak izango ditu lagun: jazz alorrean eskarmentua duten musikariek osatutako laukotea (Marco Mezquida, pianoan; Miguel Serna, kontrabaxuan; Gabriel Amargant, saxoan; eta Gonzalo del Val, baterian) eta, horiez gainera, DJ bat. "Jazz uneak daude, musikaz lagunduta rapeatutako uneak ere bai, eta baita errezitatutako poesia momentuak ere" dio abeslariak.

Ordubete eta erdi inguruko kantu zerrendak Donde duele, inspira diskoa eta Larga Brevedad liburua ditu oinarri. "Kantuen artean, martxoan argitaratutako liburuaren hainbat pasarteren moldaketa egiten ditut. Zuzenekoa, musikala besteko literarioa da, beraz. Show intimista, sentikorra, da; oraingoan ez dut publikoaren interakzioa bilatzen, haren hausnarketa baizik" gaineratu du.

Musikariak eta horien tresnez gainera, ez dute beste osagairik erabiltzen; argiek ere ez dute berezitasunik, entzuleek soinua besarkatzea dute-eta helburu.

Bat-batekoan, jaun eta jabe

Munduko askotariko herrialdeak izan ditu bizitoki, baina Zaragozan egin ditu urterik gehienak;  han eman zituen, musikalki, lehenengo pausuak. "Hip-hoparen etxea da Zaragoza eta horrela hasi nintzen ni ere, 13 urte besterik ez nituela igo nintzen lehenekoz agertokira. Geroago murgildu nintzen poesia eta beste alor batzuetan. Agertokian, lotsagabea izan naiz beti, konplexurik gabekoa, eta inprobisazioa oso garrantzitsua izan da nire ibilbidean. Momentuan sentitzen dudana esaten eta idazten dut beti. Asko zor diot bat-batekoari, asko ikasi dut-eta bertatik. Espektakuluetan beti izan ditut inprobisatzeko uneak, iraupen zehatzik gabekoak, minutu batekoak batzuetan, ordu laurdenekoak, beste hainbatetan" kontatu du.

Etengabe idazten duen poeta

Nerabea zela hasi zen idazten; aita hil zenean egunkari batetan jasotzen zituen orduko bizipen eta sentimenduak. Oinarrian, garai hartako idatzien antza dutela dio azkenaldian idazten dituenak; kutsu poetikoa duten idatzi pentsakorrak dira. Martxoan argitaratu zuen Larga Brevedad liburua da horren erakusle. Sekulako harrera izan zuen liburuak, 18 astetan Espainiako bost liburu salduenen artean izan da.

Datozen hilabeteetan, duela sei urte hasi zuen Quarcissus proiektua ateratzeko asmoa duela aurreratu du: "Literatura eta musika batzen ditu. Lan oso arraroa da, kontzeptu berri bat da; finean disko bat den arren, musikaz lagundutako narrazio luzeak dira. Kapitulutan argitaratzeko asmoa dut, proiektua guztiz amaitu gabe dudan arren".

Polonian jaioa, Espainian hazia

Poloniarra da izatez, lau urte zituenetik atzerrian bizi bada ere. Gurasoekin Alemaniara erbesteratu zen lehenengo eta Zaragozara joan ziren gero. Handik gutxira hil zitzaion aita, eta harrezkero, mikrofonoa eta idazluma izan ditu minen sendagarri.

Etxe-aldaketa ugariko bizitza gogorra izan du Lechowskik; hala ere, aitortzen du abertzaletasun sentimendurik ez izateak munduko hiritar izateko aukera eman diola.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak